Albistea entzun

Donostiako 66. Zinemaldia

«Ez diet uko egiten lan eskaintzei, berriro deituko ez didaten beldurrez»

Judi Dench aktoreak aurtengo hirugarren Donostia saria jaso du. 100 filmetik gora egin ditu bere ibilbidean, eta azkena aurkeztu du Zinemaldian, 'Red Joan'
Judi Dench aktorea, atzo, Donostia saria jaso aurretik.
Judi Dench aktorea, atzo, Donostia saria jaso aurretik. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Gorka Erostarbe Leunda -

2018ko irailak 26 - Donostia

Izan duen ibilbide luze, oparo eta laudatua ikusita besterik pentsa zitekeen arren, inoiz ez zuen buruan izan sonako aktore bihurtzerik; are, aktorea izatea ere ez zuen asmoen artean. «Nik antzerki lanetako diseinatzailea izan nahi nuen, eta horretarako prestatzen ere hasi nintzen; orain, jarraitu nahi nuke, baina akaso beranduegi da», adierazi zuen barre artean Judi Dench aktoreak (Heworth, Erresuma Batua, 1934), Donostia saria jaso baino ordu batzuk lehenago, hedabideen aurrean egindako agerraldian.

Aktore lanak noiz eta zergatik hasi zituen galdetuta, Dench atzera begira jarri zen: «Gogoratzen dut Shakespeareren King Lear-en muntaketa bat ikustera joan ginela gazterik, Michael Redgrave aktore zela, eta hor sortu zitzaidala harra; gogoratzen dut gurasoei esan niela ez nuela neure burua gai ikusten hain diseinu ederrak egiteko, eta, aurretik nire anaiak egin zuen bezala, antzerki eskolan izena eman nuen».

Lehen urratsak Old Vic konpainian eta Royal Shakespeare Companyn eman zituen, eta 1970 eta 1980ko hamarkadetan antzerkian aritu zen buru-belarri. Zinemarako lehen proba ondo oroitzen du, ez baitzitzaion nahi bezain ondo atera. «Jada bizi ez den pertsona batek zera esan zidan: 'Eskerrik asko etortzeagatik, baina inoiz ez duzu film bat egingo, dena baitago oker zure aurpegian'». Froga hura egin ziona nahastu bazen, nahastu zen, eta nola, gainera. Kosta egin zitzaion zineman lehen lana egitea: Charles Crichtonek zuzendutako The Third Secret filma izan zuen estreinakoa, 1964an, baina azken hamarkadetako zinemagilerik handienetako batzuentzat lan egin zuen gerora. James Ivoryrentzat A Room With A View-n (1985); Kenneth Branaghentzat hamar bat filmetan —biak ere oso baitira Shakespeareren obraren zaleak—, Stephen Frearsentzat Mrs Henderson Presents-en (2005) eta Philomena-n (2013)... Richard Eyreren Iris-en (2001) eta Notes on A Scandal-en (2006) ere parte hartu zuen. Guztira ehun filmetan baino gehiagotan parte hartu du. Ospea areagotu egin zitzaion 1995etik aurrera, James Bond agentearen sagako filmetan parte hartzen hasi zenetik, M-ren rola jokatuz, Erresuma Batuko Inteligentzia Zerbitzuetako nagusiarena, alegia. 2012ko Skyfall-era arte egin zuen rol hori.

Curriculum hori du, eta ezin konta ahala sari eskuratu ditu: emakumezko taldeko aktore onenaren Oscar saria irabazi zuen John Maddenen Shakespeare in Love-ko Elizabeth erreginaren paperean; beste sei aldiz izendatu dute Oscar sarietarako; bederatzi Bafta sari irabazi ditu; bi Urrezko Globo; eta Antzerki Ingeleseko zazpi Lawrence Olivier sari. Bada, halere, Dench umil agertu zen, eta adierazi zuen bera ez dela boteretsu sentitzen. «Nik ez daukat botererik; zortea izan dut deitu egiten didatelako lana egiteko, baina berdin-berdin jarraitu nahi dut. Ez diet uko egiten lan eskaintzei, berriro deituko ez didaten beldurrez. Aurrerantzean ere lana izateak baino ez nau arduratzen ».

Oraindik sasoiko

83 urteko aktorea sasoiko dago egun, eta horren seinale da Zinemaldian bertan aurkeztuko duela Trevor Nunnek zuzendutako Red Joan lana. Bertan, Melita Norwooden rolean sartzen da, KGBn espia britainiar modura luzeen iraun zuenaren rolean, alegia. Eta, horrez gain, oraindik estrenatzeko dauzka Kenneth Brannaghen Artemis Fowl eta Andy Goddarden Six Minutes to Midnight.

Hala ere, Denchek atzo aitortu zuen momentu txarrak ere igaro dituela; esaterako senarra hil zitzaionean, eta, hura gogora ekarriz, keinu egin zion Kevin Spacey aktore estatubatuarrari. «Eskoziara joan ginen The Shipping News lana filmatzera, 2001ean, eta asko lagundu zidan garai hartan». Galdera ezinbestekoa atzetik: ea zer iruditzen zaizkion Spaceyk Me Too mugimenduaren ildoan izan dituen jazarpen salaketak. Eta Denchek honako hau: «Inola ere ez ditut babesten halako gertaerak. Ez dakit Kevinen [Spacey] egoera zein den zehazki, baina betirako baztertuko dugu norbait hanka sartu edo gaizki jokatzeagatik, are, krimen bat egiteagatik? Historian atzera egin behar dugu», adierazi zuen.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ezker-eskuin, Oriol Roch, Robert Treviño eta Bingen Zupiria, atzo, Euskadiko Orkestrak Donostian duen egoitza nagusian. ©JON URBE / FOKU

Artea, gizakia eraldatzeko tresna

Miren Mujika Telleria

«Sona handiko» zuzendariak izango dira Euskadiko Orkestraren 2023-2024ko denboraldian. Denera, 50 kontzertu emango ditu Euskal Herrian. 2024ko otsailean, kontzertu bira bat egingo dute Austrian
Uxue Razkin Ereineko editorea eta Jon Alonso idazle, itzultzaile eta liburuko hitzaurrearen autorea. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

'Hamabost egun Urgainen' nobela beltza argitaratu dute berriro

Iraia Vieira Gil

Gaur egungo irakurleek uler dezaten kaleratu dute Jose Antonio Loidiren lanaren bertsio berria. Jon Alonsok idatzi du hitzaurrea

Getxoko hiru espaziotan daude ikusgai erakusketak. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Getxophoto jaialdiak etena aldarrikatuko du, gaurtik hilaren 25era bitartean

Erredakzioa

Hainbat herrialdetako 22 sortzailek beren lanak erakutsiko dituzte beste horrenbeste erakusketatan. Aire zabalean ikusi ahalko dira gehienak
Eztena jaialdiaren antolatzaile taldeko zenbait kide, gaur, Donostian. ©Maialen Andres / Foku

Eztena antzerki jaialdia kaletartuta eta gaztetuta dator

Andoni Imaz

Ekainaren 9an, 10ean eta 11n egingo dute Eztena antzerki jaialdia, Errenterian. Kalea kontzeptuaren inguruan osatu dute egitaraua.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...