Lizarrako festak

Atzerako kontua amaitzear

Lizarratarrek festa giroan emango dituzte datozen egunak: gaur eguerdiko suziri hotsak abiaraziko ditu jaiak, eta «erritmo guztietarako» jarduerek beteko dute egitaraua.

Puy-ren nesken jaitsiera, 2016ko festetan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
Lizarra
2018ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Lizarrako (Nafarroa) herritarrek eguerdiko hamabietan eta udaletxeko balkoian dituzte begirada, gogoa eta bihotza. Gaurtik hurrengo ostegunera arte iraungo dute aurtengo festek, hilaren 9ra arte. Iritsi dira herria zuri-gorriz janzteko egunak, eta, horrekin batera, amaitzear dira jaien aurretiko prestaketak ere. Azken egunotako tentsio eta urduritasunen ostean, suziriaren hotsak emanen dio hasiera zazpi eguneko festa giroari. Eztandaren ondotik, larrain dantzaren jota zaharrak beteko du plaza.

Aurreko urteetan egin bezala, aurten ere festetan eginkizun garrantzitsua duen eragile batek jaurtiko du jaiak lehertuko dituen suziria, udaletxeko balkoira igota. Iaz, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa izan zen. Aurten, Lizarrako Musika Banda aukeratu dute horretarako, haien 25. urteurrena dela eta. Mende laurdena darama taldeak bere musikaz jaiak girotzen, eta omenaldi gisa eman diote une berezi horretan protagonista izateko aukera. Festak iragartzen dituen kartelean ere bandari egiten zaio erreferentzia. Ander Solanori zor zaio hori, hark irabazi baitu aurten festetako kartelen txapelketa.

Erritmo anitzeko egitaraua

Herritarrak presente dira Lizarrako festen programan, herritarrak baitira horren atzean, eta herritarrek gozatzea baita helburua. Udalak azaldu duenez, aurtengo egitaraua lantzeko orain arte egin izan dituztenak «indartzeari» eman diote garrantzia. Ahalegina egin dute urtez urte mantendu eta harrera ona izan duten ekintzetan hobekuntzak egin eta horiei «espazio handiagoa» emateko. Koldo Leoz Lizarrako alkateak adierazi du bereziki musikari eman nahi izan diotela indarra. Horren emaitza da aurtengo kontzertuen zerrenda luzea: Doctor Deseo, Zartako-K, Etsaiakeroak eta beste talde asko igoko dira oholtza gainera egunotan, bai eta plazak alaituko dituzten hainbat orkestra ere. Udalak antolatutakoez gain, asko dira Lizarrako Festagiro Taldea elkarteak aurten antolatu dituenak, eta horrek isla du eskaintza zabalean.

Musikaz gain, noski, tradizioari eusten dioten beste hainbeste jarduerak beteko dituzte lizarratarren festak. Horien artean, ezin ahaztu, esaterako, Puyren ohiko jaitsiera eta goizeroko entzierroak.

Tradiziotik ihes egin beharrik ez da pixkanaka berrikuntzak sartzeko, ordea. Leozek azaldu duenez, denborarekin hainbat egitasmo sortu dira herri mugimenduetatik. Asteazkenerako, hilaren 8rako, elkartasun bazkaria antolatu du Lizarra Harrera Hiriak, besteak beste. «Zorte handia dugu: Lizarran herritarren parte hartzea oso handia da urte osoan», nabarmendu alkateak, eta gaineratu du posible dela hori festen izaeran antzematea, «herritarren» festak baitira Lizarrakoak.

Festak, errespetuz

Jendeak gogoz itxaroten dituen egunak dira, eta prestaketek berebiziko garrantzia dute, deusek huts egin ez dezan. Aurten ere, eraso sexisten aurkako protokoloa aipatzekoa da festen prestaketan, denek jaiaz askatasunez goza dezaten. «Errespetua egunero da ezinbestekoa, eta festak ezin dira inolaz ere salbuespen bihurtu», adierazi du Leozek, irmo. Azaldu du, neurrien artean, eraso baten ostean eman beharreko pausoak biltzen dituen protokoloaz gain, aurretik egin beharreko lanketak duela garrantzia. Berdintasun Sailak, festa batzordeak eta herriko kolektiboek elkarlanean jardun dute kanpaina eta formakuntza tailerrak egiten.

Festa nork bere gisara bizitzeko aukera ematen du egitarauak. Adin eta nahi guztiak asetzeko. Erlojuak hamabiak markatu, eta emozioak eta giro onak apainduko du Lizarra ia astebetez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.