Abuztuak 15, Askatasunaren eguna

2019ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Herriak lurralde jakin batean bizi dira, eta bertan sortzen eta garatzen dituzte euren historia, kultura eta hizkuntza. Herriak estatuen eta gobernuen aurrekoak dira politikan, eta estatu eta gobernu horiek legez eratzen dituzte.

Herriek ez dute besterik gabe euren lurraldea zatitzen, ezta beste herri batzuen esku uzten ere; ez diete uko egiten beren kabuz eratutako instituzio eta gobernuei.

Euskal herria mende askoan bizi izan da lurralde hauetan; bertan garatu ditu, mendeetan, historia, kultura eta hizkuntza propioak; bertan sortu zituen bere instituzioak eta herriaren esanak betetzeko gobernuak. Nafarroako Erresuma izan da herri honek inoiz izan duen botere instituzionalik gorena.

Zoritxarrez, gure herria zatiturik dago; gure instituzioak suntsituak daude; haien ordez, bi estatu menperatzaileen esanetara dauden erakunde batzuk besterik ez dugu. Okerrena, ordea, gure arrazoiaren suntsiketa ikaragarria da. Kolonizatuak gaudela diogunean, ez gara huskeria batez ari, gure lurraldeaz gain burua ere kolonizatu digute eta.

Egoera larria da: gero eta asimilatuagoak gabiltza, ez dugu ikusten gure herriaren zatiketa, lurralde ezberdinetakoek bezala jokatzen dugu, ez da ikusten etsaiak indarrez zatitutakoa lotuko duen erreferentziarik. Era berean, nekez ikusten dugu herri hau bat dela eta hau ez dela ez Espainia ez Frantzia indarrez oihukatzen duen ahotsik; entzun behar genukeenaren kontrakoa gero eta gehiago ari gara barneratzen. Izan ere, egunerokotasuna horretan datza: ikerketak, txostenak, turismo gidak, eguraldiaren mapa, kirol informazioa, estatistikak, dena dago Espainiak eta Frantziak nahi eta betearazten dutenari egokituta; otzanduak gaude.

Zerk eragin du euskal herriaren zatiketa eta berezko instituzioen galera? Erantzunak erakutsiko digu zein den herriaren batasuna eta botere instituzionala berriro gure eskuetan izateko bidea.

Indarra erabili dute herri hau dagoen egoera ahulera ekartzeko, eta indar metaketa erabili beharko dugu, herriaren indarra, askatasuna berreskuratzeko.

Indar ideologikotik hasi beharko dugu, noski; ideologia da estrategiko bihurtu dezakegun eremua, gure bizkarrezurra, gure ardatza, ez baitago askatasuna lortzeko grinarik noizbait aske izan ginelako eta askatasun hori indarrez kendu zigutelako kontzientziarik gabe. Hori gabe ezin dugu diagnostiko egokirik planteatu.

Gatibu batek ez du inoiz bere jabearengandik askatzea irrikatuko ez badu bere burua aske mantentzen. Gatibu izanda ere, barrutik aske izateak, zeure burua inork ez duela oraindik menperatu ongi errotua izateak, babesa eta duintasuna ematen du trukean.

Estrategia hitza aipatu dut, eta bada politikan estrategikoa zer den oso argi adierazten duen esaldi bat: «Estrategikoa da giza harremanak aldatu eta erabakien zentraltasuna norbere instituzio propioetan jartzeko gai den mugimendua».

Herri ekintzailea izan gara, gauza asko jarri ditugu abian, baina guztiak suntsitu dizkigute, erabakien zentraltasuna beste nonbait zegoelako. Badugu oraindik indar ideologikorik, ez gaituzte erabat suntsitu, baina, indar hori galduz gero, ezin izango dugu ezer berririk eraiki, ez baitugu desiratuko ere. Premiazkoa da, hortaz, ideologia estrategikoki babestea, horretarako gai izango diren gure instituzio propioak sortuz.

Instituzioek, gizarteen jokabideak erregulatzeko, hainbat mekanismo erabiltzen dituzte; kognitiboa da horietako bat. Zutabe kognitiboaren bidez lortzen dute jokabide «normalak», ongi ikusiak direnak, babes soziala dutenak zeintzuk diren definitzea. Gaur, zoritxarrez, usteznormalak diren jokabideak gureak ez diren instituzio batzuek erregulatutakoak dira. Hori da irauli behar duguna: guk markatutako jokabideak bihurtu behar ditugu «normalak», gizarteak egokitzat dituenak; zentraltasun propioa berreskuratu behar dugu, «gu» nor garen eta «haiek» zeintzuk diren ongi definituz.

Denbora luzez atzera egin gabe, oso argi genuen nor zen «gu» eta nor zen «bestea», nor zapaltzailea eta nor zapaldua. Gaur marra hori oso lausotua dago, zapalkuntza bera ere ikusezin, sentiezin bihurtu digute, eta horrek zaildu egiten du askatasunerako bidea.

Gaitz bat sendatzeko, beharrezkoa da diagnostiko egoki bat egitea, horrek erakutsiko baitu zeintzuk diren gaixotasuna sendatzeko neurririk eraginkorrenak.

Herri okupatu bat garela barneratu behar dugu, ez garela egoera demokratiko batean bizi; egunero ikus ditzakegu egoera hori deskribatzen duten adibideak, erabakiak Madrilen eta Parisen hartzen baitituzte; horra hor gure gaixotasunaren diagnostikoa.

Askatasuna desiratu egin behar da, eta, ondoren, lortzeko bide egokia aukeratu. Diagnostiko horrek sustatuko du independentziarako desioa, baita lagundu ere gure indarrak eta etsaiaren indarrak zehazki determinatzen, ondoren independentziarako estrategia egoki baten diseinua egiteko: borroka nola eta noiz egin jakiteko eta irabazle garen eremuetan planteatzeko.

Kontzientzia hori indartzea ezinbestekotzat dugulako aukeratu dugu aurtengo leloa: Nafarroako Erresuma da euskal herriaren estatua.

Herri bat izateari dagokion berezko autodeterminazioa edo independentzia barneratu behar dugu, baita euskal herriaren estatu historikoaren jarraipena ere; izan genuen eta hor dago, bahitua bada ere; ez diogu inoiz uko egin.

Euskal herriak autodeterminazio eskubidea du; Nafarroako Erresuma, euskaldunon estatua, indarrean dago. Horra hor askatasuna lortzeko estrategian funtsezkoak diren bi zutabe.

Zatoz Pasai Donibanera abuztuaren 15ean eta konpartitu gurekin bi printzipio horiek bertan antolatuko dugun ekitaldi politikoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.