Askapena

2018ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Ekintzetan eta zentzuan besamotz nahi gaituzte mezu kantzerigeno zikinen bidez burmuinak zapaltzen dizkiguten horiek: poliki-poliki, eta gu ohartzeko modurik eman gabe, indar guztia kentzen digute, eta, banpiro suharrak balira bezala, beretzat hartzen dute, gai geldo astun eta errutina aldaezin bihurtu nahian. Iraulka ibili gara, eta lurra jo buruarekin, gure hipokanpotik eta, beraz, gure muinen disko gogorretik ateratzeko izaki higuingarri bihurtzen gaituzten zirkuitulabur horiek guztiak. Ukabila ahoan sartu dugu odola botatzeraino, gure erraietatik haien demonioa ateratzeko, haien sulfuroa, haien jabetza putaren mami kirastuna, haien egolatria kabroi hori, haien makineria nekrofilo suntsigarria, zeinak lortzen baitu geure burua irents dezagun, asperren asperrez hiltzaile bihur gaitezen, izaki larriminduak izan gaitezen, izaki larrituak, beti orotariko ansiolitiko, utopia, identitate faltsuen bila, zentzugabekeriari zentzua eman nahi eta.

Utzi behingoz, demontre, dantzan egiten hutsarekin eta inexistentziaren funtsarekin, utzi behingoz jaio aurretik bezain bare eta garden bizitzen, utzi behingoz erabakitzen noiz besarkatuko dugun herioa, eta, izatekotan, erakutsi zein diren molderik ederrenak sufritu gabe nork bere burua hiltzeko eta, hala, bizitza luzatu ahal izateko herio gozoa ukitzean, hori baita bizitzaren gaitzen erremediorik behinena. Utzi egonean egoten, denbora akabatzen, samurtasuna eta haurtzaroan kendu ziguten xalotasuna besarkatzen, eta plisti-plasta segitzen baduzue kaka horretan, hots, zuen borboiek, zuen aurkezle kutunek, zuen politikari haserrekorrek, zuen telebista eta zinema- eta kirol-idoloek egindako kaka horretan, eta haiek guztiak aberasten segitzen baduzue, haien gorotza jateko duzuen mania zikin horrekin... bada, gutxienez ez behartu ni aditzera nola hitz egiten duzuen haietaz; besterik gabe, egidazue ez ikusiarena.

Zatozte nigana elkarri begietara begiratzeko, egia aurpegira esateko, lapurkeria eta genozidioa eta ekozidioa bukatzeko, galdetu nahi duzuenean zer ostia egiten ari garen zonbi mimetizatu eta pantailatuen planeta honetan. Zatozte nigana soilik baldin eta nahi baduzue bestela asma dezagun geure burua, laztan egin diezaiogun elkarri eta kontu egin, hegan egin dezagun irudimenaz beste unibertso batzuetara, identifika eta akaba ditzagun planeta osoaren biziaz eta herioaz erabakitzen duten gizon zuri aberats zahar gutxi horiek, autobus bat betetzeko lain ere ez direnak; zatozte nigana soilik baldin eta erabakitzen baduzue habia egitea klandestinitatean eta tregoarik gabeko borrokaren alegrantzian, habia egitea gure normalkeria esklaboari beren desesperazioan barre egiten diotenen espiritu libre eta barean; zatozte nigana soilik baldin eta nahi baduzue behin betiko bidaiari ekin, denona den horren aldeko borrokak habia duen tokira.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.