Albistea entzun

Nikaragua: iraultza traizionatua, demokrazia zapaldua

Jose Luis Albizu, Eukene Arana, Jon Aranguren eta Iratxe Arteagagoitia -

2021eko abenduak 2

Testu hau sinatzen dugunok lotura sendoak ditugu Nikaraguarekin, batzuk laurogeiko hamarkadan eraikiak eta beste batzuk berriagoak. Gure atzoko elkartasuna traizionatua izan den iraultza baten izenean herriaren aurka tiro egiten duen gobernu diktatorial baten aurka sentitzen dugun haserrearekin eskutik helduta doa.

Gero eta gehiago gara konturatzen garenak sandinismo historikoa presidente baten botere autokratikoaren beste muturrean dagoela. Presidente horrek hizkuntza, kontsignak eta iraungitako iraultzaren kantuak lizunki erabiltzen ditu herriaren sentimenduak manipulatzeko eta sinetsarazteko errepresioa dela bizimodu berri bat lortzeko bidea: ehunka dira hildakoak eta zauritutakoak; milaka espetxeratuak; ikasleak, feministak, giza eskubideen aldeko defentsariak...

Aurrera ihes egiten duen errepresio erregimenaren azken gertakaria azaroaren 7ko hauteskundeak izan dira. Gobernuak eta Hauteskunde Kontseilu Gorenak iruzur eginez lehiatik kanpo utzi dituzte Daniel Ortegari nagusitasuna eztabaidatu ahal liezaioketen hautagaitzak eta indar politikoak. Hainbat alderdi politiko debekatzeaz gain, hautagaiak atxilotzea, espetxeratzea eta erbesteratzea dira une honetan Nikaraguan demokrazia zapaldu izanaren frogarik onena.

Urrundik dator askatasunak ezabatu eta oposiziogileak pertsegitu dituen erregimenaren errepresio gorakada. Ortega-Murilloren erregimena 2007. urtearen amaieran estreinatu zen, eta, horren ondorioz, zigor arloko beste kode bat onartu zen, abortu-mota guztiak, terapeutikoa barne, delitutzat jotzen dituena, baita amaren bizitza arriskuan jartzen duenean ere. Prezio hori ordaindu zion Ortegak Obando y Bravo kardinalari, lehendakaritzan sartzea eragotz ez zezan. Jakina, emakumeen mugimenduak protestara abiatu ziren, eta erregimenaren errepresioaren lehentasunezko helburu bihurtu ziren.

2007ko urtarrilean presidente izendatu zutenetik, erregimenaren errepresioa sistematikoa izan da, gero eta handiagoa eta erradikalagoa, eta gizateriaren aurkako delituak egitera iritsi ziren 2018ko apirileko matxinada odolez eta tiroz zapaltzen denean. Ordutik, dozenaka GKE itxi dituzte, bai bertakoak, bai atzerrikoak; eta giza eskubideak zaintzen dituzten erakundeak desegin ere bai. Beldurra sartzeko diskriminazio gabeko atxiloketak eta espetxeratzeak erabiliz, figura politiko eta kultural garrantzitsuen aurkako errepresioa sakontzen da. Epaileen prebarikazioa saritzen da, eta hiritarren protesta duinak geldiarazteko miliziak mobilizatu ere bai. Kritika lanak egiten dituzten egunkari eta irratiak ixten dira; kazetaritzaren lan independentea eragozten da; gazte ekintzaileak unibertsitateetatik kanporatzen dira.

Adierazi behar da Ortega-Murillo bikoteak emakumeen mugimenduei jazartzen jarraitzeko joera berezia duela, eta hori lehendakariaren sexu abusuen aurka mugimendu feministek bere egunean egindako salaketarekin lotuta dago; izan ere, Zoilame?rica Narva?ez alabaordeak Nikaragua astindu zuen bere testigantzarekin.

Testu hau sinatzen dugunoi, Nikaraguako noraez antidemokratikoaren aurrean ezkertiar batzuen isiltasunak atentzioa ematen digu. Egia da pertsona ezagun batzuk, batez ere munduko ezkerreko intelektualtasunekoak, urrunduz joan direla Nikaraguako gobernutik. Eduardo Galeanok pin?ata ezagutu ondoren Nikaraguara ez zela itzuliko hitzeman zuen, eta bete du. Marcos komandanteordeak traidore deitu zion Ortegari. Jose Mujicak Ortegari eskatu zion gobernua uzteko 2018ko apirileko sarraskien ondoren; Boaventura de Sousa Santosek eta Noam Chomskyk autokrazia kritikatzen dute, Leonardo Bolffek eta Gustavo Petrok bezala. Hala ere, egia da ezker politikoek, bereziki instituzionalek (sozialdemokratak kontuan hartu gabe) Ortegaren eta Murilloren gobernua babesten jarraitu dutela, salbuespen gutxi batzuekin.

Era berean, ezker horietako zati handi batek, euskaldunek ere bai, 2018ko apirileko gertaerak estatu-kolpe saiakeratzat jotzen dituen bertsio ofiziala onartzeak atentzioa ematen digu. Benetan zentzugabea da pentsatzea manifestari batzuek, makilak eta pankartak eskuetan, estatu kolpe bat emango diotela ejerzitoa, polizia, Asanblada Nazionalaren gehiengoa, eta indar parapolizialen babesa duen gobernuari. Era berean, Ortega eta Murilloren semeek erabat kontrolatutako komunikabideen babes oso handia du, oposizioko hedabide independenteak errotik kendu ondoren.

Are gehiago, ezker horiek oposiziogileen aurkako errepresio sistematikoaren aurrean isilik egoteak atentzioa ematen digu; izan ere, 2018tik hilketa, atxiloketa eta atzerriraketa masiboen aurrean eta preso politikoen egoera lazgarrien aurrean —150 bat une honetan—, ezer gutxi esaten dute. Isolamendu erregimenean, higienerik gabe, argirik gabe, paperik eta arkatzik gabe, ia janaririk gabe, espetxeratutako emakume eta gizonek ez dute Somozaren espetxeetan baino hobeto bizirauten. Argi dago giza eskubideek ez dutela tokirik Nikaraguan, nahiz eta Ortega-Murillo erregimena oso kristaua eta sozialista izan. Ezker horiek lotsarazi beharko lituzkeen konfesionalismoa.

Gure inguruneetan, salatzen dugun erregimen autokratikoa gaitzesten duten ahotsak entzuten ditugu. Eskuinarekin dena okerragoa izango dela diote. Baina Nikaraguan inoiz ez da ezagutu hainbeste pertsona, aukera faltagatik, migrazioan irtenbidea ikusten dutenak; eta horri, 2018ko apiriletik erbestera behartutako 200.000 pertsona gehitu behar zaizkio.

Egia esan, Ortegak ezkerreko postulatuekin zerikusi gutxi duten politika zehatzak lehenetsi ditu: merkatu libreko politikak, merkataritza libreko itunak, makilentzako erraztasunak eta atzerriko kapitalarentzako baldintzarik gabeko emakidak pribilegiatu ditu. Gainera, Estatu Batuetako migrazioaren aurkako politikak esku gogorrez aplikatzen ditu, eta Nikaraguako hegoaldeko mugatik Estatu Batuetara emigratzeko asmoa zuen inor ez zen sartzen. Ortegak Nikaraguako frontera Trumpen harresi desiratua bihurtu zuen.

Era berean, ortegismoak, narkoaktibitatearen aurkako borrokaren aitzakian, estatubatuarren presentzia militarra eta Nikaraguan DEAren ekintzak baimendu zituen. Horrek guztiak Nazioarteko Diru Funtsaren, Munduko Bankuaren eta Garapenerako Banku Interamerikarraren (munduko ezkerraren gotorlekuak, dakigunez) notarik onenak lortzera eramango du Nikaragua. Era berean, 2018ra arte, Estatu Batuekiko harremanak adeitsuenak izan ziren, printzipio honetan oinarrituta: garrantzitsua zena gobernu nikaraguarrak benetan egiten zuena zen, ez itxuraz egiten zuena, eta are gutxiago noizbehinka esaten zuena.

Nikaragua ez dago iraultza baten bigarren zatian, gaur egun gobernatzen dutenek aspaldi zanpatu baitzuten, familia diktadurako erregimen baten menpean baizik, botere banaketari bizkarra ematen diona; hizkuntza antiinperialista erabiliz politika asistentzialistak gauzatzen dituena, nahiz eta politika horiek ez duten ezertan aldatzen ez jabetzaren egitura, ez herrialdearen eredu ekonomikoa. Pobreek pobre izaten jarraitzen dute.

Uste dugu Nikaraguarekiko elkartasunak, gaur egun, bere herria zapaltzen duen erregimenaren aurrean posizionatzea eta eskubide politikoak erabiltzeagatik errepresioa jasaten ari direnei laguntzea eskatzen duela.

OHARRA: Artikulu hau «Nikaraguarekin lotura sendoak dituzten» 59 pertsonak sinatzen dute. Jose Luis Albizu, Eukene Arana, Jon Aranguren, Iratxe Arteagagoitia, Izaskun Azurmendi, Raquel Barahona, Txelo Berra, Marta Berra, Joxe Iriarte Bikila, Kepa Bilbao, Gerardo Carrere, Concha Castells, Mikel de la Fuente, Ana Tere Díaz, Esther Dominguez, Antonio Duplá, Marlen Eizaguirre, Ana Elosegi, Rasso Enzenbach, Irune Etxebarria, Manoli Etxeberria, Mario Fernández, Germán García, Mikel Goenaga, Luis Guridi, Juan Hernández, Marisa Lamas, Maribi Lamas, Juana Larrauri, Jesús Martín, Maite Martínez, Maitena Monroy, Clara Murguialday, Maite Murguialday, Lourdes Oñederra, Iñaki Orube, Nekane Orue, Isabel Otxoa, Amaia Pascual, Carlos Peña, Josu Perales, Amaia Pérez Orozco, Victor Santiago Pozas, Mercedes Revilla, Uri Ruiz Bikandi, Covadonga Sanchez, Anabel Sanz, Lourdes Unceta, Koldo Unceta, Juan Luis Uría, Josune Urkijo, Norma Vázquez, Juan Carlos Vázquez, Javier Vitoria, María Jesús Vizán, Dominic Wyatt, Idoye Zabala, Begoña Zabala eta Ramón Zallo.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.