Elurraren aztikeria

2023ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Asteartea da. Hirugarren mailako ikasleak ari dira idazlan konplexu eta desafiatzaile bati aurre egiten, borroka intelektual batean lokaztuta. Desobedientzia zibilari buruzko dilema moral baten konponbidea erditu nahian, ezarritako arau batzuk bete behar ez ote diren asmatu behar dute. «Epemuga gaur amaitzen da. Gogoratu notarako dela», esan diet, mehatxari.

Bat-batean, denbora eten egin da. Oharkabean, ideien esparrutik emozioen mundura jauzi egin dute. Ariketa, orriak, bolalumak. Denak ahaztu egin dira istantean. Gelako giro serio eta kantiarrak atea ireki die algarei. Henry David Thoreau, Rosa Parks, epemuga eta irakaslearen mehatxuak iraganean gelditu dira, noiz itzuliko diren jakin ezinik.

Elurra ari du mara-mara. Natura berba egiten hasi da eta gure errealitatea irauli du, maluta bakoitza mezu bat balitz bezala. Ikaslerik langileenek ahalegina egiten dute neurriz jokatzeko, arreta mantentzeko, ariketan lanean jarraitzeko, baina alferrik da.

Lotsagabe, elurrak ikasleen ariketa itzuli egiten dit eta neu naiz orain dilema bat daukana. Saioarekin jarraitu ala ez jarraitu, hori al da auzia. Gogoeta asko pilatzen zaizkit buruan, ikasleek lepoak luzatzen dituzten bitartean, herria tapizatzen duen asfaltoa estaltzen ari diren elur-maluta handiak ondo ikusten saiatuz. Urrutien daudenak apur bat zutitzen dira, ausarten bat altxatzen da eta ezin du leihora hurbiltzea saihestu, marinelak sirenen kantuaren eraginpean erortzen zirenean bezala. Azkenean, elurraren botereari amore ematen diote, diogu, denok. Emozio partekatuko une bat bizitzen ari dira, ari gara, edozein birus baino kutsakorragoa. Naturak egiten digun opariari begiratzen diote, diogu, hunkiturik, denbora geldiarazteko, ohikotasunetik ateratzeko, egunerokotasunetik harago igotzeko dohain bakar eta berezi horri erreparatzeko.

Aurpegietan atzematen diet filosofo presokratikoengan imajinatzen dudan miresmen bera kosmosaren jatorria aurkitzen saiatzen zirenean, pantailek sekula eragingo ez dien distira berezi bat. Hainbatetan amets egin dudan xedea aise lortzen du elurrak. Ikaslerik berritsuena eta isilena berdindu egin baititu berehala, baita bihurriena eta diziplinatuena ere. Lagunen ohiko taldetxoak bat-batean desegin ditu, gelako leihoetan nor bere lekua bilatzen ari da ondoan nor duen kontuan hartu gabe. Elurra azaldu da ikastetxeko elkarbizitza-plana baino eraginkorrago.

Elurrak definitzen zailak diren zirrara batzuk eragin dizkie. Dizkigu. Lehen mailako esperientzia estetiko bat bizitzen ari direla, garela, adierazi nahi nieke ikasleei, Kantek «plazer sentigarri perfektua» bezala definitzen duena, baina ezin dut. Ez didate entzuten. Azaldu nahi nieke behin Stendhal izeneko idazle batek deskribatutako edertasunaren botere izugarria bizitzen ari direla, garela, gizakia hunkitzeko eta liluratzeko gauza, arrazoiaz haraindiko zentzumen-goratze bat, sublimearen ordenan. Alabaina, ezin dut, ni jada ez nago haientzat.

Jakinarazi nahi nieke sentitzen ari direnak, garenak, azaltzen duela zergatik Aristotelesek, Rafaelen fresko ospetsuan, bere eskuaz Lurrera seinalatzen duen, Platonek bere hatz erakuslea zerurantz igotzen duen bitartean. Gustatuko litzaidake, baina ezin dut. Esan nahi nieke Diogenesek, Hiparkiak, Epikurok eta beste hainbatek naturarekin harremanetan jarri gabe zoriontsu izatea ezinezkoa dela uste zutela, baina ezin dut.

Partekatu nahi nuke haiekin inoiz ez dudala ahaztuko, hezkuntza sistemak disruptibotzat hartzen ohi duen ikasle batek idatzi zidala behin, sentsibilitate handiz, inoiz ez zela amonarekin elurrari begira zegoenean bezain zoriontsua. Ezinezkoa da, ezin dut. Itaundu nahi nieke ea noiz sentitu duten belarra azken aldiz oin biluzien azpian, eta galdera hori Richard Louvek idatzi zuela Last Child in the Woods liburuan, non belaunaldi berrien mundu naturalarekiko deskonexio basatia deitoratzen duen. Beraiekin pentsatu nahi dut horri buruz, baina ezin dut.

Klaseari amaiera ematen dion txirrina jotzen ari da, normalean jo aurretik ikasleen mugimendu urdurietan eta aurpegietan igar daitekeena. Baina txirrina, egun batez, ni bezain oharkabean pasatu da. Agur esan nahi diet, baina ez didate entzuten. Ikasleek leihoari itsatsita jarraitzen dute, miretsita, desobedientziari buruzko idazlana mahai gainean ahaztuta utzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.