Albistea entzun

Itzal luzeko bi idazle oroitzeko garaia

Aurten hamar urte beteko dira Txillardegi hil zenetik, eta 50 urte Jon Mirande hil zenetik. Haiek gogoratzeko egitasmoak espero dira. Baina ez dira horiek izango 2022ko kultur arloko efemeride bakarrak.

Txillardegiri egindako omenaldi bat, iaz, Donostian.
Txillardegiri egindako omenaldi bat, iaz, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / @FOKU

Ane Eslava -

2022ko urtarrilak 2

Urte guztiek dakarte efemeride borobilik, eta 2022an bi euskal idazle esanguratsuren heriotzen urteurrenak izango dira: aurki, urtarrilean bertan, hamar urte beteko dira Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi hil zenetik, eta urtearen amaieran, berriz, 50 urte Jon Mirande hil zenetik.

>Txillardegik eragin handia izan zuen Euskal Herriko politikagintzan, hizkuntzalaritzan eta literaturan. ETAren sortzaileetako bat izan zen, Altsasuko mahaiaren eta Herri Batasunaren sorreran parte hartu zuen, eta Aralarren ere izan zen. 1961ean erbesteratu zen, eta Frantzian eta Suitzan bizi izan zen.

>Etxean ez zioten euskara irakatsi, baina bere kabuz ikasi zuen. Euskara batuaren sorrerarako ere lan garrantzitsua egin zuen, Federico Krutwig eta Koldo Mitxelenarekin batera. Euskaltzain urgazlea izan zen 1957tik aurrera, eta Euskaltzaindiko Ahoskera Batzordeko kidea 1993tik aurrera.

>Idazle gisa ere lan oparoa egin zuen, eta euskal literaturan berrikuntza nabaria ekarri zuen. Lehen euskal nobela modernotzat hartzen den lana argitaratu zuen, estreinakoz, 1957an: Leturiaren egunkari ezkutua.

>BERRIAk Txillardegiri buruzko erreportaje sorta bat argitaratuko du, hamargarren urteurrenaren karietara.

>Jon Mirande poeta entzutetsua bezain deserosoa izan zen. Haren pentsaerak garai hartako euskaldunen ideologia eta bizimoduarekin talka egiten zuen, eta garai hartarako modernoagoa zen inguru batetik idazten zuen.

>Iaz 50 urte bete zituen haren lanik ospetsuenak eta idatzi zuen eleberri bakarrak: Haur besoetakoa. Istorioak 30 urteko gizon baten eta 11 urteko neska baten arteko harremana kontatzen du, eta liburu gutxi bezain zorrotz aztertu izan da, batzuetan laudatuz, besteetan kritikatuz.

>1973. urtearen hasieran hilik aurkitu zuten Mirande, Parisko bere etxean; egun batzuk lehenago hil zen, 1972ko abenduaren 28an, bere buruaz beste eginda.

>Urteurrenen zerrenda luzea

>Baina Miranderen heriotza ez da duela 50 urteko gertakari aipagarri bakarra: 1972an hil ziren, gainera, Cristobal Balentziaga moda diseinatzailea, martxoan, eta William Dieterle zinemagilea, abenduan; Kixki, Mixki eta Kaxkamelonek lehen emanaldia egin zuten martxoan; David Bowiek Ziggy Stardust diskoa atera zuen ekainean; eta Creedence Clearwater Revival talde estatubatuarra desegin zen urrian.

>Aurten beteko diren mendeurrenen artean hainbat euskal kulturgile esanguratsuren jaiotzak daude. 1922an sortu zirenen zerrendan ageri dira Felisa Arribaltzaga pandero jotzailea, otsailean; Juan San Martin idazlea, ekainean; Jose Agustin Alberdi bertsolaria, abuztuan; eta Ernest Bidegain idazle eta antzerkigilea, azaroan.

>Euskal Herritik kanpokoen artean, berriz, hauek nabarmendu daitezke, beste askoren artean: Pier Paolo Pasolini idazle eta zinemagilea eta Jack Kerouac idazlea 1922ko martxoan jaio ziren; Christopher Lee aktorea, maiatzean; Juan Antonio Bardem aktorea eta Alain Resnais zinemagilea, ekainean; Blake Edwards zinemagilea, uztailean; Jose Saramago idazlea, azaroan; eta Ava Gardner aktorea, abenduan. Urte horretan hil zen, berriz, Marcel Proust idazlea, azaroan.

>1922ko beste gertakari nabarmen bat da Tutankamonen hilobiaren aurkikuntza: apirilean izan zen. Ekainean, berriz, Robert Flahertyk Nanook of the North estreinatu zuen, historiako lehen dokumentaltzat hartu ohi dena.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Bost hilabete iraun ditu gidoilarien grebak. / ©Etienne Laurent / EFE

Hollywoodeko gidoilariak aurreakordio batera iritsi dira

Isabel Jaurena

Akordioa onartzen duten ala ez erabakitzeko bozketa eginen dute bihar, eta 11.500 gidoilarik bozkatuko dute. Bitartean, WGA sindikatuak adierazi du inor ezin dela lanera itzuli. Aktoreak greban daude oraindik ere.

 ©JAGOBA MANTEROLA/ FOKU

«Zer falta zen emakumeak ez zeudelako kameren atzean?»

Itziar Ugarte Irizar

Euskal emakume zinemagileen lanaren gaineko zeharkaldi bat osatu dute Gaztelumendik eta Zufiak 'Arnasa betean' dokumentalean. Euskal Zinemaren galan estreinatuko dute, asteartean.

<b>Christos Nikou zuzendaria, atzo, Donostian.</b> ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Maitemina ehunekotan

Mikel Lizarralde - Ainhoa Sarasola

'Fingernails' aurkeztu du Christos Nikouk lehiara, eta 'Kalak' Isabella Eklofek. 'They Shot The Piano Player' animaziozko filma, berriz, lehiaz kanpo erakutsi dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.