urtzi urkizu
Donostiako 70. Zinemaldia. KURSAALEKO ZUBITIK

Santa Katalinatik zentsura kutxara

2022ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Lehen zubitik hirugarrenera, banoa erritmo bizkorrean. Ez kasualitatez. Santa Katalina zubia inauguratu zutenetik 150 urte bete dira aurten, San Joan bezperan —nahiz eta ibaia zeharkatzeko bidea izan XIV. mendean edo lehenago—. Zubi horretan girotutako eszena gogoangarririk baldin badago, Antton Ezeizaren Ke arteko egunak (1989) filmaren amaierakoak dira. Manifestariak, Polizia eta kea. Beste garai bat.

Zubi horretan topatu izan dut behin baino gehiagotan Maria Elorza zinemagilea. A los libros y a las mujeres canto dokumentalean (Zuzendari Berriak) ama eta beste emakume batzuk grabatu ditu, liburu artean. Elorzak italierazko off-eko ahotsean kontatzen du Tabakaleran ari zela lanean, eta, argazki batzuetan, tabako fabrikako emakumezko langileak azaltzen dira: zigarrerak.

Zentroan ikusgai egon da azkeneko lau hilabeteetan Donostiako Zinemaldiaren historiari buruzko erakusketa, 70. urteurrenaren harira. Bihar itxiko dute.

Baina zinez interesgarriagoak eta kitzikagarriagoak diraVive le cinéma! erakusketako lau bideo instalazioak —urtarrilaren 8ra arte ikus daitezke, doan—. Esperientzia bakana da Dea Kulumbegaxvili zinemagilearen—2020an Urrezko Maskorra irabazi zuen Donostian, Begininning filmarekin— Captives instalazioan sartzea.

Bestelakoa da Lemohang Jeremiah Mosese Lesothoko sortzailearen —Sail Ofizialeko epaimahaian dago aurten— Bodies of Negroes: emakume beltzen gorputzaren irudikapena du ardatz.

Jia Zhang-Ke zinemagileak, berriz, Close-up instalazioan salatu du espazio publikoetan ez dagoela puntu itsurik, eta Txinan jendea une oro zelatatzen dutela segurtasun kamerek.

Isaki Lacuestaren proposamena aipatzea falta da. Urrezko Maskorra bitan irabazi du zinemagile horrek, eta Prohibimos en España instalazio esperimentala jarri du Tabakaleran. Ispiluz osatutako kutxa batean sartuko da bisitaria —aldi bakoitzean bat, bakarrik—, eta zentsuratutako kasuetako irudiak ikuslearen begietatik ihesi doaz teknologia berezi baten bidez; tartean da Euskaldunon Egunkaria-rekin lotutako kasu bat ere. Aldi berean, 26 musikarik Espainian kanta ezin daitezkeenak abesten dituzte. Adibidez, Kortaturen Aizkolari entzun daiteke. Piiiiiii... Gaur iluntzean belodromoan entzutea ere primerakoa litzateke.

Zentsuraz ekarpen gehiago egiteko materiala badu Lacuestak. Apagón telesaileko azken atalean, bestalde, erakusten du baratze batekin eta konpainia onarekin nahikoa dela bizitza zoriontsu eraikitzeko. Wifirik gabe bizi daitekeela, alegia. Hilaren 29an estreinatuko du Movistar Plusek telesail hori. Zinemaldian Sail Ofizialean ari dira ematen, lehiaz kanpo. Ez da makala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.