Donostiako 66. Zinemaldia. VOYEUR ENEA

Besarkadak

<em>Petra</em> filmeko irudi bat.
Petra filmeko irudi bat. BERRIA

Gorka Erostarbe -

2018ko irailak 29
Bada besarkaden beharra bazterretan. Baita zinemaren munduan ere. Voyeurrari Zinemaldiko azken egunean suertatu zaio eszena: Maria Cristina hotelaren atzeko atarian, Enrique Urbizu zinema zuzendaria eta Jose Coronado aktorea, betaurreko ilunetan babesturik, pauso azkarrean sarrerarantz. Eta emakume adineko bat hurbildu zaio aktore espainiarrari: «Jose, emadazu besarkada bat, arren!». Eta eman dio, nola ez bada.

Joaquin Cociña animazioko zinema sortzaile txiletarrak esandako hitzez gogoratu da voyeurra, La Casa Lobo film liluragarria Tabakaleran aurkeztu ondoren esanikoak: «Forma esperimentalagoak erabili edo ez, beti saiatzen gara publikoa besarkatzen, hasieratik senti dezala gure eskua, senti dezala gure babesa, eta elkarrekin egin dezagun bidea». Eta voyeurrari zerbaitek atentzioa eman dio esaldi horretan. Animaziozko zinema esperimentalean ari den egile batek nola onartu duen, inolako aitzakiarik edo konplexurik gabe, ikuslearenganako gertutasuna adierazi eta bueltan jasotzeko beharra. Eta intuizioa baieztatu dio Jaime Rosales zuzendari katalanak, Petra filmaren harira egindako elkarrizketan. Ez dakiela bere zinemagintza egiteko modua aldatu den edo bera aldatu den zinema ikusle gisa: bere filmak egiteko orduan beti izan dituela ikusleak buruan, baina sentitzen duela jendearengana (gehiagorengana) iristeko beharra. Aldarrikatzen duela artearen autonomia, baina baita eman eta jasotzekoa ere. Komunikazio zubigintza sortzekoa. Elkar besarkatzearena.

Formalismo estetikoan indarra jarri dutenak komunikazio eta besarkada eske: zerbait aldatzen ari ote da hainbat moldetako bakardadeak azaleratzen ari diren gizarte garaikide likidootan? Voyeurrak aurten ikusi dituen film gehientsuenetan azaleratu baita gisa bateko edo besteko bakardaderik, begirada husturik, besarkaden esperorik...

Egunean zortzi besarkada emanda salbu omen da pertsona tristuretatik. Baita zuhaitzei edo arbiari emanda ere. Zinematik atera, eta Zurriola pasealekuan gurutzatzen duen orori besarkadak ematea pentsatu du voyeurrak. Aztoragarriegia akaso. To zortzi besarkada hemendik!

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna