Munduaren egituraketa berri bat

2022ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Carlos Slimek, munduko gizonik aberatsenetarikoak, egunean 10-11 lan ordu egitea proposatu digu, baina ez bost eguneko lanorduetan, baizik eta asteko hiru egunetan. Honek zera ekarri dit gogora, antzina baten Europako zibilizazio zaharrenean, euskararen jatorriak aztertuz eta bere erro sakonetan murgilduz, halakoxe egituraketaren bat izango zutela gure aurrekoek.

Kristo aurreko belaunaldi zaharrean, bizipenerako eta gorputzaren elikapenerako lan produktibozko hiru egun, hau da, astelehenetik asteazkenerainokoa, eta barruak asetzeko edota arima eta adimenaren bizipozerako beste hiru egun. Nork ez luke hartuko begi onez proposamen hau?

Jainkoa edota Ortzea gurtuz eta otoitz eginez jardungo zuten Ostegun/Eguenean. Joandakoen oroimenez burutuko zuten Ostiral/Bagerikua, eta Larunbat/Laurenbata, Ilargia lurraren emari dugunez, fruituen ugaltzerako Ilargia gurtuko zuten egun horretan. Igandea, azkenik, atsedentsu igarotzeko eguna. Ora et labora-ren antzekoa litzateke hau. Adimenez eta gorputzez osasuntsuagoak ginatekeela seguru, gure jakin-mina eta sortzeko gaitasuna areagotuko lirateke, eta aukera berriak ere hedatuko lirateke. Horrez gain, gaitasun eta askatasun gehiago izango genuke gure erabakiak sendo hartzeko eta gorpuzteko, eta nola ez, lana ugarituko litzateke.

Lana, gizartearen ardura eta beharrizan emozionala dela dio Slimek, eta jubilazio urtea atzeratzea proposatzen du. Gustoko tokian aldaparik ez, esaera zahar hau aintzakotzat hartuta ez litzaiguke inportako indarrak ahultzen hasiak ditugunean, orduantxe hartzea erretiroa, hogei urtez luzatuko balitz ere. Euskaldunok ote dugu munduaren egitura berrirako gakoa? Beste eredu eta pentsaera baten sartuko ginateke, eta seguruenik eraketa berri honek baten batzuen pribilegioa erakarri ordez, guztion ongizatea areagotuko luke.

Jakin badakit utopiaren erreinuetan sartzen ari garela hau azaltzerakoan, askotxo da aldatu beharrekoa eta, baina patriarkatua, materialismo hutsari, anbizioari, botereari eta diruari loturik dago, eta bizitza zerbait gehiago da, askoz gehiago. Krisiak ez dira batere onuragarriak, baina aukera berriak ere ekar ditzakete. Gaia zera da: nolako bideari ekiten diogun ainguratuta gauden honetatik atera ahal izateko. Dagokiguna pasibitate hutsez hartzeak edota laisser faire kontsigna jarraitzeak ez dakarkigu ezer onik eta.

Errealitatea den bezalakoxea da, eta proposamen utopikoak, itolarrian aurkitzean edo beste irtenbiderik ez ikustean etor litezke. Begi bistan ez dugu argi gehiegirik ikusten eta egituraren nolabaiteko aldaketa beharrezkotzat jotzen da. Beraz, atzera begiratzeak ziur aurrera ekiteko zerbait onik ekar diezagukeela.

Patriarkatuaren merkantilismo hutsaren kultura bakan honek, gizaki askoren estutasuna dakar, eta, beraz, eredu baliogabe baten burrunba. Hondoratze honen ostean, ezinbesteko oinarri demokratikoez eta elkarrenganako babes bateratsuan eta gizakien eta herrien oinarrizko eskubideen defentsan borrokatzea dagokigu, edota onartu bestela, dugun hau okerragorantz joango dela, eta urteetan lortutako eskubide askotxo zapuztuak izango direla.

Jakina, eguneroko aldaketa teknologiko berrien pean gaude guztiok, baina honek ez garamatza motibatzera, ez eta, are gutxiago, itxaropenezko gogoetara, baizik eta elkarrenganako urruntzera eta bakoitzak bere burua salbatzera. Egonezina nabaria da, eta lortutako ongizateak alde egingo digunaren susmopean gaude. Eta, aldaketa nabarmen batek, miseria areagotu dezakeen arazo hau konpontzera, kapitalismo sistemari berari lagunduko lioke.

«Neure amarengandik ikasi nuen justiziaren sena, eta bizitzan tentuz eta zentzuz jokatzen», dio Slimek. Amaren pentsaera, egikera eta egituraketa, beti ere zuhurragoa eta bidezkoagoa da. Elizaren erantzukizuna handia da eta emakumearen izaera duin eta baliotsuari lekua utzi beharko lioke behingoz elizaren aginte estamentuak.

Erlatibismoaren pentsaerak baloreen suntsiketa dakarrelakoan nago. Komunikabideek beraiek balore askoren erridikulizatzea airatzen dute. Eta bestetik, Mircea Eliadek dio desakralizazioan dagoela aro modernoaren izurrite psikologikoa. Gurean, Bittor Kapanaga Otxandioko jakintsuak zioen, lurrean gure ibilbidearen zuztarrak hauek liratekeela: iz (izan), in (egin) eta il (hil), eta ar/ur (izatearen, lurraren eta fruituaren oinarrizko fonemak), eta go (gogoa, Jainkoa...) goikoak geure biziaroan emango digun suspertzeko indarra.

Baina zehaztasun filosofiko, antropologiko edo teologiko guztien gainetik, erabaki politikoan dago gure eguneroko bizibidearen egituraketa, eta aldatzea balitz, orain daukaguna baino portaera bidezkoagora eta onuragarriagora eraman beharko gaituen beste ikusmira batez jokatzea komeniko litzaiguke. Gaurko Txina bada geroaren eredu, jai daukagu.

Laster, Arrasateko kooperatiben eta euskal kooperatiben sortzailea eta sustatzailea zen Jose Maria Arizmendiarrietari buruzko Hazia musikala aurkeztuko dugu. Kooperazioa, elkartasuna, eraldaketa, konpromisoa, justizia soziala... hark aipatutako leloakinoiz baino beharrezkoagoak ditugu mundu konpetitibo honetan.

Hauexek Arizmendiarrietaren hitzak: «Guztiok lankide izango gara, gure langilleri guztiaren pozgarri eta giza-lagun, gure herri maitearen askatasun eta nortasun izpi barriakin. Danon eginkizunetan, iñor iñoren otsein ez jaun izan ahal dezaken danok danontzako suilletan, eginkizunetan jokabide barriak onartu behar ditugu mundu zabalean ikusi eta ezagutu izan ahal geinkeguz han. Beti aurrera!».

Munduko gizon aberatsenari zera esango diogu, Europa lurraldeko hizkera eta kultura zaharrena zeukaten gure antzinako arbasoen formula dugula munduaren egituraketa osasuntsuago baterako. Slim eta bere gorteko finantza gizakiek prest leudeke aldaketa honetarako? Zuzentasunaren oinarriak areagotuko lituzkete? Ausartuko lirateke? Ez, ez iezadazue erantzunik eman, ez eta iluso deitu, baina Calderon de la Barcaren Bizitza Amets Xabi Payak ederki itzulitako liburua berrirakurri dut eta pentsatu izan dut Slimek jakin izan beharko lukeela lurralde hauetanizan zela garai bat hiru egunez gogorki lan egiten zutena eta beste hiru, otoitz egiten eta barruak astintzen zihardutena. Oraindik ere gogoan dut gaztetan hainbat alditan errezitatzen nuena, orduan gazteleraz noski, «Zer da bizitza? Ospela. Zer da bizitza? Desira, isla, eromen, distira; altxor oro da trakets, oro da bizitza amets eta ametsak amets dira». Beraz, jarrai dezagun ametsak eraikitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.