COP26

Nazioen erakusleihoa

Estaturik gabeko Europako nazioetako ordezkariek klima larrialdiari aurre egiteko daukaten zeregina aldarrikatu dute COP26n, estatuek sarritan aintzat hartzen ez dituztela iritzita.

Nafarroako Gobernuko presidente Maria Txibite eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburu Arantxa Tapia, atzo, Glasgown. I. PETXARROMAN.
inaki petxarroman
Glasgow
2021eko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Erakusleiho bat da COP26 biltzarra. Munduko herrialderik kutsatzaileenek lotsa handirik gabe paratutako standetan harro azaltzen dituzte euren buruak. Brasilen etorkizun berdea dio, harro, Jair Bolsonaroren agintaldiak Amazoniaren deforestazioa muturrera eraman duen gobernuaren standeko leloak.

Handik ez oso urruti Saudi Arabiak bere dohain berdeak aurkezten ditu, negoziazioetan lobby petroliozalearen blokeoa aurrera daraman bitartean. Atzo jakin zen, adibidez, petrolio enpresek eta lobbyek gutxienez 503 ordezkari bidali dituztela Glasgowra. Euren zeregina izango da, jakina, hartzen diren neurriek ahalik eta kalte gutxien eragitea erregai fosilen eta petrolioaren negozioari.

Zuhaitzik gabeko oihan bat ere bada, neurri batean goi bilera. Era guztietako eta mundu osoko ordezkarien, kazetarien eta enpresarien emana etengabekoa baita egun osoan. Aurtengo klima aldaketari buruzko goi bilera honek inoizko arretarik handiena jaso du hedabide eta ordezkarien aldetik. 25.000 lagun inguru igaroko dira, era batera edo bestera, Glasgowko Scottish Event Campuseko gune urdinetik eta ondoan den Glasgow Science Centerren gune berdetik. Jendetza horren joan- etorriak mugatu dituzte Erresuma Batuko Gobernuak COVID-19ari aurre egiteko hartutako neurriek. Instalazioetara sartzen diren guztiek antigeno test negatibo bat erregistratu behar dute ezinbestean. Instalazioetara sartzeko prozedurak mantsotuz.

Oihanaren erdian, estatuetako agintari eta multinazionalen boterearen itzalpean, euren burua agerrarazi nahi izan dute estaturik gabeko nazioek ere. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak euren taldea bidali dute COP26ra. Gobernuez haratago,EH Bilduk ere ordezkaritza zabala bidali du goi bilerara.

Maria Txibite Nafarroako presidenteak arratsaldean parte hartu behar zuen Eskoziako eta Kaliforniako (AEB) gobernuek antolatutako konferentzia batean. Bertan Europako Batasunak lagundutako Life Nadapta programa aurkeztu zuen. Itziar Gomez Ingurumen kontseilariarekin batera, buru zuen ordezkaritzak nabarmendu zuen Nafarroak baduela klima aldaketari aurre egiteko legea —aurtengo irailean onartua—, eta ordua dela helburuak gauzatzen hasteko. Tokiko erakundeen zeregina ere azpimarratu zuen Txibitek, eta gaineratu, Nafarroaren kasuan, industria sektoreak duen pisua aintzat hartuta, xedea dela sektorea trantsizio horretako lehen lerroan jartzea.

Hitzaldien arteko etenaldi batean topo egin zuten atzo Txibitek eta Arantxa Tapiak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak. Lau egun pasatu ditu Tapiak Glasgown, estaturik gabeko nazioetako eta eskualdeetako ordezkariekin elkarlanean. Txibitek bezala, Tapiak ere industria izan zuen hizpide: «Gure kasuan industriarekin ari gara ikusten ea zer egin dezaketen, isurketen ia erdiak beraiek sortzen dituztelako. Aurrera egiteko euren konpromisoa ezinbestekoa da». Baina goi bilerako antolatzaileentzako mezua ere helarazi zuen sailburuak: «COP26ri esan nahi diogu ez daudela estatuak bakarrik,guk ere badugu gure funtzioa. Maila horiek bateratu egin behar ditugu gobernantza eredu berri bat martxan jartzeko». Eskoziak bere protagonismoa eman die estaturik gabeko herrialde eta nazioei. Eskoziako lehen ministro Nicola Sturgeonen gobernuaren standean hitzaldi batean parte hartu zuen Tapiak.

Autokontsumoa

Regions 4 korridoreetan, Kataluniako Generalitateko presidente Pere Aragones ere izan da. Bere gobernuaren erronkak aipatu zituen Aragonesek: «Berehala martxan jarri nahi dugu Kataluniako energiaren enpresa publikoa. Horren bidez sektore publikoarekin energia ekoitzi eta hura hornitu ahal izateko. Sektore pribatuak sortzen dituen desorekak leundu, eta energia iturri berriztagarriak bultzatzeko». Aldi berean, gobernuaren beste helburu bat ere garrantzitsutzat jo zuen Aragonesek: sektore elektrikoa deszentralizatzea. Asmo horrekin autokontsumoa sustatzeko 115 milioi euroko diru funts bat onartuko du Generalitateak aurki.

Quebeceko eta Frantziako tokiko ordezkariekin batera eman behar zuen konferentzia bat hasi aurretik, COP26ko korridoreetan aritu zen BERRIArekin hizketan Gilles Simeoni Korsikako Kontseilu Exekutiboko presidentea: «Hona etorri gara adieraztera Europako eskualdeak, herriak, lurraldeak eta estaturik gabeko nazioak konpromisoa dutela klima larrialdiaren aurkako borrokan, eta garapen iraunkorraren aldeko politiketan. Gainera, estatuei esan nahi diegu gu ere eragileak garela klima larrialdian».

Beste helburu eta erronka bat ere aipatu zuen Korsikako agintariak: «Elkartasun sare bat ere sortu nahi dugu estaturik gabeko herri eta nazioen artean». Mediterraneoko uharte bat izanik, dituzten premiak zerrendatu zituen Simeonik: energia burujabetza eta autonomia eskuratzea, ur horniduraren arazoari aurre egitea, eta, herrialdeak turismoarekin duen menpekotasuna aintzat hartuta, turismo iraunkor eta errespetuzko bat bultzatzea. «Errespetuzkoa gure natur baliabideekin, nortasunarekin eta kulturarekin».

Aragonesek atzo zioen gisan, deskarbonizazioaren eta trantsizio energetikoaren «iraultza egiteko» ardura euren gain hartu nahi dute Europako nazio gutxituek ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.