begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Onena ez da onaren etsaia

2020ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Enpresetako giza baliabideak kudeatzeko hamaika ikastaro garesti eta alferrikakotan ibilitako zuzendariek, zuzendariordeek, gerenteek eta finantzetako gizon- emakumeek barra-barra erabiltzen duten erranaldi zozoa dugu. Programazio Linguistikoa deituriko sasi zientzia komunikazioarenak zabalduriko mezu (mantra, lelo, goiburu) faltsua eta coach izen sakratua (futboletik, errugbitik, saski-esku baloitik datorrelako) beren egin dituzten sasipsikologiako ilustratuek, erlijio berri baten lehenbiziko errezoa balitz bezala, errezitatzen dutena. Honela dio ikurritz zozoak: «Onena onaren etsaia da».

Ba ez. Inola ere ez. Badakit — zelan ez?— nagusiek zergatik esaten duten. Onena egiten saiatzen bagara, gure denbora galduko dugu, enpresaren beste esklaboena ere bai, eta alferrik erabiliko ditugu eskura (bide) ditugunenpresaren baliabideak. Onenak, perfekzioak, galera handiak sorrarazten (bide) ditu enpresaren diru zorroetan, eta kolokan jarri arditalde gurearen immunitate psiko-fisikoa.

Hobe (ei) oinarri-oinarrizko kalitate baldintzak beteko dituen produktu arrunta, behe mailakoa, irensteko erraza sortzen badugu. Bestela, gerta daiteke—kristalezkoak diren arren, gezurrezko leihodun bulegoetan diharduten horien aburuz— ohiko, betiko, usadiozko bezeroak gure aldamenetatik alde egitea. Beldurtua. Edo asaldatua. Eta beldur horrek, arrangura horrek isla eta eragina izango luke enpresaren mozkinen liburuetan. Eta gizarte segurantzan.

Hobe ez arriskatzea. Hobe espero dutena ematea. Hobe mastekatua ematea. Hobe. Ez bilatu, arren, otoi, mesedez, mugaz beste aldera pasatzea. Ez desiratu inork ezagutzen ez dituen parajeetan ibili, zeren... «onena onaren etsaia baita». Omen, bide, ei. Bai esaldi aproposa dena kontrolpean edukitzeko.

Zuk eta biok, ordea, ederki dakigu justu kontrakoa gertatzen dela. Txarra, nolanahikoa, hala moduzkoa, erosoa eta erraza denaren aurkakoa da onena.

Lurretik begiak altxatzen ez dituztenen onespen tristea lortu duen horren gabezia, ahulezia, debilidade guztiak jartzen ditu agerian Onenak. Edo onenak, arraroenetan arraroena izateko ahaleginetan, borroka fier batean ibili den horrek (Bajo Ulloaren Baby-k, kasurako). Horrexegatik, beldurra diote. Horrexegatik egiten diote eraso.

Adibide pare bat: Dea Kulumbegashviliren Beginning / Dasaatskisi eta Miranda Julyren Kajillionaire filmak ikusi ostean, ezinezkoa egingo zaizu karteldegian diren beste hainbat film ontzat hartzea. Nerbioso sentituko zara beste aretoetan, seguru desgogora arrimatuko zarela pantaila arruntetara.

Kanpoan ekaitzak gogor jotzen du, bai. Baina zin dagizut, Dearen eta Mirandaren lanak dastatu badituzu, pentsatuko duzu, dudarik ez izan, hobe dela blai egitea izarrik gabeko zerupean. Hobe, itsasoaren indarraren aurrean belauniko jartzea, El verano que vivimos, Aspern Papersedo Come Away luxuz egindako lelokerien aurrean epel, gozo eta aharrausika baino.

Georgiako Kulumbegashvilik nahikoa ditu Beginning horretan 50 planu sekuentzia, hiru travelling eta kameraz egindako bi mugimendu pantailak zinemaz gainezka egin dezan. Zinema eskola paregabea hartzen duzu 130 minututan, 8 euro eskasen truke. Ez duzumatrikula pagatu beharrik. Ezta master baterako kuota ikaragarria ere. Zure etxe ondoko aretoan sartzen zara eta Donostiako Zinemaldian lau sari handi eskuratu zituen neska honek istorio bat kontatzen nola hasi, nola garatu, nola bukatu (bukatu gabe utziz, nahi izanez gero) irakatsiko dizu. Eta zu, zinema gaindosiak jota hiltzeko beldurrez (edo desiraz). Eta zuk, derrepentean, ulertzen duzu luzez ezingo zarela berriro sartu zeluloide saloi batean, hoberik, diferenteagorik ez duzulako inon aurkituko.

Ez bazara sartzen auskalo zein kobazulotan Miranda Julyren Kajillionaire ikusteko aitzakiaz. Oraingoan ere, ustekabea, sorpresa, zorabioa. Aurreneko eszenatik, kamerarekin hartutako aurreneko erabakitik. Pertsonaiak aurkezteko aurreneko modutik, paisaia definitzeko aurreneko haututik. Pertsonaiak pasaian kokatzeko aurreneko atrebentziatik. Ustez bidezkoa, zilegi eta denok onartzeko modukoa dena (politikoki, sozialki, zinematografikoki) hankaz gora jartzeko lehengo saiotik.

Ez. Onena ez da onaren aurkakoa; txarrarena, mantsoarena baizik. Horrexegatik da hain arriskutsua, hain gazigozoa, hain mingarria eta eztitsua zure burua bere aurrean errenditzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.