Jon-Mirena Landa Gorostiza.

Adingabeen itzulketa Ceutan

2021eko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Antza, aurreko egunetan Espainiako Barne Ministerioa ehunka adingabe Marokora itzularazten ahalegindu da. Jakina denez, Marokok jendetza mugaz beste aldera pasatzea erraztu zuenez gero, harrezkeroztik etorkinen presioa ikaragarri altua da Ceutan (Espainia), eta horietatik asko eta asko adingabeak dira. Ofizialak ez diren informazio-iturri ezberdinen arabera, etorkinak Marokora berriro bidaltzeko ekintza elkarrekin prestatzen jardun zuten bai Barne Ministerioak baita Ceutako Gobernuak ere. Ez zuten horren berri zehatzik, ordea, ez Fiskaltzak ezta adingabeen ardura duten bestelako erakundeek, langileek edota ordezkariek. Geroago jakin da prestatzen ari zirela, eta kontsulta batzuk tarteko, halako itzulketa egitearen inguruko legezkotasunari buruzko zalantzak adierazi zituztela hainbatek, besteak beste, Espainiako Herri-defendatzaileak, giza eskubideak errespetatuko ez zirelakoan.

Aipatu zalantzak gorabehera, itzulketa kolektiboa martxan jarri zen baina berehalaxe egin zuen porrot. Ehunka adingaberen artean, gutxi batzuk besterik ez zituzten bidali mugaz beste aldera , esaterako logo ofizialik ez zuen furgonez baliatuta. Itzularazteko operazioa martxan jarri bezain pronto geldiarazi egin zuten epaitegien erabakiek. Justiziaren erantzuna etorri zen, bai gobernuz kanpoko erakundeetako kideen baita bestelako langileen jardun azkar bezain egokiari esker.

Handik aurrera nahastea itzela izan da eta ez du ematen inork bere gain hartu nahi duenik bidali izanaren agindua. Deigarria da, oso, Barne Ministerioak esan izana haiek ez omen zutela inolako «agindurik» eman. Hortaz, telebistaz argi asko ikusi ahal izan zen gaztez beteriko furgonetaren irudia, ez ei zen izan inongo aginduaren ondorioa: adingabeak beren kabuz igoko ziren, hara ezerezetik helduriko furgoneta batera eta gidariak Maroko aldera jo zuen inork atzetik hori guztia agindu edota antolatu gabe? Sinesgarria al da hori?

Operazio honek gogora dakarkit aspaldiko partez Aznar presidentearen aldian, etorkin batzuk hegazkin batera igoarazi eta Espainiatik kanpo bidaliak izan zirenean. Une horretan erabili zen esamoldea zera izan zen: «arazo bat geneukan eta konpondu egin da!»

Benetan konpontzen dira gauzak horrela? Gauzak egiteak ez du esan nahi ondo egiten direnik. Galdera bada, halako itzulketa legezkorik ba al da?

Adingabe bat Espainiara heldu bezain pronto, bere ardura duen adinez nagusirik ez badago, Herri-administrazioak hartu behar du adingabeen gaineko ardura eta tutoretza. Giza eskubideen estandarren zentzua da adingabeak zaurgarriak direla eta, ondorioz, bereziki babestu beharrekoak. Beraz, horiei abegi eman behar zaie eta, ahal dela, adingabearen beraren interes gorenaren mesedetan zaindu behar dira. Babeste aldera beraien gurasoak non diren bilatu beharko da, eta ahal dela ziurtatu beraiengana itzultzeak arriskurik ez dakarrela adingabearentzat.

Beste hitz batzuetan: babes-funtziorik betetzen duen gurasoen faltan, estatuak hartzen du horren ardura, gurasoak balira bezala. Handik aurrera Marokora bueltan bidaltzeak «aita-ama» izateari uztea dakar, babes-funtzioa berriro ere beste norbaitengana baitoa. Eta horregatik banan-banakako espedienteen beharra. Ez da arinkeria, ezta legezalekeria ere, babes-funtzioa galtzen ez dela ziurtatzea baizik.

Hori egiten ez bada, alegia, itzulketa kolektiboari ekiten bazaio, prozedura guztiz alboraturik, dirudienez gertatu den bezala, Espainiako estatuak guraso funtzioa betetzeari egitez uko egiten dio adingabea guztiz babesgabe utziz. Horri haurren giza eskubideen urraketa larria deitzen diogu, babesteko funtzioa Estatuak legearen gainetik pasatuz bertan behera uzten duelako.

Konpara dezagun itzulketa kolektiboa hura guraso batek egin lezakeen pareko jardunarekin. Imajina dezagun guraso batek erabakitzen duela bere semea, besterik gabe, egun batetik bestera, bidaia batera bidaltzea modu zehatzean baieztatu gabe nora doan, zein arrisku dakarren bidaiak, noren eskuetan gelditzen den... Ez al genuke esango guraso-ahalari uko egin diola? Ez genuke legezko erantzunkizunik eskatuko? Ba hori da hain justu Espainiako estatua egiten ahalegindu dena, itzulketa kolektiboaren bitartez. Bota ditzagun hemendik «gureak» ez diren adingabeak eta hor konpon!

Egindako horrek, era teknikoagoan, nazioarteko erantzukizuna eduki dezake, giza eskubideen hitzarmenak urratzearren, 1989ko Haurraren Giza Eskubideen Hitzarmena behinik behin. Baina Estatuko erantzukizunaz aparte, erabaki horietan parte hartutakoei erantzukizun disziplinarioa ezarri ahal izango litzaieke, legezko oinarririk gabe erabakia hartu eta aurrera eraman dutelako. Areago: Barne Ministerioak jakin badaki jardun horiek nola egin behar diren eta erabakia hartu bada prozeduraren protokoloa erabat albo batera utzita, erantzukizun penalak ere egon litezke tartean. Batek baino gehiagok pentsa lezake azken hau ziurrenik gogorregia izan litekeela. Baina ezaguna da, zoritxarrez, beste hainbat esparrutan erabiltzen den zorroztasuna, zuzenbide penala bitan pentsatu gabe aplikatuz. Prebarikazioa legez kontrako atxiloketa edo behintzat, konstituzio-bermeen aurkako delitua egoteko abiapuntua izan liteke, estatukide batzuek beraien kabuz guraso-ahala besterik gabe ukatzea erabaki dutelako, prozedura erabat albo batera lagata.

Eta esandakoa ez da aldatzen geo-estrategia kontuan edukitzearen ondorioz. Garbi dago zelako joko zikina egin zuen Marokok, adingabeak (eta adin nagusikoak) jaurtigai bezala erabilita, Ceutako mugaz beste aldera bidali zituenean. Baina noiztik besteek egindako gaitzak zuritzen du norberak ematen duen tenore-berdineko erantzuna? Demokrazia erabatekoa eta heldua ez da gauzatzen aldarrikapen hutsen bitartez, egoera jakinetan giza-eskubide zehatzak babesten direlako baizik. Barne Ministerioak ez badu hemen giza-eskubiderik babestu, epaitegiek konpon dezatela eta horrek barne hartu beharko luke, itzulketa kolektiboa gelditzeaz gain, erantzuleak topatzea eta zigortzea. Ikusiko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.