Kolunpioa eta kutxa automatikoa

2023ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Baztango pagadi ezkutu batetik paseatzen, ezerez basatian, zerbait ezohikoak harritu ninduen. Elementu arrotza aurkitzeko jolasa balitz bezala, presentzia batek lekuz kanpo zirudien. Imajinatu ezazue argazkia. Arbolak dantzan. Adar biluziak, zerua ukitu nahian. Brisa. Diogenesek gozatu nahi zituen eguzki izpiak. Isiltasuna ez den isiltasuna. Isiltasuna diruditen hotsak, estres akustikorik ez dakartelako. Isiltasuna barik bakea diren naturaren soinuak. Objektu artifizialen erabateko gabezia. Eta han bertan, leku idiliko hartan, kolunpio bat.

Ehun urtetik gorako pago batetik zegoen zintzilik. Enborrean, ohar polit hau: «Kolunpio hau munduko haur guztiak ohoratzeko jarri da, jaio zirenak eta jaio ez direnak. Errespetatu, mesedez». Hans Jonas filosofoarena berarena izan zitekeela otu zitzaidan, gure ekintzetan etorkizuneko belaunaldiak kontuan hartzera hain sutsuki gonbidatzen gintuena.

Zabuan kulunkatzen ari nintzela, neure buruari galdetu nion zer nezesidade ote zegoen horrelako leku batean kolunpio bat jartzeko. Hain ederra den izadian jolasteko irudimena nahikoa ez ote den. Hodeien formak. Zuhaitzek sortutako itzal txinatarren jolasak. Miruen kantak eta akrobaziak. Usainak. Hostoen geometriak. Gozamenerako multibertso ludiko amaigabe bati ematen diote forma.

Berehala, bizi naizen herrira garraiatu nintzen mentalki. Lau mila biztanleko Bizkaiko herrira. Turismo harrapariz betetako Bilbotik aldatu nintzen herrira. Inguratzen duten mendietan, Baztanen ez bezala, ez dago pagadirik, ezta hariztirik ere. Pinudi itzelek eta amaigabeek kolonizatu dituzte hemengo lursailak, logika kapitalistak eraginda. Errentagarritasunak sortzen dien gaitzaz gain, Mycrosphaerella dearnessii izeneko onddoak sortutako gaixotasuna ere sufritzen dute pinu triste hauek.

Herrira iritsitakoan, baina, egongelako leihatetik baso basati bakanetako bat disfrutatzeko abagunea izan genuen. Eta baita nola moztu zuten ikusteko zoritxarra ere. Txoriak nola desagertu ziren. Lurgunea nola zapaldu zuten. Mole gris baten agerpena. Panoptiko bat. Soinu eta espezie propioekiko ekosistemaren jaiotza. Institutu bat.

Kolunpioak gogora ekarri zidan institutua, hain zuzen, eta pentsarazi zidan ea herriko gazteek hitz egiten ote diguten, nahiz eta guk ez entzun. Hausnarrarazi zidan hainbeste kezkatzen gaituzten pantailei buruz, substantzien kontsumoaz, joko batzuekiko mendekotasunaz, sedentarismoaz, indarkeriaren normalizazioaz, harreman toxikoez. Zein erraza den problemen azala atzematea eta ez, aldiz, dituzten sustraiak.

Baztango zabu bakartiaren bazterrarekin alderatuta, herri hau basamortu bat da gazteentzat. Asteburuero, basoa zegoen tokian, nerabe talde batek bizikletak aparkatzen ditu eta institutuko hesia igotzen dute. Udalak, ireki beharrean, igotzea gero eta zailagoa izan dadin hobetu egiten duen hesia. Azken gaztea zain gelditzen ohi da, gainerakoak pasa arte, patioan ordu batzuk jolasean emango dituzten baloia jaurtitzeko, baldin eta udaltzainak ez badatoz guztiak kanporatzeko asmoz.

Kiroldegia, kultur etxea, liburutegia. Denak daude itxita asteburuko arratsaldeetan. Herriko taberna guztiak, gozo denda eta kutxa automatikoak, ostera, irekita. Guztira, bost kutxa automatiko ditugu herrian. Bost ezleku, Byung-Chul Hanen esanetan. Asteko zazpi egunetan, egunean hogeita lau orduz, zabalik dauden kutxa automatikoak. Igandero, garbitzaileek orduak behar izaten dituzte horietako bat txukuntzeko. Nerabeek beren babesleku bihurtu dute tenperatura baxuei aurre egiteko. Agora balitz bezala, hor ematen dute arratsaldea. Garbitzaileen amesgaiztoak diren pipak jaten. Zirkuluan. Hizketan. Barrez. Edo mugikorrari begira, batek daki. Kutxa automatiko hori Epikuroren XXI. mendeko Kêpos tristea da.

Larunbata da. Kalera atera naiz txakurrarekin. Western krepuskular bateko pertsonaien antza dugu. Herriak hilerri bat dirudi. Kalean ez dago inor. Ez da soinurik ateratzen frontoitik, ez inondik. Bankuak hutsik daude. Amildegi honetan txakurrak gaurko ibilbidea trazatu du usainak kateatuz eta kultur etxearen aurrean gustuko duen kolunpiorik gabeko zelairaino eraman nau. Han, nire burutazioak berresten ditut.

Itxita dagoen kristalezko ate erraldoian, bost nerabe daude eserita, isilik. Gure presentzia sentitu ere ez dute egiten. Bakoitzak bere sakelakoaren pantailari begiratzen dio, erabat murgildurik. Alienaturik. Asteburuko arratsaldeetan kulturarik eskaintzen ez duen kultur etxearen wifi estaldura baliatzen ari dira, eta horrela, inoiz elkartzen ez diren lerro paraleloak balira bezala, igaroko dute arratsalde osoa.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.