Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Elkarrizketa. Ione Belarra. Elkarrekin Podemos

«Nafarroako Gobernuan ez da punturik ere aldatuko»

Espainiak «berehalako aldaketa» behar duela ziurtatu du Elkarrekin Ahal Dugu-ren Espainiako Kongresurako hautagaiak. Horretarako PSOErekin akordio bat lortuta ere ez du uste Nafarroan eragingo duenik.

Iruñea
2016ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Abenduko hauteskundeetatik, Espainiako Kongresuan egon da Ione Belarra (Iruñea, 1987) Nafarroako Ahal Dugu ordezkatzen. Iruindarra da, baina azken urteak Madrilen eman ditu ikasten. Mugimendu migratzaileak ardatz izanik, hainbat erakundetan ibili da, eta, Ahal Dugu sortu zenean, pertsona horien alde beste urrats bat egitea erabaki zuen: «Orain arte, Espainiak dena eman die barrukoei, eta ezer ez kanpokoei. Hori aldatu behar dugu».

Zer moduz moldatu zarete Madrilen?

Uste dut asko ikasi dugula, eta lortu dugula alderdi askok lortu ez dutena: talde bat izatea. Eduardo Santosek, Idoia Villanuevak eta hirurok asmatu dugu talde bat izaten, estatu mailako gaiak eta Nafarroakoak orekatzeko.

Nola defenda daiteke Nafarroaren autonomia Madrilen?

Ni bereziki eroso sentitzen naiz estatu mailako proiektu baten barruan, baina badakit zein den gure herrialdearen DNA; nazio aniztasuna dauka Espainiak. Guk kudeatzen ditugu Nafarroarekin lotutako gai guztiak, eta, era berean, estatu mailako gaiekiko oreka bilatzen dugu. LOMCEk, adibidez, ez ditu hizkuntza ofizial guztiak errespetatzen, eta horren aurka borrokatzea Nafarroaren alde egitea ere bada. Baina, aldi berean, Nafarroako berezko gaiak ere landu behar dira; Bardea eta Esako urtegia, esaterako.

Halere, Espainiako Gobernuak Nafarroak onartutako 17 legeren aurkako helegitea jarri du.

Hori izan zen garatu genuen lehenengo puntua; Espainiako Gobernuari helegiteak ken zitzala eskatu genion. Nafarroako aldaketarako indarrek batera jokatu genuen horretan.

Baina orain bananduta aurkeztuko zarete. Zergatik?

Nafarroan aldaketa lortzeko ardura genuen, eta uste dut bete genuela. Orain, bestelako agertoki batean gaude. Diputatu bakoitzak bere interesak izan ditzake, eta guk talde lana nahi dugu. Halere, kongresura bananduta joan arren, senatura berriz ere elkarrekin joatea zen gure asmoa. Zoritxarrez, batzuetan adostasunak lortzen dira, eta besteetan, ez.

Inkestek diote Nafarroan irabazteko aukera duzuela. Kasu egiten diezu emaitza horiei?

Saiatzen naiz ez begiratzen gehiegi, baina balio dezakete jendearen joera ikusteko.UPN-PP blokearen alternatiba argia gara, baina oraindik jende askok ez daki nori emango dion botoa. Igandean izango da egiazko inkesta.

PSOErekin bat egitea lortuz gero eta PSNren jarrera ikusita, Nafarroako Gobernua arriskuan egon daiteke?

Esango nuke bi alderdi sozialista daudela. Batzuek politika aurrerakoiak babesten dituzte, baina besteek elitearentzat egin dute lan azken urteetan. Hor daude Felipe Gonzalez eta administrazioko aholkularitzan dauden guztiak. Esango nuke PSN ere azken talde horretan dagoela. Nik ez dut konfiantza berezirik PSNrekin, ez dutelako batere leialtasunik erakutsi jendearekiko. Iruditzen zait aldaketaren eta aurrerapenaren aldeko alderdi sozialistak irabazten badu PSNk ez duela ahotsik izango, eta, beraz, Nafarroako Gobernuan ez da punturik ere aldatuko.

Dena den, Pedro Sanchezek ez du Iglesiasen hautagaitza babestuko. Nola interpretatzen duzu hori?

Sanchezek oso egoera delikatua du, eta azken balak erabiltzen ari da. Baina iruditzen zait negoziatzera jarri beharko duela, hala eskatuko baitio gizarteak. Arnasa sakon hartzeko eskatuko nioke. Ikusi beharko genuke zer argudio ematen dituzten Pablo [Iglesias] gobernuan egon ez dadin, baina, a priori, ez dut arrazoirik ikusten lehen lerroan jarrai ez dezan.

Jesus Mari Fernandez PSNko hautagaiak ere esan du Ahal Dugu-k negoziatzen ikasi behar duela.

Alderdi sozialista urduri dago, eta gauza asko esaten dituzte. Uste dut une egokia izan daitekeela atzera begiratu eta ikusteko ezberdinen artean akordioak lortzeko gai izan garela Espainiako toki askotan. Gai gara negoziatzeko, baina ez bost milioi horiei bizkarra emateko.

Bide horretan, Pablo Iglesiasek dio prest dagoela gobernua eratzeko marra gorriak kentzeko; Kataluniako kontsulta da horietako bat.

Argi dago lurraldetasunaren auziaz erabaki nahi duten herriak daudela, eta horiei ezin zaie bizkarra eman. Erreferenduma ez bazaie gustatzen, PSOEk esan dezala zein den egoera horri erantzuteko modu onena. Guk benetan uste dugu Katalunian erreferenduma egitea dela bidea, %80k beren etorkizuna erabaki nahi baitute. Demokraziaren alde gaude. Nafarroan galdeketa egin, eta herritarrek ez badute gure herrialdean jarraitu nahi, nor gara gu aurkakoa esateko?

Ahal Dugu-ren aurkako kanpaina mediatikoa egon dela uste duzu?

Esango nuke jende askok ez duela nahi herri mugimenduetatik sortutako egitura bat boterera heltzea. Eraso asko izan dira, baina ez nuke esango kanpainarik egon denik. Dena dela, begira zer gertatu den orain Fernandez Diaz ministroarekin. Frogak sortu zituen bere arerio politikoentzat. Hori da gure herrialdean gertatu den gauza larrienetako bat.

Julio Rodriguez militarohiaren hautagaitzarekin antimilitaristen botoa galtzeko arriskua dagoela uste duzu?

Une honetan, beharrezkoa da herrialde proiektu zaharra gainditu eta berri bat sortzea, eta, horretarako, alde guztietatik datorren jendearen parte hartzea behar dugu. Juliok [Rodriguez] bakearen aldeko aldaketarentzat lan egin nahi du. Areago, hura bezalako militar demokrata gehiago behar ditugu.

Zer esango zenieke oraindik zalantzan daudenei?

Ez naiz botoa eskatzekoa, baina eskatuko nieke hilabete hauetan gertatutakoaren errepaso bat egiteko, eta aintzat hartzeko nor borrokatu den benetako aldaketaren alde, eta nork egin duen betiko politiken alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.