Eroskik gezurtatu egin du Caprabo salduko duela

Paulo Ostolaza.
2020ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Eroskik ez ditu Caprabo saltokiak salduko; edo, atzo, behintzat, hala esan zuten taldeko arduradunek. Elorrioko kooperatibaren arabera, «Caprabo supermerkatuak aktibo estrategiko bat dira, eta ez daude salgai». Hala, La Vanguardia egunkariak goizean argitaratuko albistea gezurtatu nahi izan zuten. Hala zioen berriak: «Hamahiru urteren ostean, Eroskik Caprabo saltzeko prozesua abiatu du». Eroskik 2007an erosi zuen Kataluniako enpresaren %75, ia 1.000 milioi euroren truke, eta, geroago, kapital osoaren jabe egin zen.

Eroskik, hori bai, berriz ere martxan jarri du bazkide berriak bilatzeko prozesua, koronabirusaren krisiak eragindako geldialdiaren ostean. Kooperatibak joan den urtean berriro finantzatu zuen bankuekin duen 1.540 milioi euroko zorra, bost urterako. Orduan, kooperatibako iturriek BERRIAri aitortu ziotenez, ez zuten guztiz baztertzen bere negozioaren atalen bat saldu behar izatea, baldin eta bere mozkinekin ez bazuten lortzen nahiko diru bankuekin hartutako konpromisoak betetzeko. Mozkinak lortzeko bide horretan, ordea, aurrerapauso nabarmena egin du Eroskik: 45 milioi eurotik gorako etekina lortu zuen 2019an.

Kooperatibak zorra ordaintzeko har ditzakeen beste bide batzuen artean, «bazkide berriak» bilatzea da lehen aukera —Eroskik PwC (Pricewaterhouse Coopers) aholkularitza agentziari eman zion ardura hori—.

Beste negozio adarrak

Taldearen negozio arrunta ez diren adarretarako baliatuko lituzke bazkide berriak kooperatibak. Gaur egun, Eroski markako hipermerkatuak eta supermerkatuak ez ezik, lehen aipatutako Caprabo saltokiak, Forum kirol dendak, gasolindegiak, Eroski Bidaiak eta optika dendak ere baditu taldeak.

Azken urtean Eroskik egindako inbertsio gehienek dendak berritzeko eta Zurekin eredura egokitzeko balio izan dute; horietako hainbat, gainera, Caprabo saltokiak dira. Orain, 845 denda baino gehiago daude eraldatuta, eta horietan saltzen ditu taldeak elikagaien %80 pasa. Eroskik nabarmendu du salmentak handitu egin direla sarea eredu berrira eraldatu den eskualde guztietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.