Turismoaren monolaborantza, hotelen ernaldia eta egungo zaplaztekoa. Zerbait ikasteko balioko ote digu?

Eihar Egaña - Bizilagunekin, Desazkunde Turistikoraren Aldeko Donostiarren plataforma

2020ko abuztuak 25

Donostiak bizi duen turismo jardueren gorakada geldiezinaren erakusgarri, azken urteotan etengabe areagotu dira hotelen eraikuntza edota irekiera berrien albisteak gure hirian. Donostian, azken lau urteetan hogeita hamabost hotel baino gehiago onartu edota zabaldu dira, hiriko ohe eskaintza erritmo neurrigabean puztuz. Gainera, hiria pairatzen ari den ohe eskaintzaren gorakada are eta nabarmenagoa da, hotel jarduerez gain, etxebizitza turistikoen kontrolik gabeko hazkundea ere gogoan izan behar baita. Hotelen hedapenari erreparatuz gero, agerikoa da bereziki hiriko eremurik turistikoenetan kontzentratzen dela (Kale nagusia, Frantzia pasealekua, Mirakontxa, Zabaleta, Matia, San Bartolome, adibidez). Hala ere, aipatutako hazkundeak, hotel jarduera udalerri osoan barrena zabaltzea eragin du (Ulia edo Aieteko ekimenak horren adierazgarri).

Negozioen jabetza eta kudeaketa ezaugarriei dagokienez ere aldaketak izan dira. Hiriko ohiko ereduei (familia hotelak edota tokiko kapital jabeek sustaturikoak), beste era bateko agente eta egiturak batu zaizkie orain. Hauen artean aipa daitezke Donostiako gotzaindegia, nazioarteko kate handiak, edota inbertsio funtsak, besteak beste. Argi dago, Donostia gainbalioa sortzeko negozio eremu paregabetzat sumatzen dutela hainbat eragilek. Zentzu honetan, era guztietako eraikinak salerosi dira turismoak irekitzen dituen aukerak ustiatu eta kapitalizatzeko asmoz: eraikin publikoak, historikoak, erlijiosoak... Honekin batera, eskaintzaren dibertsifikazioa gertatu da, establezimenduen tipologia bereiztuz. Kapitalismo arrosaren ikurtzat hartu daitekeen Amarako heterofriendly hotela, surflari eta motxiladun bidaiari dirudunentzako ostatuak, ikasle-egoitzaz mozorrotutako hotelak eta luxuzko eskaintza egiten dutenak, besteak beste.

COVID-19aren pandemia eta honek sortutako larrialdi egoera tarteko, Donostiako hotelek behin-behinean ateak itxi behar izan zituzten. Itxialdia arintzen hastearekin, jarduera ekonomikoen susperraldiak ez du, ordea, espero zen efektua izan. Bitartean, turismoaren atzerakadak hirian hotelen gainzama kezkagarria dagoela erakutsi arren, hotel berriak irekitzeko lanek aurrera jarraitzen dute.

Azken hamarkadetako monolaborantza turistikoaren aldeko apustua berrikusi ordez, administrazio publikoaren zein sektoreko eragile pribatuen helburua egoeraren lehengoratze ahalik eta bizkorrena da. Jomuga begiz joa dute: Donostiak bizi izan duen turismoaren hazkundea hauspotzen jarraitzea, hiriak eskaintzen duen ohe kopurua handitzen jarraituz. Eskaintza handitzearekin bat, eskaria areagotuko den esperantzari eusten diote, baleko estrategiatzat, baliabide publikoak horretara bideratuz eta hirian burbuila turistiko arriskutsu bat sortuz.

Krisialdi berri honek, ordea, argi utzi du gaur egun Donostiak duen ohe eskaintza jada gehiegizkoa dela eta irtenbide jasangarri bakarra desazkunde turistikoaren bidetik etorriko dela. Hotel berriak eraikitzeko baimenak emateari utzi, lanetan dauden hotelen eraikuntzak beste erabilera batzuetara bideratu eta epe luzera, negozioek itxi ahala, egungo hotel eta ohe kopurua murriztuz. Orain dugu aukera hotel jardueren hazkunde neurrigabeari mugak jartzeko eta hotel jardueren gaineko araudia zorrozteko. Hotelen gehikuntza arduragabea eragiten ari den atseden eta bizikidetza arazoen gainean hausnartu eta bizilagunen eguneroko beharrak bermatzeko premia dago, auzo-bizitza lehenetsiz eta hotelen jarduera honekiko bateragarri bihurtuz.

Krisialdi ekonomikoaren ondoriorik lazgarrienak zerbitzuen eta garraioen sektorean nozitzen ari direla jakinik, argi dago egungo turismo ereduaren bideragarritasuna kolokan dagoela. Arestian aipatu bezala hoteletako langileek berehala nabaritu dituzte turismoaren beherakadak eragindako ondorioak. Indarrean dagoen eredu sektorialak ez du gaitasunik sektorea arautzen duen hitzarmenak zehaztutako baldintzak betetzeko. Hortaz, prekaritateari iltzatutako lan-harremanez baliatzen den espezializazio turistikoari mugak jartzeko garaia dugu honako hau. Turismoarekiko menpekotasuna hautsi eta kalitatezko enplegua sortzeko gai diren tokiko beharrizanetara loturiko sektoreak indartzeko aukera irekitzen zaigu orain. Testuinguru honetan, ezinbestekoa izango da langileak alor alternatiboetan birkokatzeko formakuntzan inbertitzea. Turismoaren desazkunderako bide hau hartu ezean kaleratzeen zerrenda handitu baino ez da egingo.

Orain dugu aukera Donostiako eredu sozioekonomikoa berrikusteko, turismoaren monolaborantza gainditu eta tokiko beharrizanei erantzungo dien oinarri sendo eta dibertsifikatua eratzeko. Inbertsiogile eta eragile pribatuei begira jarritako eredu ekonomikoa hautsi eta Donostiako bizilagunei begirako eredua eraikitzeko garaia da. Gure hiriaren etorkizunerako bi ibilbide ditugu aukeran: aurrekoarekin jarraitzea edota denon artean eraikitako eredu berri bati ekitea. Desazkunde turistikoa lehen lerrora ekarri eta bigarren aukeraren alde egiteko beharra gero eta agerikoagoa da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna