Zehaztuz: zer eginen dugu orain?

Xabier Barber del Rio
2020ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Agerikoa da zenbait gauza aldatuz gero hobeki biziko ginatekeela. Aukera dugu urrats garrantzizkoak egiteko. Hausnarketa teorikoak ari dira sortzen, ezinbestekoak. Honek neurriak proposatzen ditu.

Ekarpena egiteko gauza izateak osasuna eskatzen du. Gaixotasunak eraso egiten digunean aski dugu sendatzearekin. Eneko Landaburukerraten zigun: «Zaindu zaitez, lagun!».

Elikadura egokiak, estres gutxik, atseden nahikoak, eguneroko ariketak, natur esparruan egoteak... laguntzen digute sistema immunitario orekatua eta ahalmen mental eta fisiko onak mantentzen.

Elikadura: azukre finduak kendu (opil eta izozki industrialak, edari gaseosoak); Irin zurien ordez (ogia, pastak, galletak) irin integralezko produktuak erabili; animalien proteina (haragiak bereziki) gutxiago jan eta lekale eta zekale integralekin ordeztu; zukuak murriztu eta fruta osoa hartu; tokian tokiko elikagai freskoak haien sasoian jan, eta ultraprozesaturikoak, izoztutakoak eta urrutitik ekarritakoak saihestu.

Gure giza ingurunea zain dezagun. Ez genuen bizirik iraunen bakardadean. Lanen banaketak eskatzen du etxeko lana eta zaintza lana banatzea elkarrekin bizi garenen artean.

Eta natur ingurunea. Agroekologia gorantz doa; bultzada behar du. Modu ekologikoan jatea gure osasunaren hoberako da, bai eta ingurumenerako ere. Elikadura burujabetza xedea da; kontsumitzean dugun zeregina funtsezkoa da: hurbileko produktuak, ekoizten direnetik gertu dauden zirkuituetan, kontsumitzaile kooperatibetan edo bertako dendetan. Saltoki handietan erostea salbuespena izan beharko litzateke, eta haien etorkizuna, berritu edo desagertzea.

Elkarrekin jardun dezagun. Gutxiengo batek baliabideak bereganatzen dituen kapitalismoan bizi gara. Gure bizimodua (kontsumista, baliabideen xahutzailea, hondakinen sortzailea, indibidualista) aldatzen dugun aldi berean, botereak zalantzan jar ditzagun: korporazio handiak; eremu finantzarioa, antzua; instituzio gehienak, kideko alderdiek kontrolatuak. Buelta ematea, pertsonak erdigunean izanen dituen sistema baterantz (gainerako izakiak nola tratatzen ditugun ahantzi gabe).

Horrek antolakuntza behar du. Zuk, nik, pertsona askok geure burua antola dezagun. Sare handia dago: sindikatuak, auzo elkarteak, talde feministak, ekologistak, harrera taldeak, pentsiodunenak, animalien aldekoak... Parte hartzen ahalko dugu. Eta koordinatu.

Euskal Herrian, gutxiegi erabilitako tresna bat dugu: Eskubide Sozialen Karta. Bere baitan, sindikatu batzuk eta makina bat eragile sozial. Hiru gauza hobetu beharko lituzke zeregin garrantzizkoa izateko ezinbesteko aldaketa horretara eramanen gaituen dinamikan: helburuak eguneratzea, haiek lortzeko estrategia bat abian jartzea eta bere funtzionatzeko modua birpentsatzea (horizontalagoa, eraginkortasuna galdu gabe; eta kide ez diren sindikatu eta taldeekin harremanetan sartzea).

Haren programak (helburuak), pertsonak erdigunean: inbertsioak osasun publikoan (eta hausnarketa irekia bere eginkizunari dagokionez, gaurkoa baino prebentiboagoa; industria farmazeutikoen esparrua murriztea...) eta inbertsioak zainketen alde sozialean (egoitza publiko gehiago eta hobeak, sostengua elkarlaneko etxebizitzei, arreta mendekotasuna duten pertsonei).

Aberastasuna banatzeko neurriak: zergen erreforma, gehiago dutenek gehiago ordain dezaten (ondarea, ondasun handiak, PFEZ-eko goiko tarteak, luxuzko produktuen BEZ-a...), Tobin tasa transakzio finantzarioei, enpresa transnazionalen BEZa, paradisu fiskalak eta iruzur fiskaleko beste moduak kontrolatzea... Oinarrizko errenta unibertsala ezartzea, pertsona guztiei bizitzeko gutxienekoa emateko. Gutxieneko pentsioa, 1.080 eurokoa.

Eta lanak banatzeko: 30 orduko lanaldia astean, errelebo kontratuak sustatzea, enplegua banatzeko esperientziak sustatzea, erretiroa 60 urterekin... Parekotasunezko prestakuntza etxeko eta zainketa lanetan. Lan prekaritatea bukatzea.

Produkzio ereduak (eta norberaren kontsumoarena, urriagoa) errotik aldatu behar du: beharrezko produktuak eta gutxiago kutsatuko duten produkzio moduak, hondakin gutxiago sortuko dituztenak. Bertako produkzioa sustatu; zaharkitze programatua zigortu. Nekazaritza eta abeltzaintza intentsiboek eta eskala handikoek mugak behar dituzte berehalakoan, eta haien etorkizunaz eztabaidatzea.

Gerrarekin lotuta dagoena ezabatu behar da: Bardeetako tiro eremua eta arma fabrikak, konpentsazio eta birmoldaketekin. Aurrekontu publikoetan, ezta euro bat ere gerrarako.

Instituzioei lurralde pobretuetan eskua ez sartzeko galdatzea; urteetan suntsitutakoa konpontzen laguntzeko ez bada. Emigrazioak nahitaezkoa izaten segitzen duen bitartean (goseteak, gerrak, herrien habitat eta kulturen suntsitzea, hondamendi naturalak), harrera sareetan inbertitzea. Paperak denontzat.

Gehiago: enplegua sortzea elikagai sanoen produkzioan (produkzio unitate txikiak, lurraldean zehar banatuak, sustatzea); bestelako lurralde antolamendua, landa eremuetan bizitzera animatuko duena (zerbitzuen deszentralizazioa); enplegua sortzea energia aurrezten duten sektoreetan ( tren publiko eta soziala sustatzea, AHT baztertuta eta errepide bidezko garraioa murriztuta; eraikinen isolamendua...); produkzioak tokian tokiko beharren arabera birkokatzea; turismo predatzailea mugatzea; hezkuntza ereduak birplanteatzea; banka nazionalizatzea edo banka publikoak berriro sortzea; energia enpresa handiak nazionalizatu eta energia berriztagarriak ekoizteko eta kontsumitzeko kooperatibak sustatzea.

Aurrera jotzeak estrategia bat eskatzen du. Nola metatu indarrak? Nola sortu interesa populazioaren maila zabaletan eta bertako partaide egin? Zenbait instituziok zeregin garrantzizkoa dute antolakuntza sozialean; kartak (eta mugimendu sozialak orokorrean) kontuan hartu beharko luke zein alderdi politikorekin aritu, noiz eta nola.

Geure burua eta gure inguruneak zaindu eta kolektiboena sakonago egin. Batera: alderdi horietako batek huts egiten badu, besteek atzera egiten dute.

Garatu eta hobetzeko ekarpena da: handitu, ordenatu, epeak eta lehentasunak paratu. Eztabaida premiazkoa da; aurreko krisiak nahiko gaizki utzi gintuen, eta pandemia honek eta bere ondorioek are erronka inportanteagoak planteatzen dizkigute. Kasu eman diezaiogun abisuari; bestela, tenore okerragoak etorriko dira. Hobeki ere atera gaitezke, gure esku egon daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.