urtzi urkizu
Donostiako 70. Zinemaldia. KURSAALEKO ZUBITIK

Basoan

2022ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Mikele Landa Eako (Bizkaia) Ulla basoan murgildu da Noizko basoa film laburrean. Nagore Murielek Elorrioko (Bizkaia) baserri batean girotu du istorioa Erro bi lanean. Biak ala biak Nest sailean ikusgai, eta euskaraz hautatu dituzten lehenengoak ikasleen lanen kategorian. Berria telebistako Non hago? atalean, ederki kontatu ditu Murielek bere filmaren ingurukoak.

Isabel Coixetek igande gauean esan zuen Juliette Binoche «baso bat» dela, besteak beste.

Mikel Gurrea zinemagileak Suro filmeko prentsaurrekoan kontatu du duela hamabi urte artelatz basoetan lan egitera gonbidatu zutela, Katalunian. Han izandako esperientziaren ostean, pelikula bat egitea otu zitzaion: basoan. Eta film hori Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatzera iritsi da. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Sail Ofizialean opera prima batekin lehiatu den beste euskal zinemagilerik ez dago (ia). Antton Ezeizak, Moriartitarrek eta Asier Altunak bazituzten film luzeak lehendik, Sail Ofizialera iristerako.

Zinemagile euskaldun baten lehen film luzearen kartelak tokirik onenetan ikustea ere ez da batere ohikoa. Kursaalaren parean dago bat, handia. Eta, Kursaaleko zubiaren izkina batean, RTVEren beste afixa bat dauka Suro-k.

Prentsaurrekoan sendo mintzatu da Gurrea. Esker onez, bereziki Vicky Luengo eta Pol Lopez aktoreekin —haien interpretazioa sekulakoa da—. Eta nabarmendu du, baita ere, zuhaitzei azala kentzean soinuak duen garrantzia. Horretan lanean ari zirela grabatu zuten audioa udan, eta soinu hori tratatu egin zuten gero —Xanti Salvadorren trebezia agerikoa da, egunotan estreinatu diren beste pelikula batzuetan erakutsi duen moduan—.

Baina, batez ere, nabarmentzekoa da Suro-k zein ongi hartzen dion pultsua hiritik landa girora bizitzera joaten diren bikote kalekumeen gaiari. Irudiz tentsio bortitz bat dago zuhaitzei azala aizkoraz kentzeko lan horretan. Eta tentsioa bikote protagonistaren harremanera eramana dago, kontraesanak eta giza geruza guztiak istorio interesgarri bilakatuta. Arrazismoaren gaia ere fin sartu du zinemagile donostiarrak.

Iaz, Heltzear film labur iradokitzailea estreinatu zuen Gurreak Veneziako jaialdian. Orain, zinemazaleen ahotan ibiliko da Suro. Ea aukerarik duen baso zinematografiko fruitudun berrietan sartzeko. Hala izan dadila Murielentzat eta Landarentzat ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.