Junckerri kontrajarri, eta «berme gehigarriak» lortuko dituela dio Mayk

Europako Batzordeko presidenteak zehaztu du ez dela bermerik izango 'brexit'-aren inguruan; lehen ministroak, ordea, posible dela adierazi du

Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa, atzo, Bruselan. OLIVIER HOSLET/EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Goi bilera beretik ondorio ezberdinak atera dituzte Jean-Claude Junckerrek eta Theresa Mayk. Europako Batzordeko presidenteak argi adierazi zuen ostegun gauean, estatuburu eta gobernuburuekin egindako goi bileraren amaieran, ez dela berme berririk egongo, ez behintzat bete beharrekorik: «Hori oso argi dago». Erresuma Batuko lehen ministroak, baina, oso bestelako iritzia plazaratu du biharamunean: «Posible da brexit-aren inguruko berme gehigarriak lortzea». Mayk «datozen egunotan» hainbat agintarirekin elkartuko dela iragarri zuen atzo berme horiek lortzeko: «Erresuma Batuko Parlamentuak ituna onartzeko behar dituen berme horiek lortzeko elkarrizketak izango dira».

Junckerri kontrajarriz, beraz, dagoen ataka zailetik ateratzeko zirrikitua bilatu nahi du lehen ministro kontserbadoreak. Parlamentuko bozketa atzeratu ostean, aski boto lortuko ez zituela aintzat hartuta, ituna sostengatzeko ahalegin etsian ari da May. 2020ko abenduaren 31rako muga fisikoa saihesteko zer egin da gakoa. Egun horretan amaituko da trantsiziorako epea, eta egun horretatik aurrera gauzatuko da brexit-a. Londresen eta Bruselaren arteko harremanak hortik aurrera nolakoak izan behar duten zehaztea da orain askoren galdera, baina, horretara iritsi aurretik erronka itzela du Mayk.

Aste makurra

DUP Alderdi Demokratiko Unionistak irmotasunez eskatu dio gobernu koalizioa osatzen duen gobernuko ordezkariari akordio berri bat lortzeko gogor borrokatu behar dela. Arlene Foster buruzagi unionistak uste du lehen ministroak bere kabuz bilatu duela arazoa, eta ez lukeela sinatu behar parlamentuak babestuko ez zuen ituna.

Mayk aste makurra izan du eta datozenak ere ez dirudi samurrak izango direnik. Jeremy Corbyn Alderdi Laboristako buruzagiak atzo adierazi zuen bozketa datorren astean bertan egin behar dela: «Ituna hilda dago eta parlamentuari kontrola itzuli behar zaio. Lehen ministroak porrot egin du erabat akordioan aldaketak lortzeko saioan». Oposizioko alderdi nagusiko ordezkari laboristek bozketa lehenbailehen egitea aldarrikatzen dute, hartara, behin ituna baztertuta, lehen ministroaren kontrako zentsura mozioa aurkezteko, eta, hartara, hauteskundeak aurreratzeko.

Nicola Sturgeon SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko buruzagia ere ildo beretik mintzatu zen atzo. Eskoziako buruzagiak brexit-aren inguruko bigarren erreferendum bat egitea ere aldarrikatzen du —Eskozian herritarren %62k bozkatu zuten brexit-aren kontra—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.