Lanaren eta bizitzaren aldeko politika behar dugu

Endika Alabort, Maitane Jaio eta Jon Bernat Zubiri
2020ko apirilaren 14a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Lanaren eta bizitzaren gaineko kalteak saihestezinak direlako, politika ausarta ezinbestekoa dugu larrialdi egoeraren aurrean, langileria babesteko eta bizitzaren iraunkortasuna bermatzeko neurri zehatzen bidez.

Kalte saihetsezinak. Konfinamendu epearen hasieratik saltoki gehienen itxiera dekretatu zen. Harremanetarako eremu garrantzitsua den heinean, kutsatze katea apaltzeko hartu beharreko neurri bat izan zen. Langile gehien biltzen duen sektorea da merkataritzarena, zeinean emakumeak diren gehiengoa. Denda eta ostatu familiarren etenaldiak galera larriak ekarriko ditu, eta, seguruena, baita enpresen arteko berrosaketak ere, Amazon bezalako transnazionalen mesederako.

Beste jarduera ugari bezala, ekoizpen maila asko murriztu da azken hiru asteotan. Horren ondorioz, aldi baterako enplegu erregulazioak (ERTEak) oso ugariak izan dira —30.000 baino gehiago, Euskal Herriko ia 200.000 langileri eragiten dietenak—, eta 14.500 langabe gehiago erregistratu dira martxoan enplegu zerbitzuetan. Bi efektu horiei kontratazio berrien etetea gehitu behar diogu, turismorako sasoiko langileak, kasurako. Urte amaieran aurreikusitako langabeziaren igoerak —20.000 eta 40.000 langabe berriren artekoa— eta langile eta enpresarien errenten jaitsierak populazioaren erosteko ahalmena eta bizi baldintzak kaltetuko dituzte. Udaberri honek euskal ekonomiaren azken hamarkadetako espezializazio eredu kaskarra utziko du agerian.

Bitartean, ospitaleen frontetik haragoko arazorik larriena lantokietako osasuna bermatzea da. Jarduera mantentzen duten hainbat enpresak ez dute egiten, eta erakunde publikoek ez dute eremu horren betearazteko baliabide nahikorik jarri. Horri gehitu behar zaio kaleratze eta kontratu ez berritze askotan ez dela COVID-19ak eragindako larrialdi egoera arrazoi moduan jartzen, nahiz eta agerikoa izan. Horren aurrean, langile asko babesgabe geratzen ari dira, eta gobernuak hartzen ari diren neurriak ez dira nahikoa izaten ari. Degradazio sozialak osasun egoerarekin du harremana, eta egungo egoerak errenten beherakada eta etxez etxeko zaintzaren krisia ekarri ditu. Horregatik, lana zein bizitza babesteko politika ausarta behar dugu.

Lanaren arloan. Hasieratik hartutako neurrien artean, ERTEak malgutzeko eta lehenesteko agindua izan da nagusia, langileekiko kaltea behin-behinekoa izan dadin. PSOE-UP gobernuaren helburua da lan harremanak bertan behera ez geratzea eta enplegua ahalik eta gehien mantentzea. Hori dela eta eskaini ditu gobernuak enpresen likidezia bermatzeko abalak, autonomo, langabetu berrientzako eta lanaldia gutxitu behar dutenentzako diru laguntzak eta horien baldintzak, martxoaren 17ko 8/2020 Errege Dekretuaren bidez.

Kaleratzeak saihesteko bidegabeak direla ezarri dute baita ere 9/2020 EDaren bidez. Finean, ez dira kaleratzeak debekatu. Larrialdi egoerak iraun bitartean ezin dira langileak ezinbesteko arrazoiengatik kaleratu, ezta argudio ekonomiko edo teknikoak tarteko. Praktikan, baina, posible da langile bat kaleratzea, bere ezgaitasuna edo errendimendu murrizketa argudiatuz, adibidez, eta osasun alarmaren egoera altxatu arte itxaron behar izango da, epaitegietan kasua aztertu eta kaleratzea zilegizkoa izan den edo ez erabakitzeko. Ziurrenik, bidegabea dela epaituko da gehienetan, baina kaleratzea bera galarazteko nuloa dela arautu beharko litzateke.

Martxoko azken asteburu hartan beste neurri bat hartu zuen Espainiako Gobernuak 10/2020 EDaren bidez, zazpi edo zortzi egunerako baimen ordaindu berreskuragarria, oinarrizkoa ez den jarduera ekonomikoa eteteko. Horren atzean enpresaren esku geratu den lan ordu poltsa bat ezarri da, hots, enpresak 2020an erabiliko duen lan jardunaldiaren esleipen irregularra.

Bizitzaren arloan. Soldatapeko eremutik harago, oinarrizko hornidurak ez eteteko arauak eta hainbat gastu sozialentzako aurrekontuak onartu zituen Espainiako Gobernuak, hasierako 8/2020 ED beraren bitartez. Etxebizitzen hipoteken ordainketa atzeratzeko aukera onartu zuen, baldintza sorta baten pean. Larrialdi egoera jasaten duten etxeen alokairuen ordainketak etetea izan da eztabaidan egon den beste neurria. Azkenean, etxegabetzeak saihesteko eta maizter zein alokatzaile txikientzako laguntza neurri eskasetara mugatu da 11/2020 EDa, herri mugimenduen haserrea eta alokairuen grebarako deia piztuz.

Gutxieneko errentak bermatzeko planak daude orain eztabaidagai. Espainian oso eskasak dira, eta koalizio gobernuak horiek orokortzeko programa du aldez aurretik, adingabeetatik hasita, baztertze arriskuan dauden beste biztanleetara orokortzeko helburuarekin. Euskal Herrian, ordea, errentak bermatzeko politika sakonagoak ditugu. Hala ere kanpoan utzi dituztenei hedatzea eskatu dute Berri Otxoak bezalako eragileek. Larrialdi diru laguntza horiek udaletxe eta herrietako elkarteetatik arin abiatu beharko lirateke, biztanleriaren beharrizanen ezagutza sakonagoa baitute.

Gutxieneko politika horietatik harago, beste oinarrizko larrialdi neurri batzuk ere behar ditugu: delitu larririk ez daukaten presoen eta baldintzapeko askatasunean egon beharko luketen guztien askatzea; kalean bizi edota lan egiten dutenei laguntzea; droga eta beste menpekotasunak dituztenak babestea; umeen, helduen eta menpekoen zaintza saritzea eta baliabideekin hornitzea emakume askoren etxeko lana; erresidentziak, beste zaintza publiko zein babes sozialeko erakundeetan kontratazio berriak eta berrantolatzea gauzatzea; eta lan denbora gutxitzeko eta sexuen artean hobeto banatzeko plangintza egitea, besteak beste.

Gakoa, azken finean, lanaren eta bizitzaren iraunkortasunean datza, konfinamendu egoera larri hau bukatzean suspertze gaitasuna egoteko. Horretarako, langile klasearen baldintza materialak, enpresen jarduera eta lan kopurua eta, ezinbestean, herri sektore ahulenen egoera bermatzeko politikak behar ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.