joxerra senar
ANALISIA

PSNk berea inposatu du

2019ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Duela urtebete eskas, Iruñean izan zen Carlos Soltxaga. Espainiako Industria ministro eta Ekonomia ministro izan zen 1982tik 1993ra, eta, hain zuzen ere, moketa gainean ibiltzen zen urte haietako bere esaldi batek laburbildu du hobekien Felipe Gonzalezen garaia: «Munduan, oso denbora gutxian errazen aberastu daitezkeen herrialdeetako bat da Espainia». Iaz Iruñean eman zuen hitzaldi hartan, ordea, ez zuen ustelkeriaren apologiarik egin; politikaren guru bihurturik, Uxue Barkosen gobernua «ahula» zela adierazi zuen, nahiz eta parlamentuan gehiengoa izan: «[Lau alderdiek] Batak bestea zaintzen dute, eta ez dute politika zehatzik egiten. Gehiengoak izateak ez du esan nahi Nafarroaren etorkizunari buruzko begirada bera dutela eta norabide berean lan egiten dutela». Soltxagak esandako hitzok etorri zaizkit gogora egunotan. Maria Txibiteren gobernuak lehen ehun egunak bete ditu, eta, oraindik goiz bada ere, zer etor daitekeen interpretatzeko gida moduko bat izan daiteke Soltxagaren aipu hori.

Maiatzaren 26an, laukoak galdu egin zuen beste legealdi bat bere gain hartzeko aukera. Hautetsontziek emandako zaplazteko haren ondotik, PSNk gidatutako gobernua geratu zen aukera ez hain txar moduan. Beste aukera Navarra Sumaren gobernu bat zen, eta Iruñeko Udalean Enrique Maiak jada erakutsi duen hankatxoa ikusi besterik ez dago jabetzeko zer egingo lukeen Esparzak gobernuan. Geroa Bai, Ahal Dugu eta neurri apalagoan Ezkerra PSNri lotu zaizkio, eta mugimenduak izan dezake bere balio estrategikoa eskuinarekiko lotura hausten badu. EH Bilduk, abstentzio bidez, bide hori indartu nahi izan zuen. Auzia da: PSNk benetan sinesten al du hartutako bidean?

Lehen ehun egun hauetan ez da hori argitu, ezer gutxi egin baitu oraindik. Testuingurua ez da erraza izan. Espainiako politikak eta Madrilen gobernua osatzeko zailtasunek distortsioa eragin dute, bai uztailean akordio programatikoa hitzartu eta gobernua antolatzerakoan, bai orain —2020ko aurrekontuen aurreproiektua ez dute oraindik aurkeztu ere egin—. Hala ere, udan bai, antzeman zitzaien sozialistei negoziatzeko borondatea zutela. Jarrera zintzo bati erantzun al zion, ala ekinaren ekinez berea inposatzeko taktikari erantzun zion?

Lehenik eta behin, «gobernu sozialista» deitzen dio bere buruari, de facto koalizio gobernu bat den arren —Ahal Dugu-k kontseilari bat du, eta Geroa Baik, hiru—. Bigarrenik, behin boterea bereganatuta, negoziazio gutxi nabari da bazkideen artean. PSNk bere legea ezarri du. Aurreko legealdian, Uxue Barkosen gobernuan Geroa Bai ere nabarmentzen zen, edo Iruñeko Udalean EH Bildu; baina, bi erakundeetan, alderdien arteko elkarrizketa zen oinarria —bere arazoekin, bere tirabirekin—. Orain, ordea, PSNren lorratza sakonagoa da: hiru hilabeteko lagin motza izan arren, desadostasunen eremuan mugitzen da PSN, bere kutsua inposatzeko.

Hori egin du zerga neurrien proposamenarekin edo gobernu egituraren zabaltzearekin. Lehenak 40 milioi euroko kostua du Ogasunarentzat, eta bigarrenak, sei milioikoa. Hori bai, biak «herritarren mesederako» izango dira, nola ez. Motelaldiaren haizeak jotzen duen honetan, PSNk altxortegira jo du, epe motzera jokatzen dutela agerian utziz. Epe ertainera, bere kontraesanaren norabidea argitu beharko luke. Azken batean, aurreko legealdian alor gehienetan UPNrekin eta PPrekin bat egin zuen, baina akordio programatikoan, teorian, aurreko gobernuak hartutako hainbat politika babestu ditu. Nola kudeatuko du praktikan kontraesan hori? Eta epe luzera, berriz, zer egingo du? Gauza bat da pentsatzea historikoki UPNrekin izan duen lotura horretatik aldentzeko asmoa duela —eta ez da gutxi—, eta bestea, bere izaerari eta jokamoldeari uko egingo diola.

Horregatik, Soltxagaren aipuak argibide bat eman dezake. Nafarroaren aniztasuna eta ezberdinen arteko adostasuna aldarrikatzea beti dago ondo, baina «batak bestea zainduz politika zehatzik egiten ez bada», hor egongo da beti Alderdi Sozialista berea egiteko prest. Gaur zergak jaitsiz, bihar gizarte arloko keinuak eginez. Eta dena, bere proiektuaren mesedetan. Bai, goiz da oraindik ere, baina gogorarazi beharko zaio 11 parlamentari dituela eta ez 23, are gutxiago 26. Bide motza izango du apustu horrek, bestela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.