Noiz sortua: 2020-03-25 00:30:00

Akaso

Pertsona bat etxebizitza bateko lehioan eserita, Gasteizen, itxialdiaren hasieran.
Pertsona bat etxebizitza bateko lehioan eserita, Gasteizen, itxialdiaren hasieran. RAUL BOGAJO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Arantza Santesteban - Kultur kudeatzailea eta ikerlaria

2020ko martxoak 25
Munduari harriduraz begiratzen diogu egun hauetan. Gure egunerokotasunak eztanda egin du, eta geure buruari galdetzen diogu parentesi honek nola eragingo dion orain arte ezagutu dugun guztiari. Zaila da pentsatzea, zaila idaztea, eta egoerari tamaina hartzeko saiakeran, ikusi ditugun serie eta film distopiko ugari ekartzen ditugu gogora. Gertatzen ari denarekin konparatzeko dugun bakarra fikzioa dela dirudi.

Iaz Osasunaren Mundu Erakundeko zuzendaria den Tedros Adhanomenak pandemia berri baten arriskuaz ohartarazi bazuen ere, ez zen halako neurriko ezer espero, eta ageriko gertatu denez, mundua ez genuen prest halako zerbaiti erantzuteko. Bere esanetan, arazoa ez zen pandemia bat egongo ote zen jakitea, baizik eta noiz iritsiko zen asmatzea. Dagoeneko ez da asmatu beharrik.

Iritsi da 2020 urte hasi berrian, eta hemendik aurrera dena aldatuko da ziurrenik. Aldatuko dira mundua antolatzen duten paradigma orokorrak? Akaso, eta aldatuko ez badira ere, hizkuntzari dagokionez bederen, kategoria zaharkitu batzuk labain egiten ikus ditzakegu aurrerantzean: lehenengo mundua, hirugarrena, mendebaldea eta ekialdea... kontzeptu ezberdinak agertuko dira mundu global honetaz hitz egin ahal izateko.

Akaso da zuhurtziaz erabili dezakegun termino bakarra egunotan. Ez ditugu behar iritzi erabat osatuak dituzten guruak, ez eta uste irmoak erakusten dituzten pregoilariak ere. Egoera berri honen ezaugarri nagusia ziurgabetasuna da, etorkizunarekiko ezjakintasuna, eta horrek gauzak beste modu batean pentsatzera behartzen gaitu. Ziurgabetasunaren erdian, gure pentsaerak oszilatzailea izan behar duela esan beharko genuke? Akaso bai. Eta baliteke hau izatea krisialdi honek erakutsi ahal digun zerbait: modu dikotomiko eta dogmatiko batean pentsatzea baino, erradikala izan daitekeela gure pentsamendua une batez kulunkan izatea, alde batetik bestera. Ziurgabetasunean eta erantzun berrien bila.

Norabide argirik gabeko dibagazio horietan, Leon Rozitchneren esaldi bat izan dut gogoan: herriek borrokatzen ez badute, filosofiak ezin du pentsatu. Honen arabera, akzioa ekintza etengabekoa borrokaren zeinu nagusia izango litzateke, eta ekintza horiek hausnarketa politikoa eragingo lukete. Baina, badago komunitate gisa askeago egin gaitzakeenik ekintza ikusgarriegirik egin gabe? Badago zerbait egitea ezer ez egite moduko honetatik?

Gure etxeetan konfinatuta, akzioa beste modu batean pentsatzera eraman gaitzake egoera honek. Krisia ez dute eragin modu zuzenean faktore finantzario edo ekonomikoek. Alabaina, krisialdiak lotura estua du gorputzarekin eta bere zaurgarritasunarekin. Gorputz biologikoak erritmoa jaitsi du, eta adimena ere ez doa ohiko erritmoan, aldrebesturik dabil, halako pasibotasun moduko batean galduta. Agian, gelditzea izan daiteke aukera bat normalean ezkutuan geratzen diren gauzak agerrarazteko? Eta hori, izan daiteke erabilgarria borrokarako?

Organismoa, biologikoa eta soziala, saturazioan murgildu dugu azken hamarkadetan. Zenbatetan adierazi dugu nekatuta gaudela, ezinean, kolapso egoera etengabean. Franco Berardi pentsalariak dio gogoa aspalditik dugula nekatua seinale oso konplexuak deszifratzen, deprimitua gehiegizko estimuluen eraginez, umiliatua botere ekonomikoek ezartzen dituzten erabakien inpotentziaren aurrean. Egunotan, halabeharrez, burua beste erritmo batean dago, modu ikusgarri batean kanpora lehertu baino, modu inplosiboan egin du eztanda.

Gure abilezia eta muga guztiekin, aukera bat dugu hainbat gauza birpentsatzeko. Kontua ez da inor leziatzea, kontua da, ezer ez egite honetan agertzen diren seinaleak ikusteko gai garen jakitea. Besteak beste, sentikortasuna lantzea. Ezkerreko pentsamenduan hain bogan dagoen errealismo pesimistak ez du zentzurik, ez eta akzioa ezinbestean aldarrikatzen duen ikuspegi utopista bat ere, funtzionatzen ez duten gauzekin kritikoa ez dena. Oszilazio horien testuinguruan, bada sentsibilitateaz hitz egiterik modu politiko batean? Keinu politiko gisa?

Agian zokoratua izan dugu saturazio hamarkada hauetan gure arteko interdependentziak duen garrantzia. Egunotan, ordea, oso agerikoa egiten zaigu giza-zaurgarritasuna, ez garela ezer besteak gabe. Giza harremanak zaintzea ezinbestekoa dela ekimen politiko handizaleena ere egiteko. Zaintzea, ez soilik egunotarako elkarren arteko sareak osatzeko, baizik eta edozein egitura politikoren etikaren erdigunean egon dadin.

Pentsa dezakegu sentikortasun horretatik kartzela ereduaren inguruan? Zer den preso egotea simulatzera irits gintezke egunotan fribolitaterik gabe, jakina sentituz nolakoa izan daitekeen gorputza preso duen bizimodu bat? Antzera kuestionatu genezakeen sistemak bultzatzen duen ikuspegi kapazitista, zeinaren arabera gaitasun osoak dituzten gorputzak diren soilik bizitzarako gaituak.

Pentsa dezakegu sentikortasun horretatik kulturak duen garrantziaren inguruan? Arrazoinamendu marxista ortodoxoaren gainegituraren eta azpiegituraren logika hori zalantzan jar dezakegu pentsatuz, kulturak baduela bizitza den espazio komun honetan eragin zuzenik? Hizkuntza behar dugula bizilagunarekin hitz egiteko, kode komun eta afektibo bat besteen beharrak ulertzeko, keinu jakin batzuk laguntzeko, eta agian ekonomia eta kultura ez daudela hain urruti. Akaso.

Aurrerantzean mundua, eta harekin logika ugari, aldatuko dira. Akaso. Eta baliteke, galdera hauek guztiak haizeak eramatea. Baina ezerez honetatik gauzak ezberdin pentsatzeko beta hartzen badugu, akaso, aldatuko gara gu ere.

Albiste gehiago

Apirilaren 3an eguneratua, 14:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 10.686 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda. 597 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 2.736 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko liburutegia, iaz. ©Iñigo Uriz / Foku

NUPek ez du eskola presentzialik egingo ikasturte honetan

Berria

Baxoa kontrol jarraikiaren bidez egingo dela esan du Jean Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroak. Hala ere, frantseseko ahozko azterketa mantentzea erabaki dute —lizeoko bigarren urteko ikasleek pasatu beharko dute—. Jaurlaritzak ez du baztertzen unibertsitatetan aurrez aurreko klaseei ekitea berriro, nahiz eta Espainiako Unibertsitate ministroak nahiago duen ikasleak ez itzultzea ikasgeletera. Eusko Jaurlaritzak «autonomia» defendatu du.

Herri Urrats, iaz. ©GuiIlaume Fauveau

Bertan behera utzi dituzte Herri Urrats, Ibilaldia eta Araba Euskaraz

Oihana Teyseyre Koskarat

Udaberrian egitekoak ziren ikastolen aldeko jaiak, baina beste garai batean egitea aztertzen ari dira.

Apirilaren 3an eguneratua, 14:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 10.686 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda. 597 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 2.736 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna