Motxiladun umeak COVID-19 garaian

Ion Mintegi Oiarbide
2021eko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Jendarte baten arima ondoen islatzen duena bere haurrak tratatzeko modua dela esan zuen Nelson Mandelak. Bada, espetxeek presoen haurrei ematen dien tratuari erreparatzen badiogu, jendartearen arima hori bereziki zikinduta dagoela begiztatzen dugu.

COVID-19aren izurria iazko urte hasieran lehertu zenetik, pandemiari aurre egiteko herritarrok orokorrean jasan ditugun muga eta trabak muturrera eramanak izan dira kartzeletako egunerokoan, kanpoko senideekiko kontaktu fisikoa erabat moztuz, tartean haurrena; salbuespenak salbuespen.

Pentsa urte eta erdi ume baten bizitzan zer diren! Tarte horretan haur batzuk oinez hasiko ziren, besteak hizketan, fardela kentzen, bizikletan,mendian, tableta maneiatzen... Baten batzuek 10 urteak ere beteko zituzten, eta hortaz, Elkarbizitzako bisean-biseko bereziak egiteko eskubidea ere galduko dute aurrerantzean. Telefono bidezko bost minutuko dei neurtuak ez dira nahikoa. Ez da justua.

Motxiladun haurrak motxilak betetzen ikusi nahi ditugu, motxilak bete beharra salatzen jarraituko badugu ere.

Haur hauek kartzelako korridoreetatik igarotzen direnean, bazterrak kolorez zipriztintzeko eta ertzak leuntzeko dohaina dute. Bisita guneetan ez dute topatzen camping garestietako aktibitaterik edo megapark ponpoxoetako atrakziorik. Asko jota, eskuz esku ibili den jostailu xumeren bat, edo guraso presoak ekartzea lortu duen teniseko pilota edo paperezko eskulanen bat. Gainontzekoa gelanbertan topatzen dute: aulkiak bata bestearen erreskan jarrita trenak eta autobusak sortzen dituzte; mantekin kanpamentu indiarrak eraikitzen dituzte; leihoetako kortinen atzean ezkutatu daitezke, hankak bistan geratuta ere; komunetako kaniletan etxe guztietako kuxidadeak eragingo dituzte, horko putzu eta parrastada, bisita bukaeran korrika dena sikatu beharrean.

Beraien presentziarekin hain gune txikian hain denbora gutxian hainbeste sentimendu kontzentratuta, klimaxa sortzen dute. Eta guraso presoak perfumearen esentzia potean harrapatzen den bezala isolatuko du tarte horretan familia giroan bizitako momentua, moduluko ziega hertsian behin eta berriro begiak itxi, tapa altxa eta birbizitzeko.

Bisean bisekoak, ematen diren momentuan ez ezik, etorkizunerako ere garrantzitsuak dira. Elkargune horiek, zuzeneko harreman motz baina jarraituak, familia bildu, lotu eta ezaugarritzen dute.

Orain bospasei urte, trantze horretan aurkitzen nintzenean, posta bidez, kide batek espetxetik espetxera eskuz egindako pirata bizargorri baten kareta igorri zidan. Bisean bisekora ateratzeko aukera izan nuen eta bisita egun horretako jolas izarra bihurtu zen. Behin espetxea atzean utzita, kareta hark umeen gelako paretean txintxilik jarraitzen du, bizirik, egokitu zitzaigunaren eta egun garenaren arteko memoriaren lotura bat bezala. Kuttuna dugu bere esanahiagatik.

Horregatik, izurriari gain hartzen ari zaion honetan, tabernak, zinemak, kirol jarduerak, eskaintza kulturalak zabaltzen ari direnean, kartzeletako bisita guneak irekitze bidean jartzea premiazkoa da, presoen, haurren eta familien oreka, osasuna eta ongizana bermatze aldera.

Motxilak bete! Motxilak gora!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.