Joseba Zalakain.
Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN

Adinekoen pentsioak ala guztien diru sarrerak bermatu?

2020ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Jon Fernandez kazetariak Pentsioen geroa liburua argitaratu berri du, pentsioen inguruan dagoen eztabaida sozialaren gakoak argitzeko asmoz. Liburuak pentsioen kontua ez ezik, beste hainbat gai aztertzen ditu, gure gizartean dauden ezberdintasunekin zerikusia dutenak: horien artean, lan merkatuaren prekarizazioa, genero ezberdintasunak, zaintza arduren banaketa desorekatua eta zerga sistemaren hutsuneak. Gai honen inguruan zer esanik duen aditu talde zabal baten iritzien eskutik, azterketak Euskal Herri osoa hartzen du kontuan eta datu ugari jartzen ditu mahai gainean, askotan behar bezala ezagutzen ez direnak. Nahitaezko irakurketa da, beraz, indarrean dagoen gizarte babes sistemaren ahuleziak eta indarguneak aztertzeko. Deigarria da egilearen konklusioetako bat ere: «pentsioen mugimendua zaharren kontu baten gisa ikusten da, baina gazteen arazo bat da. Pentsiodunek gazteen arazo larri bat azaleratu dute».

Liburuak agerian jartzen dituen datu eta hausnarketen artean, bi dira aipagarri: alde batetik, gaur egun, adinekoena da gure artean pobrezia maila txikiena pairatzen duen taldea. Zentzu horretan, azken urteetako krisietan barrena, Ongizate Estatuak talde bat ondo babestu badu —orokorrean hartuta—, adinekoena izan da, bere eskubide ekonomikoen ikuspegitik behintzat. Ez bakarrik pobrezia, ezberdinkeria ere txikiagoa da adinekoen artean beste taldeen artean baino, eta, Espainian esaterako, ez da eman pentsiodunen artean beste adin taldeen artean eman den ezberdintasun tasen igoera.Hori esanda, gogoratu behar da ere pentsioak, izatez, aldez aurretik egindako kontribuzioan oinarritzen direla eta bizitza laboralean emandako ezberdintasunak —generoari loturikoak, adibidez— zahartzaroan mantentzen dituztela.

Pentsiodunen erreibindikazioak izan dira edozein kasutan, azken urteetan, oihartzun handien lortu dutenak, beste talde batzuen errebindikazioen aurrean. Haurrak dituzten familiak, langile prekarioak, etorkinak edota guraso bakarreko familiak badira gaur egun pobrezia arrisku handiena pairatzen duten taldeak, adinekoen pobrezia da —pentsiodunen mobilizazioari esker— eztabaida publikoan lehentasuna lortu duena. Arrazoiak asko dira: adinekoen taldea gero eta handiagoa da eta adinekoek berebiziko garrantzia dute bai kontsumitzaile eta bai hautesle gisa. Horrekin batera, indarrean jarraitzen du historian aspalditik sustraitutako ikuspegiak: zaharrei laguntzea zilegi da, baina lan egiteko adinean dagoenari diruz laguntzea, bi beso eta bi hanka dituenari, beti da susmagarri. Horrek —eta bakoitzak bere interesak defendatzeko joera naturalak— eraman gaitu, liburuan esaten den bezala, pentsioak gazteen edo haurren pobreziaren aurkako tresna gisa defendatzera. Hori egia bada ere —gure artean, pentsioek haurren pobrezia gehiago txikitzen dute haurrak dituzten familientzako diru laguntzakbaino—, ez luke horrela izan behar. Behin eta berriz errepikatu behar da gure ongizate sistemaren ahulezia nabarmenena haur eta gazteen babesean (edo babes faltan) dagoela.

Horrek guztiak pentsio minimoari buruzko eztabaidara garamatza. Fernandezen liburuan aldeko eta aurkako argumentuak jasotzen dira horren inguruan. Pentsa daiteke, edozein kasutan, atzerapausoa izan daitekeela, unibertsaltasunaren ikuspegitik, adinaren araberako diru-laguntzak ezartzea, kontuan hartu gabe pertsona bakoitzaren beste diru sarrera iturriak edo izan ditzakeen behar bereziak. Diru sarrera minimoak hiritar guztiei bermatzea behar-beharrezkoa bada —beste eztabaida bat izan daiteke zer kopuru edota zer baldintzapean—, atzerapausoa litzateke babes zabalagoa ematea adin batetik aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.