Noiz sortua: 2020-05-20 00:30:00

Etxean ikastea: zenbait gako eta galdera

Amelia Barquin - Mondragon Unibertsitateko irakaslea

2020ko maiatzak 20

Hezkuntza autoritateek proposatu dute ikasmaila jakin batzuetako ikasleak gelara itzultzea eta bor-bor daude eskolatze horren egokitasunaren eta beharrezko baliabideen inguruko debateak.

Une honetan, baina, ikasleek bi hilabete daramatzate etxean, eta gehienek beste aste batzuk emango dituzte modu berean, ikasturtea bukatu arte. Esperientzia berri horrekin lotuta hainbat kezka eta gogoeta sortzen ari dira egunotan. Baina ez soilik pasatzen ari garen itxialdiari dagokionez, baizik eta etor daitezkeen beste batzuei begira ere, ez baitakigu datorren udazkenean COVID-19a zein indarrekin itzuliko den, ezta noiz bisitatuko gaituen beste pandemia batek ere. Eta horrek beste konfinamendu batera eraman gaitzake, eta berriro eskolak ixtera.

Hamaika gai jar ditzakegu mahai gainean, baina honako honetan lau ekarriko ditut, burura etortzen zaizkidan galderak partekatzeko. Konfinamendu osteko gizarte motarekin zerikusia dute.

Etxea lantoki bihurtzea. Zerbait argi gelditzen ari bada egun hauetan zera da: etxean ikastea, lehendik ere bazegoen arrakala soziala areagotzen ari dela. Horren aurrean, ikastetxe batzuk —eta are udal batzuk ere— saiatu dira baliabide teknologikoak umeen eskura jartzen eta etxeetara eraman dituzte. Kasu batzuetan, baina, ez da nahikoa izan. Une honetan, lan telematikoaren ondorioz, etxeak lantoki bihurtu dira eta umeekin gauza bera egin nahi izan dugu. Familia batek pisu txiki bat partekatzen badu, kide asko badira, gela bakar batean bizi badira, txiro energetikoak badira, toki eta momentu lasaiak falta badira lan egiteko, etxeko nagusiek ezin badiote umeari lagundu lan saioa antolatzen, ezin badiete erantzun umearen premia bereziei edo espezifikoei... etxera eraman dioten tableta eta konektibitatea ez dira nahikoak izango. Beste modu batean esanda, etxe guztiak ezin dira lantoki/ikasgela bihurtu.

Agian ume horiek etxetik atera beharko dira, ikasdenborarako ikasleku bihurtu daitezkeen beste espazio batzuetara joan ahal izateko, beste ikasle batzuek etxean telelana egiten duten bitartean, hauek bai ahal dutelako. Baten batek esango du ikasle batzuek aukera akademiko gutxi zituztela pandemiaren aurretik ere, haien desabantaila sozioekonomikoarengatik. Baina eskolaren espazio fisikoak, alde horretatik, eragin berdintzailea zeukan, oraingo egoeran gertatzen ez dena. Desabantailan dauden eta premia bereziak dituztenen presentzialitateak ez luke lehentasuna izan beharko? Larria zena oso larri bihurtzen ari da, eta ezin dugu besterik gabe onartu. Badakigu arazoa oinarrian dagoen bidegabekeria soziala dela, baina bitartean eguneroko egoerei erantzuna bilatu behar zaie.

Eskolen arteko arrakala. Konfinamenduaren lehenengo egunetan ahots batzuek (Tonuccirenak nabarmenen, agian) proposatu zuten umeen denbora eskolako lanez ez betetzeko, aukera aprobetxatzeko bestelako ikaskuntzak bultzatzeko. Etxealdia luzatu ahala, baina, ikastetxe ugarik hezkuntza curriculumari heldu zioten gogotsu; ezin zen denbora gehiago galdu (kontziente izanda ere eskola telematikoaren bidez ezin dela lortu eskola presentzialaren bidez lortzen zen guztia). Eta komunikabideetako erreportajeetan joan gara eskolen arteko arrakala gero eta argiago ikusten: ikastetxe batzuk agertzen ziren harro ikasturteko edukiak online aurrera eraman ahal izan dituztelako (betiere, irakasleen ahalegina aitortuz); beste batzuek, berriz, adierazten zuten, ikasle askoren profil sozioekonomikoa zela-eta, haien helburua zela nagusiki harremana mantentzea eta ikasleak emozionalki sostengatzea. Mezu horren ondorioak izugarriak dira.

Segregazio soziala bazen gure hezkuntza sistemaren arazo potolo bat, eta eskola askotan heterogeneotasun sozial handiagoa bultzatzea bazen sistemaren erronka handia; baina aurrekoa ikusita, ez al da helburu hori zailtzen ari? Zein eskola aukeratuko lukete klase ertaineko familiek haien umeentzat, baita aniztasuna estimatzen duten familia askok ere, ikusten ari direnaren ondorioz? Eta orduan zein da eskola sozialki konprometituenen etorkizuna? Hemen ere errefortzu positiboa da beharrezkoa, gizartearentzat horren baliotsuak diren —eta, aldi berean, horren estigmatizatuta dauden— ikastetxe konprometitu horien alde, gehienak publikoak. Errefortzu hori lehen ere garrantzitsua zen eta faltan botatzen genuen; orain, are gehiago. Hezkuntza administrazioari zegokion eta dagokio areagotzen ari den segregazioaren arazoan eta bere ondorioetan esku-hartzea. Urgentea da beste hezkuntza eragileekin batera neurriak erabakitzea.

Tutoretzaren rola egun hauetan. Ikastetxeek eta irakasleek aurrera jarraitzeko egin duten ahaleginak errekonozimendu guztia merezi du. Ahalegin horretan, zein leku eman zaio tutoretza denborari? Eskolako curriculumaren ikasgaiak bihurtuko ziren lehentasun nagusia edo bakarra, eta tutoretzarekin lotutako dimentsioak desagertuko ziren? Nahikoa izango da klase telematikoaren hasieran «zer moduz zaudete» galdetzea, eta ikasle batzuek «ondo» azkar bat erantzutea? Bai, badakigu zeintzuk diren teknologiaren mugak; teleklase batean parte hartu duenak badaki pantailak ez duela errazten gelakideen arteko komunikazio jariakorra, adibidez; eta gorputzaren adierazkortasuna galtzen dela. Ikasle batzuek ez dute ezta kamera konektatzen ere.

Eta, hala ere, tutoreek moduak eta dinamikak bilatu ahal dituzte hilabete hauetan gertatzen ari zaiguna ikasleei hein batean elaboratzen laguntzeko, norberaren esperientziak, emozioak eta kezkak partekatzeko, gizartean dauden gogoetei eta debateei heltzeko, eskolaren funtzioaz hausnartzeko... Zalantzarik ez daukat esperientzia desberdinak daudela, baita materien barruan ere. Kontua da itxialdiaren aurretik ere tutoretzaren izaera bazela erronka edukatibo bat, batez ere bigarren hezkuntzan: zein arreta ematen zaion (ematen zaionean, irakaslearen araberakoa baita batzuetan), zertarako erabiltzen den, zer kultura dagoen ikastetxean funtzio horrekiko, zer egiten ari den benetan tutoretza denboran... Hurbilpen azkar bat egiteko, gure inguruko gazteei galdetzea baino ez dago; denetik kontatuko digute. Eta oraindik galdera bat: egun batzuk barru ikasle batzuk ikastetxera itzultzekotan, bizi garen garaia tratatzeko aukera izango dute, edo, gelditzen den denbora urriari etekina ateratzeko asmoz, eduki diziplinarrek soilik jasoko dute arreta?

Pantailen erabilera. Tresna digitalek egin dute posible, hein batean, aurrera jarraitzea; haien rola sendotzen ari da. Tresna horien izaerari, baina, erreparatu behar diogu: Internetera sarbidea duten pantailak dira (ordenagailua, smartphone-a, tableta...), eta horrek ondorioak dauzka. Konfinamenduaren aurretik kezka gero eta handiago bat detektatzen ari zen familien artean: umeen eta gazteen adikzioa pantailekiko, alegia, pantailek ume batzuen denbora ia guztia irenstearen ondorio kognitiboak, fisikoak eta afektibo-sozialak, epe laburrean zein luzean. Baina pantaila internetdunak ikasketetako tresna bihurtzen direnean, eskolan eta etxean, askoz zailago gertatzen da erabilera mugatzea etxean, jakinda ere ikasleek inbertitzen duten denboraren parte esanguratsu bat egon daitekeela lotuta interneten dauden hainbat eduki ez-eskolarrekin, haien adinerako ez direnak eta adiktiboak izateko diseinatuta daudenak. Julio Cortazar parafraseatuz, hezkuntza sistemak umeari entregatzen dio ordenagailua, ala umea ordenagailuari oparitzen dio? Eskolako ordenagailuen ezarpenaren programan ebaluatzen ari da umeen bizitzan dauzkaten ondorioak eta hausnartzen ari da ondorio horien aurrean nola jokatu eskolan eta etxean?

Bestalde, pantailen erabileraren ifrentzuaz ez da nahiko hitz egiten eskolan eta gizartean. Ikastetxeetan ikasleen eskura jartzen diren ordenagailuak ari dira gure seme-alabak makroenpresa teknologikoen mende uzten. Googlek gehiago daki haietaz beste inork baino, eta datu horien erabilera eta salerosketa, dakigunez, merkatuak erabakitzen du, ez umeek edo familiek. Baina alternatibak egon daitezke eta urratu ahal dira. Ikusita, itxialdiaren ondorioz, eskolako ordenagailuen erabilera hedatuko dela, benetan hezkuntza komunitateak ez du ezer hausnartu eta erabaki behar? Garai egokia izan daiteke, bestalde, Javier Echeverria filosofoak proposatzen duen ekimenari ganoraz heltzeko: erakunde publikoek «euskal hodei digitala» sortzea eta kudeatzea.

Aspaldiko erronkak dira guztiak, baina orain handiagoak eta urgenteagoak.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Maiatzaren 29an eguneratua, 19:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan lau pertsona hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez, 22 positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta bi gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 29.107 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.056 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Lanbide arduratuko da errenta berria banatzeaz. ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Iritsi da bizitzeko gutxieneko diru sarrera, muturreko pobrezia murrizteko

Irune Lasa

Espainiako Gobernuak diru saria onartu du, eta ekainean bertan hasiko da ordaintzen. Hegoaldean, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak kudeatuko dute

Haur bat, jolas parke baten ondoan, Zarautzen. / ©Gorka Rubio, Foku

Espainiako Gobernuak eguneko udalekuak baimenduko ditu hirugarren fasean

Jon Ordoñez Garmendia

70 urtetik gorakoentzako ordutegiak desagertu egingo dira. Gehienez hogei pertsona elkartu ahal izango dira, baina ezingo da probintziatik atera oraindik.

Donostiako Zurriola hondartza, atzo. ©Gorka Rubio / FOKU.

Murgak dio ezin direla errepikatu hondartzetan ikusi diren irudiak

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Jendea ez pilatzeko eta hondartzak modu «dinamikoan» erabiltzeko eskatu du Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Era berean, galdegin du aisialdirako bada ez erabiltzea garraio publikoa «jende asko dagoenean».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna