Koronabirusa

Intzidentzia tasa metatua 400dik gorakoa da Gipuzkoan eta Bilbon

Astelehenean berrituko dute eremu gorrien zerrenda. Egungo datuekin, Araba kanpoan legoke

Uxue Rey Gorraiz.
2021eko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Martxoaren 26tik, maparen koloreei loturik dituzte begiak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat herritarrek. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak orduan iragarri zuen prebentzio neurri zorrotzagoak ezarriko zirela azken hamalau egunetako intzidentzia tasa metatuak 400eko langa gainditzen duen udalerri eta lurraldeetan. Hain zuzen ere, Jaurlaritzak mapan gorriz pintatzen ditu egoera epidemiologiko hori dutenak. Azken datuen arabera, gaur-gaurkoz, talde horretan leudeke Gipuzkoa eta Bilbo.

Zehazki, Osasun Sailak emandako informazioaren arabera, Gipuzkoan 100.000 biztanleko 413 laguni atzeman diete COVID-19a azken hamalau egunetan. Bilbon, berriz, 403 da hamalau eguneko intzidentzia tasa metatua. Koronabirusa aski oldartua dabil Bizkaiko hiriburuan azken egunotan: asteartean 140 kasu atzeman zituen Osakidetzak; asteazkenean, beste 145.

Azken datuen arabera, Gipuzkoa da 400dik gorako intzidentzia tasa duen lurralde bakarra; zerrendan izateari utzi dio Arabak, 398koa baita tasa. Halere, indarrean segitzen dute mugek.

Udalerriei dagokienez, Bilboz gainera, talde berean dira beste hemeretzi izen. Araban, Gasteiz da eremu gorrian den bakarra. Bizkaian, berriz, zerrendan dira Ermua, Markina eta Ondarroa. Gipuzkoan, Aretxabaleta, Arrasate, Astigarraga, Azkoitia, Beasain, Errenteria, Lazkao, Legazpi, Lezo, Oiartzun, Ordizia, OƱati, Tolosa, Urretxu, Zarautz eta Zumarraga.

Intzidentzia tasa 400dik goitikoa izanik ere, horrek ez du, oraingoz, aldaketarik ekarri indarrean diren neurri murriztaileetan. Jaurlaritzak asteleheneko datuak aintzat hartuta berrikusiko du eremu gorriko udalerrien eta lurraldeen zerrenda, eta, biharamunean, asteartean ezarriko dira muga berriak.

Azken bi asteetan gertatu den bezala, hauek dira 400dik gorako intzidentzia duten eremuetan hartuko diren neurriak: itxiera perimetrala ezarriko da, hau da, funtsezko arrazoiengatik ez bada, ezinen da udalerrian edo lurraldean sartu, ez handik atera. Gainera, ostalaritza lokalen barnealdeko jardueraren ordutegiak murriztu egin beharko dira: Jaurlaritzak zehaztu duenez, 06:30etik 09:30era eta 13:00etatik 16:00etara izan daitezke zabalik, gehienez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.