Egin dezagun arraun, denok eta batera

Ander IƱarra Olaziregi
2022ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Uztailaren 14an, Martxel Toledo Garmendiak BERRIA egunkarian argitaratutako iritzi testua irakurri ondoren, gogoeta egitea erabaki dut. Besteon iritziaren eske zebilen sare sozialetan, eta, gaiak interesa pizten didanez, zer edo zer idaztea erabaki dut. Erantzunak baino gehiago, galderak ditut nik. Ea norbait gehiago animatzen den eztabaidara.

Denok traineru berean goaz, baina patroia falta zaigu.

Euskaldunak gara, bai, baina ez espainolen edo frantsesen oso ezberdinak. Orokorrean, hango gizartean bezala, hemengoan ere bakoitzak bere zilborrari begiratzen diogu.

Batzuek boga eta besteak zia.

Agintariek Tourra eta Vuelta ekarriko dizkigute, bai, baina zein helbururekin? Euskadi Basque Country izena munduan zehar zabalduko dute. Eta izana? Gure herriaren zein irudi salduko dute? Abertzaletasunaren aldeko adierazpenak egin bai, baina ez dira ekintzetara pasatzen. Noiz jasoko dugu erakundeen aldetik ofizialtasuna, eta erabakitzeko eskubide edo halako gaien aldeko ekimenen babes ofiziala? Eta ez politikarien aldetik bakarrik, federazioen aldetik ere berdin ikusten dut gaia.

Tourra, Vuelta, Eurokopa edo Munduko Pilota Txapelketa, ikaragarrizko erakusleiho ditugu gure aldarriak egiteko, bai, baina agintariei gaiaren inguruan gehiago bustitzeko eskatzeaz gain, askoz ere herritar gehiagok hartu beharko genuke parte aldarrien aldeko ekimenetan. Ez da aberri edo ofizialtasunaren aldeko grina handirik ikusten. Gauzak egiten dira, bai, baina beti betikoek egiten ditugu, eta gizartearen zati txiki bat besterik ez gara. Jendearen inplikazio handiagoa behar da ikusgarritasuna emateko.

Eta kirolarion aldetik ere, bada, denetik dago. Kirolarien gehiengoak Espainiako eta Frantziako selekzioekin lehiatzeko hautua egiten du. Noski, egia da kirolari guztion egoera ez dela berdina, eta kirol guztiek behar desberdinak dituztela. Kirolari batzuek haien kirol ibilbidea dute jokoan. Beste batzuek, aldiz, ez. Baina finean, aberria lehentasunen zein mailatan jartzen dugun da gakoa. Agian, ez dut euskal selekzio ofiziala ezagutuko, baina gure ondorengoei bidea errazten saiatuko naiz.

Arraun eta arraun ari gara, baina, batera egiten ez badugu, ez gara urrutira iritsiko.

Egiari zor, euskaldunok fronte asko ditugu zabalik; ofizialtasuna, erabakitzeko eskubidea, euskal presoak, AHT, basoak, gaztetxeak... Agian indarrak oso sakabanaturik ditugu? Gu ere bai! ofizialtasunaren aldeko ekimena ere hortxe dugu.

Gure herriaren izenarekin eta ereserkiarekin ados jartzen ez garen garai hauetan, benetako iraultza bat behar dugu. Gizarte osoa inplikarazi, eta guztiok batera arraun egin. Eta momentu egokian izan behar du, olatua hartu ahal izateko; bestela, zuloan geldirik geratuko gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.