Sinadurak bilduko dituzte Irati haurra eta gurasoak Zaballara hurbil ditzaten

Datorren urteko martxoan 3 urte beteko ditu umeak, eta Aranjuezko espetxean preso dauden bi gurasoengandik urrunduko dute

Atzo bertan abiatu zuten sinadura bilketa, Bilbon eginiko agerraldi batean. BERRIA.
Maite Asensio Lozano.
2020ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Espetxe erregimenetan haurren eta haien gurasoen eskubideak bermatuko dituen araudia aplikatzea: horixe eskatu du gaur Irati Gurasoekin Euskal Herrira plataformak, umea gurasoengandik bana ez dezaten. Izan ere, aita-amekin bizi da Irati Aranjuezko kartzelan (Espainia), baina martxoan 3 urte beteko ditu, eta hori da haurrak espetxean edukitzeko adin muga. Hala, gurasoak gerturatzea galdegin dute, eta espetxe araudian horrelako egoeretarako aurreikusita dauden neurriak hartzea: Zaballako kartzelan (Gasteiz) modulu mistoa zabaltzea eta, Euskal Herrian erregimen irekia hedatzeko, espetxeen menpeko etxeak irekitzea. Eskaerok hauspotzeko, sinadura bilketa bat abiatu dute.

Hain justu, hori izan zen atzo plataformak Bilbon egin zuen agerraldiaren helburua, sinadura bilketari hasiera ematea; kanpainari atxikimendua agertu dioten eragile batzuek bertan sinatu zuten, eta beste batzuek sakelako telefonoen bidez izenpetu zuten, webgune honetan: Iratigurasoekin.eus.

Katixa Agirre idazleak plataformarentzat ondutako testua irakurrita, gogora ekarri zuten «umeak bigarren mailako pertsona gisa» hartzen direla oraindik, eta haurrek «ahotsa altxatu ezin dutelako» urratzen zaizkiela eskubideak: «Umea bizi daiteke txirrindularik gabe, piszinarik gabe, marrazki bizidunik gabe, musika eskolarik gabe. Gauza gutxi behar ditu ume batek benetan, baina badago bat guztiz beharrezkoa zaiona: gurasoen babesa, maitasuna eta gertutasuna. Iratik bere gurasoekin egoteko beharra dauka. Iratik bere gurasoekin egoteko eskubidea dauka».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.