Legionarioak desfilean; Basiri gogoan

2023ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Udaberriko oporraldia, ezen ez Aste Santua, dagoeneko ondo aprobetxatzen ariko da gure inguruan jende asko. Jakin badakit zaila dela izena aldatzea, baina izena eta izana uztarri berean doazenez gero, koherenteak izan gaitezen.

Nolanahi, Espainiako komunikabideek aterako dituzte prozesio katolikoen irudi entrañableak —euskaraz, nazkagarriak— behin eta berriz, bertzeak bertze, legionarioen desfileak pauso arinean, Cristo de la Buena Muerte delakoa beso gihartsu hutsekin altxatzen dutelarik; Herioren senargaien desfilea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.

Bitxikeriak gorabehera, komunikabide horiek beraiek aukera baliatzen dute urtero Legioaren irudi amablea—euskaraz, patetikoa— eman eta Legioaren historia beltza zuritzeko. Espainiako legionarioen balentria ez oso ezagun bat duzue jarraian, telebistaren irudietan edo berripaperen argazkietan zaldun eta dama legionarioak harrokeriaz beteak agertzen direlarik gogora dezagun.

1970. urtean, sahararren askatasun grina, te zerbitzatu berriaren antzera hasi zen Mendebaldeko Saharan harrotzen. Espainiaren probintzia zen lurralde horretan —«El Sahara es tan español como Cuenca», Carrero Blanco gobernuko buruaren hitzetan—, orduko gobernuaren adiskidantzazko adierazpen aizunak gorabehera, Legioaren bortxazko erantzunak mugarri bat ezarri zuen: El Aaiun-en, manifestaldi baketsu baten aitzi, bala-erauntsia bota zuten legionarioek, hamarnaka kolpatu eta hildako eragin zuen bala-eraintsia. Orobat, manifestaldiaren aitzindari sahararrak atxilo hartu eta kartzelatu egin zituzten espainolek, besteak beste, 28 urteko Bassir Mohamed uld Hach gaztea, goitizenez Basiri.

Espetxealdiaren berrogeigarren egunean, uztailaren 29an, goizaldeko 04:30ean Basiri gatibu zegoen Armadaren kasernatik atera egin zuten. Olanaz estaliriko Land Rover Santana bik konboi txikia osatzen zuten: Juan de Austria tertzioko legionarioz beteak zihoazen, kapitain baten eta brigada baten manupean, horiek guztiak Asensi komandantearen aginduetara. Izan ere, komandante hori bazen nor: Perez de Lema gobernadorearen beraren ondokoa zen, Segurtasun ordezkari izendatu berria.

Nolanahi, ez dirudi Basiri hagitz preso arriskutsutzat zutenik, eskuburdinik gabe igoarazi baitzuten Land Rover batera. Konboi txikia abiatuta, El Aaiun-go iluntasuna urratu zuten autoen argiek, hondartzarako bidea hartuta. Hamar kilometrora eskuinetara jo, itsas-lerroarekin paralelo doazen dunak ikusi, eta duna baten magalean gelditzeko agindua eman zuen ofizial gorenak. Konboia gelditu, Basiri jaitsarazi eta Land Roverren faroen argipean oinez abiatzeko agindu zioten legionarioek. Basiri sekula ez zen itzuli; legionarioak, bai.

Espetxealdian, honako hau idatzi zuen Basirik: Jainkoa bedeinkatua izan dadila./ Anai-arreba maiteak./ Basamortuak ez du mugarik./ Basamortuko gizakiok ere ez genuke / mugarik eduki beharko./ Leihorik gabeko eta horma sendoko / ziega batetik diotsuet: / Hemen ohartu naiz / geure baitan daramagula basamortua./ Tiris gure lurraldean nomada gara, / baita Historiaren bide garratzenetan ere, / nomada.

Berrogeita hamahiru urte joan dira Basirik Armada Espainolaren ziegan gatibu zelarik hori idatzi zuela, eta horrela jarraitzen dute Saharako seme-alabek, hodeien seme-alabek: nomada, Historiaren bide garratzenetan ere.

Udaberriko oporraldian, pantaila edo argazkietan legionarioak desfilean ikustean, Basiri gogoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.