Euskal klase mendekoen alderdiarentzako Kongresua

Joseba Andoni Enbeita Ortuondo, 'Gorri'
2021eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Borroka-tradizio aberats bat oinordekotzan hartu duen alderdiaz ari gara, bere ondarea samintasunez oroitzera mugatzen ez den alderdiaz. Egungo euskal gizartean ondo errotuta egon nahi duen alderdiaz. Eta, batez ere, etorkizunera begiratzen duen alderdiaz ari gara, askapen prozesu kolektibo bat sustatzeko baldintza egokiak sortzen lagundu nahi duen horri buruz.

Alderdiaren zuzendaritzak bere garaian erabaki zuen kongresu prozesua metodologia jakin baten arabera garatuko zela. Ahalmen hori berea du. Eta militantziak berretsi zuen metodologia hori. Hortik aurrera, edukiei buruz eztabaidatzea dagokigu.

Metodologia horren garapenaren emaitza dugu Herrigaia ponentzia. Bide horretan, hamaika herri batzar egin ziren, 500 militante ingururekin buruz buruko elkarrizketa sakonak, eta, udan, bi nazio topaketa. Eta horren guztiaren ondoren, eztabaidarako testu bat jarri ziguten eskura militanteoi; Herrigaia aurkeztu ziguten. Herrigaia ez da boterea hartzeko ponentzia, ez da behin betiko txostena. Izan ere, inork ezin du horrelakorik egin une honetan. Nire ustez Herrigaia-n zera baloratu beharko genuke: gure borrokan aurrera egiteko, ezker abertzale gisa ditugun bitartekoetan aurrerapauso bat ote den ala atzerapauso bat. Nire iritziz, eta izan genituen Nazio Batzarretan hala adierazi nuen, aurrerapauso bat da. Hobetzeko moduko testua da, zalantzarik gabe, eta hobetzen ahaleginduko gara zuzenketa partzialen bidez, baina aurrerapauso orokor bat da. Ez dezagun ikuspegi hori galdu, hori baita garrantzitsuena.

Herrigaia-ren arabera, gure herrian gehiengoak artikulatzeko lanean aritu behar dugu; eta horren oinarri nagusia izan behar du EH Bildu eta EH Bairen garapenak; baita, euren aldetik, gizarte eta herri mugimenduenak ere. Zehazki, azken kongresuan erabakitako herritar batasuna bidelagun izan behar dugu: masen erakunde zabal bihurtzea, borroka elektoralaz eta presentzia instituzionalaz gain, herriz herri eta auzoz auzo antolatuz. Borroka politiko eta ideologikoa egin dezala bere zabaltasun osoan. Hori oso garrantzitsua da. Eta Herrigaia-k hor aurrera egiten du, baliabide berriak ematen baitizkigu herri mugimendua ulertzeko eta esparru horretan ere ekarpenak egiteko.

Ildo horren garapenetik eta horrek dakartzan aliantzetatik etorriko da gure herrian Ā«zentzuĀ» berri bat: hedatzeaz, independentziaz, kapitalismoa gainditzeaz, heteropatriarkatua gainditzeaz... hitz egitea ohiko bihurtuko duena. Baina denbora beharko da, iraunkortasuna beharko den moduan eta mendeko klaseen arteko aliantzak ehuntzea beharrezkoa izango den moduan. Izan ere, ez dira gutxi ondare horren jabe diren sektoreak, baina ez dira nahikoak, ohiko bihurtu nahi badugu. Zentzu abertzale eta ezkertiar berri bat Nafarroako Erriberarentzat eta Iparraldearentzat. Metropolirako eta hiriburuetarako. Ibar eta hirietarako.

Uste dut Herrigaia-k asmatzen duela metaketaren subjektu gisa Sortu ez kokatzean. Gure komunitateari erantzun behar diogu, bai, baina harago joan behar dugu; eta, horretarako, EH Bildu eta EH Bai eta herri mugimenduak modu integralean indartu behar ditugu. Horiek dira herritarren metaketarako oinarrizko subjektuak.

Ulertzea eta entzutea dagokigu, eta artikulazio zabaletan murgiltzea, jokoa nahiko irekita utziz, panorama oso irekia dagoelako. Ikusiko dugu greba orokorrik badagoen eta gero zer gertatuko den. Ikusiko dugu ea Katalunia berriro abiatzen den. Ikusiko dugu ea EAJ Gasteizko gobernutik kentzen dugun. Ikusiko dugu nor jarriko den Madrilen Sanchezen ondoren. Ikusiko dugu, baina ekinean jarraituko dugu.

Hausnarketa ildo horretan, gaur egungo instituzioak ez dira kontrainstituzioekin ordezkatuko diren zerbait. Hori ez da erreala. Gaur egungo erakundeek ere izan behar dituzte aldaketarako espazioak... ematen dutenera arte. Eta, horretarako, kaleak ere indartsu eta antolatuta egon behar du. Elkarrekintza eta tentsioa egongo dira bi mailetan, baina bigarrena ez zaio lehenengoari oldartuko. Ez oraingoz, behintzat.

Ez da ziurra askapen borroka honetan irabaziko dugunik. Ziur borrokan jarraituko dugula. Guztiok. Hemen ez dago inor sobran. Batzuok Herrigaia-ren alde egingo dugu. Beste kide batzuek Lurrari Lotuz-en alde; baina, seguru, borrokan jarraituko dugula gure etxe honetan. Hildakoei zor diegu, eta, batez ere, bizidunei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.