Txema Ramirez de la Psicina

Ekiteko unea

2020ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Irria ere kaleetatik desagertu da. Maskarek dena ezabatu dute. Beldurra arnasten da, kutsatua izateko izua. Pandemia gure pentsamenduaz jabetu da. Den-dena bahitu du: albistegiak, agenda, lana, giza harremanak, maitasun klandestinoak... Ez da lokamutsa, egia gordina baizik. Seguru asko gure bizitzaren unerik latzena igarotzen ari gara, gure historia markatuko duen atala. Paradigma berriak erakarriko dituen ziklo aldaketa itzela da. Gure esku egongo da fase honetatik eratortzen diren ereduak askatzaileak edo zapaltzaileak izatea. Horregatik, garrantzitsua da une honetan gogoeta egitea, iraganean egindako akatsak saihesteko (2008ko krisia).

Ezustean harrapatu gaitu? Erantzuna begi bistakoa da. Inoiz ez gaude honelakoak jasotzeko prest. Albert Camusek 1947an idatzi zuen bezala, izurriek eta gerrek ustekabean harrapatu ohi dute beti jendea. Mendebaldeak destainaz begiratu zuen Ekialdea. Baztertu, gutxietsi eta laidoztatu zuen: «txinatarren kontua», entzun genuen. Bestaldera begiratu genuen. Egun, hilabete eta erdi daramagu behartutako etxealdian eta oraindik ere ez ditugu gauzak oso argi. Alde batetik, komunitate zientifikoak birusaren portaera ezagutzen ez duelako, eta, bestetik, klase politikoa ere oso fin ez dabilelako. Osasun krisi globala baino gehiago da. Gobernantza eredu krisi globala ere bada, adar ekonomiko, kultural eta sozialak dituena. Eta gainera, une berezi honetan beste gabezia global bat ere egiaztatu dugu: buruzagiez urri gabiltza; burugabeez, erruz.

Gaur egun kontu horiek guztiek begien bistakoak dirudite. Jakina, «ikusi eta gero, denok oso azkarrak», dio aforismo zaharrak. Izan gaitezen bada eraikitzaile. Azter dezagun oraina, geroari begira.

Kurba famatua menderatzen hasiak garela dirudien arren, ortzimugan lanbroa dago. Shock egoeran gaude oraindik eta ziurgabetasuna nonahi dakusagu. Balkoietako eguneroko erritura gerturatzen gara osasun langileei omen egitera, eta, bidez batez, geure buruarekin bat egiteko, komunitate baten parte garela sentitzeko, baita bizirik gaudela egiaztatzeko ere. Eta hildakoez? Nor gogoratzen da zendutakoez? Noiz oroitu behar ditugu gure nagusiak leihoetatik? Gure bizitzaren ardatz izan dira, beren DNA daramagu. Isil-isilik joan doaz, inor molestatu gabe. Ahaztuak, baztertuak estigmatizatuak... heriotza duina izateko eskubidea urratuta, zapalduta. Bakardaderik mingarrienean joan doaz. Birusak lurperatu ditu, bai, baina erakundeek abandonatutako erresidentzia sistema batek ere sakrifikatuta hil dira. Interes ekonomiko ziztrinenek ehundu eta birrindu duten sistema baten biktima dira.

Noiz arte?

Jarrai dezagun balkoietan, aparteko behatokiak baitira, baita subjektu aktibo bezala dugun funtzioari buruz gogoeta egiteko ere. Zenbait itaun nahitaezkoak dira: zein da gizarte zibilaren papera egoera berezi honetan? Nolatan eragin dezakegu erabaki publikoetan? Jarraitu behar dugu otzan eta mantso goitik datozkigun erabaki guztiei men eginez?

Ongi asko dakigu egoera oso konplexua dela, eta gaur egun erabakiak hartzea lan nekeza izateaz gain, ardura handiko zeregina ere badela. Bai, badakigu eta ulertu egiten dugu, noski. Zenbait inkongruentzia barkagarriak izan daitezke. Hala ere, egunero ikusten ditugun ezin azalduzko erabakiak, kontraesan goriak eta tik autoritarioak... suabe esanda, guztiz onartezinak dira. Adibidez: alarma egoeraren militarizazioa. Kontua ez da soilik armadak gure kaleetan eta prentsaurrekoetan duen presentzia. Eskutik etorri da hizkuntza belizista, kuarteleko patioaren airea dakarkigun lengoaia: heroi, soldadu, irabazi... Hitz-jario joria izan liteke, baina ez doakoa: psikologikoki kikildu eta ideologikoki umezurtz mantendu nahi gaituen egoera da, shock emozionaleko abagunea betikotzeko asmoz. Naomi Kleinek aspaldi teorizatu zuen egoeran gaude; une berezia non estatuek asaldura orokorra baliatu nahiko duten gobernantza-sistema berriak ezartzeko. Eta zinez kezkagarriak diren ereduak dira. Autoritarismorantz zuzendutako erregimenak: big data-k eta 5G teknologiak ahalbidetutako polizia-estatu digitalak. Xede garbia dute.Giorgio Agamben filosofo italiarraren hitzetan «salbuespen egoera naturalizatu nahiko lukeen egoera» baterantz goaz.

Mundu osoko intelektual, filosofo eta pentsalariak gogoeta interesgarriak egiten ari dira egunotan. Espektro zabaleko eta jatorri nahiz joera desberdineko akademikoak —Noam Chomsky estatubatuarra, Naomi Klein kanadarra, Slavoj Zizek esloveniarra, Byung-Chul Han hegokorearra, Giorgio Agamben italiarra, Manuel Castells kataluniar eta ministro espainiarra eta Yuval Harari israeldarra, besteak beste— bat etorri dira esatean (bakoitzak bere ñabardurak eginda) guk geuk, herritarrokin batera, ahaldundu behar dugula, autoritarismoaren arriskua hor dagoela, benetakoa dela, inoiz baino handiagoa. Erreakzionatu egin behar dugu: oposizio eraikitzaile eta ez suntsitzailea eginez, baina erantzun behar dugu, modu aktiboan.

Inork ez daki noiz arte luzatuko den egoera hau. Ezin gara esperoan geratu. Aurreko krisi suntsitzaileetatik ateratako ondorioak kontuan izan behar ditugu, herritarrak ahaldunduz, elkartasun sareak sendotuz, bizitza eta osasuna erdian jarriz, ekonomia zirkularra bultzatuz, ingurumena zainduz, tokiko azokak mimatuz, turismo sostengarria baliatuz... Egoera hau ez da amaituko txertoa deskubritzen dutenean. Urruntze soziala, seguru asko, gehiago luzatuko da.

Amaitzeko, berriro ere Albert Camus aipatu behar, etxealdi honetan berraurkitu dugun Izurria liburutik lapurtutako gogoeta batekin (bide batez esana armiarmaren webgunean duzue euskaraz Imanol Tapiak itzulia). Egileak, eleberri gisa zizelkatutako kronika zoragarriaren amaieran burutazio hau egiten du: izurrian ere «gauza gehiago daude gizonengan miresgarriak direnak mespretxagarriak baino». Gure esku dago, beraz. Posible da bai, jakina baietz, baldin eta, Castellsek dioen bezala, sistemako reset botoiari garaiz ematen badiogu.

Normaltasunera bueltatzen garenean ezer ere ez da berdina izango. Dena aldatuko da. Dena, desberdina. Gobernatzeko modua, baita oposizioa egitekoa ere. Horregatik, ezinbestekoa da den-dena gobernuengan ez delegatzea, ez onartzea besterik gabe goitik datorren guztia, gogoeta kritikoa eginez. Ekiteko unea da. Orain. Bihar beranduegi izan daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.