Tania Verge.
Kataluniako prozesu subiranista. IRITZIA

Dominazioaz

2019ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Estatu plurinazionalak suntsitzen dira zentroko nazionalismoak eragozten dienean euren aniztasuna errekonozitzea. Eta hala gertatzen da, era berean, autodeterminazio eskaerei emandako erantzun bakarrak lege esparruaren koertzioa eta immobilismoa direnean, eta komunitate politikoa ere bilakatzen denean huts egindako proiektu bat, dominazioaren bidez bakarrik inposatu daitekeena. Dominazioa da autogobernua zerbitzuen prestazio huts bilakatzea, behin eta berriz eskuduntzak inbadituz, finantzen kontrol itogarri batekin, eta sistematikoki lege autonomikoak Auzitegi Konstituzionalaren aurrera eramanez. Dominazioa da bide judizialean jartzea Estatutu bat, Parlament-aren eta herritarren borondatearen kontra. Dominazioa proposamen bat defendatzeko gonbidapena da, emaitza aldez aurretik erabakita dagoenean. Gogora dezagun Diputatuen Kongresuari erreferendum bat egiteko ahalmena Generalitateari transferitzeko eskatu zioten hiru lagunetatik bat espetxean dagoela behin-behinean (Jordi Turull), eta beste bat erbestean (Marta Rovira).

Dominazioa da erreferendum bati errepresio politiko bortitz batekin erantzutea (Govern-aren eta Parlament-aren desegitea 155 mehatxagarri batekin, presioa enpresei...), poliziaren errepresioa (indarkeriaren erabilera bozkatu zutenen kontra, ekitaldi politikoak bertan behera uztea, identifikazioak, erregistroak eta atxiloketa arbitrarioak, alderdi politikoen kontrako larderia...) eta errepresio judiziala (parlamentuko eztabaidari penalki jazartzea, zenbait hautagairen inbestidura debekatzea, kausa orokor bat abian jartzea mila lagun baino gehiago inputatuz, arduradun politikoak espetxeratzea—Parlament-eko presidentea barne eta gizarte erakundeetako buruzagiak barne— delitu asmatuengatik).

Kataluniako herritarren zati esanguratsu batentzat —ziurrenik gehiengorentzat, indarkeriarik gabeko erreferendum baten bidez neurtzerik balego—, Espainiako Estatua legitimitaterik gabeko botere bat bilakatu da. Eta legitimitate falta horrek eragiten die botere exekutiboari, legegileari eta judizialari, monarkiari, estatuko komunikabide eta alderdi politiko gehienei, eta baita estatu kolpearen eta matxinadaren teoriei eutsi dieten intelektual horiei edo, besterik gabe, errepresioaren aurrean isilik egon direnei ere.

Atzera bueltarik gabeko puntu bat da. Sistema demokratiko batean herri burujabe baten mugei buruzko bi posiziok talka egiten dutenean, edo onartzen zaie gutxiengo nazionalei euren burujabetza, edo demokrazia eten egiten da. Estatuaren arazoa ez da kanpora begirako marketinean duen defizita, ezta ranking batean lortutako postua ere, baizik eta nola jartzen diren ezbaian haren barnean bere kredentzial demokratikoak, eta nola agertzen den nazionalismo espainiarraren mendekurako gose gehiegizkoa. Etenik gabeko errepresioaren ondorioek ez dute borondate politikoa ezabatuko. Kontrara, autodeterminaziorako nahia indartzen du norbanako eta kolektiboen eskubideak bermatzeko proiektu gisa. Halaxe transmititzen dute preso politikoek: «Ez negar egin, erreibindikatu gaitzazue». Emma Goldman anarkista feministak zioen moduan: «Daukagun askatasunaren tamaina hura desiratzeko daukagun inteligentziaren eta hura gauzatzeko daukagun adorearen araberakoa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.