Berria beste bat denean: arrazakeria komunikabideetan

Aleyda Gaspar, Flavia Navarrete eta Beatriz Villahizan
2023ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Dagoeneko ez da harritzekoa komunikabideetan pertsonen jatorri nazionala aipatzea albisteetan, batez ere atxilotuak, ikertuak, kondenatuak izan badira edo desegokitzat ikusia den jokabideren bat izan dutela uste bada. Datu horiek sartzea arrazakeria normalizatuaren parte da, eta, horregatik, ez diogu salatzeari utziko; izan ere, hori gertatzen den eta detektatzen dugun bakoitzean, harremanetan jartzen gara dagokion komunikabidearekin, zer diskriminaziotan erortzen diren adierazteko.

Komunikabideek gure ohartarazpenaren aurrean ematen duten erantzuna beti bera da: isiltasuna. Isiltasuna inola ere kaltearen aitortzarik egin gabe, isiltasuna ez ikusiarena egiten duen eta entzungor egiten jarraitu nahi duenaren aldetik, edo diskriminatzen duen eta diskriminatzen jarraitu nahi duenaren aldetik.

Azken egunotan etengabe argitaratu dira jatorri nazionalaz gain Poliziak atxilotutako pertsonen egoera sozioekonomikoari eta juridikoari buruzko datuak aipatzen dituzten albisteak, eta beste tipografia batekin nabarmentzen dira, informazio hori garrantzitsua dela erakusteko. Badirudi garrantzitsua dela jakitea non egiten duten lo, non jaten duten edo arrazakeria instituzionalak nola zeharkatzen dituen; hobeto esanda, paperak behar bezala dituen ala ez. Badirudi jazotako gertakariek larritasun handiagoa edo txikiagoa dutela, haien egoera sozial edo juridikoaren arabera.

Jakin nahi genuke zergatik uste duten datu horiek garrantzia dutela eta zer transmititu nahi duten, zer argitaratzen den eta zer ez, nor ordezkatzen den eta nola, albistegiak ezagutarazteaz gain. Benetan jakin nahi dugu zein den komunikabideen asmoa, horren ondorioa argi daukagulako: dauden aurreiritziak eta estereotipoak elikatzea, delituak egitea edo jatorri edo baldintza jakin batzuekin desegokia den jokabidea lotzen duen imajinario kolektiboa betikotzea. Laburbilduz, dagoen gizarte-arrakala indartzea eta bizikidetza zartatzea, profil arriskutsu eta arbuiagarri jakin batzuk sortuz, hau da: gizarte-gorrotoa sortzea eta gorroto horrekin justifikatzea geroko eskubideen zapalketak eta urraketak.

Printzipioz, komunikabideek betebehar etikoa dute Espainiako Kazetarien Federazioaren (FAPE) kode deontologikoaren 7. printzipio orokorrari atxikitzeko, eta «ez dute mespretxuz edo aurreiritziz aipatu behar pertsona baten arraza, kolorea, erlijioa, jatorri soziala edo sexua [...] Era berean, ez ditu datu horiek argitaratu behar, argitaratutako informazioarekin zuzeneko lotura dutenean izan ezik».

Gainera, duela gutxi Migrazioak eta Aniztasuna Komunikatzeko Gida argitaratu da, eta horren 10. gomendioa nabarmendu nahiko genuke. Gomendio horretan honako hau adierazten da: «Taldeetnikoari, azalaren koloreari, jatorrizko herrialdeari eta pertsona baten erlijioari edo kulturari buruzko informazioa ez da ez beharrezkoa ez garrantzitsua. Eta komunikabide guztiek salatu eta baztertu egin behar dute inork deskribapen horiek helburu alderdikoi, xenofobo edo arrazistarekin erabiltzea. Era berean, ez da onargarria jatorri jakin bateko pertsonak legez kanpoko edo delituzko jarduera jakin batzuekin identifikatzea, talde horren atributu edo ezaugarritzat har baitaiteke. Pertsonei jatorri nazionaleko klixeak esleitzeko joerak behera egingo du informazioen kalitatearen arabera».

Gure ustez, gida hau egiteko konpromisoa hartu duten erakundeek gida bera betetzeko konpromisoa ere badute, eta, beraz, hori behar bezala betetzeko neurriak ezarri behar dituzte. Protokolo ofizialak egiteak eta ez betetzeak esan nahi du informazio eta diskurtso arrazista eta xenofoboen hedapenaren konplize izatea. Diskriminazioa sustatzen eta eragiten duena, zabaltzen eta gainjartzen duena bezain diskriminatzailea da.

Alde horretatik, aitortzen dugu komunikabideek funtsezko zeregina dutela iritzi-egoerak sortzeko, eta, beraz, informazioa arduraz erabili behar dute, gorroto-diskurtsoak sortzen ez laguntzeko.

Gure elkartetik kritika eta salaketa etengabea mantenduko dugu arrazializatutako pertsonei eta/edo komunitateei buruzko diskurtso kriminalizatzaileak zabaltzen dituzten komunikabideen aurka. Horregatik, gizarteari dei egiten diogu distantzia bat izan dezan normaltasunetik sustatutako arrazazko eta xenofobiazko diskriminazio horiei buruz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.