itziar ugarte irizar
Donostiako 71. Zinemaldia. ILUNPEKO OHARRAK

Benetakoaren aldaerak

2023ko irailaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Begira, horrek oso itxura ona du». Emakume gazte bat da, mutiko kozkor bana duela alde bietan,alfonbra gorriko argiak piztu bezperan: «Ikusten duzue elurra? Txilen da. Duela urte batzuk hegazkin istripu handi bat izan zen han, eta bizirik atera zirenek sekulakoak pasatu zituzten».

Kartelera itzuli duzu begirada—J. A. Bayonaren La sociedad de la nieve da pelikula (Elurretako gizartea)—, eta esaldi batean jarri arreta: «Benetako istorio hunkigarri batean oinarrituta».

Bitxia da. Batzuetan badirudi benetako horrek, kontagai dena gertakari errealetan oinarrituta egote hutsak, plus bat ematen diola lanari. Ulertzekoa da interesa; den-denoi sortzen digu jakin-mina urrunagotik edo gertuagotik etxeko zaizkigun istorio, paisaia, pertsona errealak arteetatik begiratuak direnean. Zer gertatzen den eurekin eraldatuak direnean. Bestela ikusten ez genuen zer uzten diguten ikusten horrela.

Bayonaren film hasieratik hartutako oharra: «Iraganera itzuli behar da jakinda iragana dela gehien aldatzen dena».

Ez da kasu berdina —ba ote bi berdin—, baina gogoetara itsatsi zaizu duela hilabete batzuk beste film batekin izan zen debatea; Zinemalditik igaro zen Santiago Miltreren Argentina, 1985-rekin.

Argentinako historian bisagra momentutzat hartzen den gertakari bat kontatzen du film horrek: 1976tik 1983ra arteko diktadura sasoian herrialdean agindu zuen Junta Militarraren aurkako epaiketa. Delikatua zen filmatu beharrekoa, baina filmatzeko zegoen, beharbada. Milioi bat lagunek baino gehiagok ikusi zuten estreinatu eta segidan, baina prozesu hura gertutik, barrutik, bizi izan zuen legelari ezagun batek, Roberto Gargarellak, desengainua agertu zuen publikoki berehala, iritzita ez zuela berak ezagutu zuena ondo «islatuta» ikusi filmean. Bi hutsunez ohartarazi zuen: Raul Alfonsin presidentearen ia erabateko absentzia eta haren gobernuak epaiketa horiek egiteko jokatu zuen rol ezinbestekoa jaso ez izana. Ez zuen ukatzen, defendatzen zuen, zinemagileak euren filmekin nahi dutena egiteko libre direla, baina... Interesgarria da: noraino bihurritu daitezke gertakari errealen errepresentazioak, jakinda, kasu honetan, zinema bezalako tresna batek memoria idazteko duen indarra?

Gargarellak eta Miltrerekin batera gidoigile aritu zen Mariano Llinasek txioez haragoko artikulu pausatuak trukatu zituzten —sarean daude—, eta ordukoa da Llinasen ohar hau: «Kontakizunek ez dute konbikziorik. Soil-soilik susmoen eta hipotesien gainean egiten dute aurrera. Fikzioaren ezaugarria da hori: film bat soilik arrasto batzuk emateko gai da».

Kontatzen diren istorioak ez dira gertatu ziren istorioak inoiz, eta jendeari huts ez egitea hobe ez izatea premisa lanei forma bilatzeko —Bayonarenari ez dakit ez ote zaion sumatzen—. Nago zama hori gainetik kenduta baino ezin duela jakin batek zein diren norberak iraganarekiko dituen emozioak eta galderak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.