Koronabirusa

Nafarroako gazte gehienek pandemiaren eragin emozionala igarri dute

Ongizatean kaltea igarri badute ere, osasun emozional egokia dutela uste dute gehienek. Nafarroako Gobernuak ikerketa bat egin du

Nerabe talde bat maskara jantzita, aire zabalean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Maria Ortega Zubiate
2021eko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Aditu askoren ahotan entzun da sakona izan daitekeela pandemiak buruko osasunean izango duen eragina. Izan ere, birusa heda ez dadin ezarri diren neurriek aldaketa handiak ekarri dituzte gizartearen ohituretan eta harremanak izateko eretan.Pandemiak gizarte harremanak murriztu ditu, hezkuntzarako sarbidea zaildu du, etorkizun ziurgabea ekarri du, eta horrek emantzipatzeko adina atzeratzea ekarri du, ezinbestean. Gizarte osoaren buru osasunean izan du eragina, beraz, egungo egoerak: baina baldintza horiek arrasto sakonagoa izan dutehaur eta gazteengan. Hori ondorioztatu du Nafarroako Gobernuak gazteen buru osasunari buruz kaleratutako Osasun mentalaren azterketak lanak. Gazteen erdiek baino gehiagok nabaritu dute osasun emoziona okertu zaiela pandemiaren ondorioz.

16 eta 30 urte arteko 800 gazteri inkesta egin die NGI Nafarroako Gazteria Institutuak, egungo egoerak zer-nola eragin dien jakiteko. Eta adituek aurreratutakoa baieztatu dute, osasun emozionalean kaltea nabaritu dutela onartu baitute galdekatutako gazteen %54k. Oro har, egoera emozionalak okerrera egin duela ondorioztatu dute, ziurgabetasuna orokortu baita. «Krisi batetik irten gabe beste bat kudeatu behar duen belaunaldi bat da», adierazi du Carlos Amatriain NGIko zuzendariak. Faktore sozioekonomiko kaskarrei erantsi behar zaizkie gizarte harremanak etetea, etorkizunari begirako ziurgabetasuna eta adikzioak sarri askotan. Inkestan parte hartu dutenen%16 erretzaileak dira, eta %6k onartu dute jokoaren eta apustuen adikzioa garatu dutela.%11k adierazi dute osasun mentaleko arazoren bat diagnostikatu izan dietela inoiz.

Laguntza eskariak

Ondorio horiek guztiak laguntza eskaeretan nabaritu direla adierazi du Iñaki Arrizabalaga Osasunbideko Osasun Mentalekokudeatzaileak. Arreta psikologikoa behar duten paziente kopurua handitu egin da,batez ere haurretan. Zaharragoak «eusten» ari direla uste du Arrizabalagak, baina adin tarte horretako eskaerak ere gora egingo duela aurreikusi dute. Dena den,eragina izan baldin badu ere, gazteek horri aurre egiteko «baliabideak» dituztela azaldu du Arrizabalagak. Etadatuek ere horixe adierazten dute: izan ere, inkestan parte hartu dutenen %9,1k baino ez dute uste beren osasun emozionala ez dela ona.

Gazteen taldea da, beraz, pandemiaren kalteak gehien pairatu dituzten taldeetako bat, buruko osasunari dagokionez. Baina Nafarroako Gobernuak kaleratutako datuek adierazi dute kolektibo hori ez dela homogeneoa. Izan ere, aztertutako sektore guztietan emakumeek pairatu dute ondorio gehien.

Horiek horrela, osasun emozionalean beherakada nabaritu duten %54etatik eta buruko gaitzen bat diagnostikatu dieten gazteen %11tatik ere, gehienak emakumezkoak dira. Sexuen arteko desberdintasunik handiena sedentarismo mailan aurkitu dute. Izan ere, kirol praktiken ehunekoa hamazortzi puntu apalagoa da emakumeetan gizonezkoetan baino. Arlo horretan kirola bultzatzeko ahaleginak egiten ari direla azaldu du Amatriainek.

Arazo nagusia, ordea, autoestimuari lotutakoa dela uste dute ikertzaileek: izan ere, inkestan parte hartu duten lau emakumetik bat ez da gustura sentitzen bere gorputzarekin, eta horrek autoestimuan eragin dezakeela ondorioztatu dute.

Egoera horiei aurre egiteko, osasun mentalaren arta onerako zerbitzuak eskuragarriago jartzea eskatu dute gazteek, psikologo profesional gehiago izatea osasun sisteman, eta hitzaldiak antolatzea gaiaren inguruan sentsibilizatzeko. Bestalde, aisialdirako alternatibak ere eskatu dituzte gazteek, eta, hain zuzen ere, NGI horiek indartzeko asmotan lanean ari dela aurreratu du Amatriainek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.