Patroi berria ur nahasietan

2019ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Azken hauteskunde europarrek Europarlamentu zatikatuagoa eta anitzagoa taxutu zuten, lehenengoz berrogei urtetan popular eta sozialdemokratek ez baitzuten eserlekuen erdia baino gehiago eskuratu. Horrekin batera, kanpaina garaian immigrazioaren afera, aldaketa klimatikoaedota Brexit-a bezalako gai europar komunak nahiko presente egon ziren Batasun osoan zehar, intentsitate aldakorrean izan bazen ere.

Hauteskundeen biharamunean, honek guztiak Bruselan legegintzaldi konplikatua aurreikustea ahalbidetzen zuen: Ipar-Hegoa eta Ekialde-Mendebalde ardatzen araberako eragin aldakorrak dituzten Europa mailako gaiei aurre egitea gero eta zailagoa izanen da zatiketa parlamentario handiagoko Europarlamentu honetan. Azken aste hauetako kargu komunitario nagusietarako izendapenei buruzko negoziazioak eta emaitzak susmo hori baieztatzen hasi dira, bereziki Europako Batzordeko Presidentearen kasuan ikusi ahal izan dugun bezala.

Izan ere, Spitzenkandidaten mekanismoa guztiz alboratuta, Estatu eta Gobernuburuek Ursula Von der Leyen politika komunitarioan outsider-a den hautagaiaren alde egin zuten agintari politiko nagusiek. Honek Parlamentuko taldeen artean Kontseiluarekiko haserrea eta eszeptizismoa zabaldu zuen zeharka, eta sozialista eta liberalen eskakizunak barneratzen ahalegindu den programa bat diseinatu zuen arren, Von der Leyenek espero zitekeen baino askoz babes estuagoa eskuratzea eragin zuen. Gainera, dirudienez, lortutako gehiengoak barne hartu zuen Poloniako eta Hungariako ultranazionalisten babesa.Gauzak horrela, abiapuntu zaila du Batzordeko presidentea den lehen emaztekiak.

Izan ere, egoera ikusirik, bortz urteko agintaldi honetan malgutasuna eta oreka politikoak egiteko trebetasuna izanen dira erakutsi behar izanen dituen gaitasun nagusiak. Hasteko eta behin, abian den Batzordea osatzeko prozesuan bertan. Eta hauxe, Brexit-a nola gauzatzen den definitzen den bitartean.

Urriaren 31a da Juncker-en agintaldiaren amaiera eta Brexit-erako epemuga. Boris Johnson lehen ministro britainiar hautatu berriak data horretan Europar Batasunetik «edozein baldintzatan» ateratzearekin bere «konpromiso osoa» berretsi berri du. Azaroaren 1ean da kargua hartzekoa Von der Leyen. Bere ustez, lortutako akordioa ona da eta Brexit-a ordenatuki gauzatu behar izanen litzateke, kontrakoak ondorio larriak ekarriko lizkiekeelako alde biei, eta bereziki Irlandari. Baina azkenean akordio ezaren eszenatokia nagusitzen bada, proportzio itzelezko lurrikararen erdian lurreratu behar izanen dira Von der Leyen eta bere taldea, eta horrek guztiz baldintzatuko luke aurkezturiko lan-lerro nagusiak jorratzea.

Agenda ekologista, soziala eta feminista eta Batasunaren birsorkuntza demokratikoa aurkeztu zituen agintaldiaren ardatz gisa Von der Leyenek, sozialista eta liberalen proposamen ugari onartuz eta horren ondorioz alderdi popularreko zenbait sektoreren artean kezka sortuz. Baina asmoek sinesgarritasun eta inplementazio arazo handiak dituzte.

Klima aldaketaren aurkako borrokari dagokionez, CO2 isurketak murrizteko eta energia iraunkorren aldeko inbertsio mardula ziurtatzeko «Akordio Berdea» proposatuko duela agindu du, segur aski Alemanian bertan eta bertze herrialde europarretan izandako boto berdeen gorakadari eta ingurugiroaren aldeko gazte mugimendu transnazionalari erantzuteko asmotan. Hasteko, proposaturikoak ez luke Pariseko Akordioa beteko. Gainera, garrantzi handiagoa dute aipatu ez dituen aferek: Nekazaritza Politika Komuna, zeinaren neurri gehienak ezin diren egokitu aldaketa klimatikoaren arintze ahaleginari; erregai fosiletarako dirulaguntza publikoen indargabetzea; abiazioari zerga berdea ezartzea edota garraio eredu europarra birplanteatzea, bertzeak bertze.

Amaitzeko, «kapitalismo berde» hori martxan jartzeak orain arte Batzordeak enpresa kutsagarri handiekin izandako hartu-eman estua bertan behera uztea esan nahiko luke, eta ez dirudi hamarkadetako ingurumen-inakzioa erakutsi eta gero orain bat-batean aldaketa egonen denik.

Maila sozialean Von der Leyenek, errate baterako, batasuneko herrialde guztietan gutxieneko errenta sortzea derrigortzea edota langabeziaren aurkako neurriak ezartzea planteatu du; proposamen interesgarriak izaki ere, estatuen eskumenak eta alor horretako orain arteko ibilbideak ez du ahalbidetzen lorpen espektatiba handirik. Are konplikatuagoa aurreikusten da immigrazioaren gai larri bezain gatazkatsuaren kudeaketa, presidente berriak jarrera humanista nabarmenarekin mahaigaineratu badu ere. Eta bertze hainbertze emakumeen eskubideen defentsaren alorrean, parlamentuan jarrera kontserbadore askotarikoek duten pisua ikusita.

Bertzalde, liberalak asebetetzeko 2020rako iragarritako Europako etorkizunari buruzko konferentziak birsorkuntza demokratikoaren bidea zabaltzeko xedea luke printzipioz, baina ikusteke dago Brexit-aren ostean zer-nolako testuinguru politiko eta ekonomikoa dagoen.

Laburbilduz, Von der Leyenek bere hitza betetzeko, egoera idealenean ere eginkizun arrunt zaila luke aitzinean, geometria aldakorra erabiltzen saiatu arren. Segur aski bizi behar izanen dituen faktore aldakor askotariko garai konplexuetan, beraz, lan titanikoa luke, eta horregatik, egingaitza. Gauzak horrela, kasurik hoberenean, patroi berriak ur nahasietan ontzi komunitarioa azalean mantentzearekin konformatu behar izanen du, lema galdu gabe. Proiektu europazalean sakontzeko helmugarantz nabigatzea aitzinagorako geratu behar izanen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.