itziar ugarte irizar
MOBIOLA

Hitza zineman

2021eko irailaren 22a
00:00
Entzun
Gai handia da. Eta gai handi ororekin bezala, tinta erreka joriak daude gure ibilien azpitik dagoeneko. Hitza eta irudia, literatura eta zinema. Bikote perfektua ala ezinezko bikotea ote den galdetzen du Harkaitz Canoren Zinea eta literatura. Begiaren ajeak saiakeraren kontrazalak. Alain Resnaisek hauxe dio hartan: «Film batek poema sinfoniko baten antz handiagoa du, nobela batena baino».

Bistan da zerbait kontatzeko gogoak, premiak, martxan jartzen dituela idazleen eskuak, zinema zuzendarien esku-begiak. Jakin-min handiagoa pizten du pentsatzeak jada modu batean kontatua izan denari zer eman dakiokeen beste diziplina batera eramateak. Nola birformulatu behar den berriz istorioaren neurrira aurrez jada beste batek eraikitakoa. Noiz diren interesgarri egokitzapenak, non dituzten arriskuak.

Aretotik irten berritan, badator topiko maiztua: «Hobea da liburua». Maiztua, eta, hala ere, erabiltzeko tentazioa Samantha Schweblinen Distancia de rescate (Erreskaterako distantzia) eleberri laburra —ipuin luzea, zehatzago— oinarri duen izen bereko filma ikustetik atera berritan. Netflixen zigilu gorriagatik izango da, baina denak askoz mastekatuago dirudi filmean.

Testu gehiegi da. Kexu horixe haizatu zuen zenbaitek hura ikusi ostean —antzerki kastakoa izan ezean, espero izatekoa zen idazlea bera gidoian arituta—, eta, hala ere, kexu horiek ez zuten izan zerikusirik Claire Simonen Vous ne désires que moi-k sortu zuen harrabotsarekin. Yann Andreak Marguerite Durasekin izandako maitale harremana xehe kontatu zion kazetari bati 1982an; Simonek hitz jario hori filmatu gura izan du. Astelehen euritsua eta eguneko azken emanaldia. Jendea tantaka-tantaka atera zen aretotik; aharrausiak eresuma zitezkeen inguruan, maskaren azpietan izanik ere. Ez zen ariketa sinplea Simonena: grabazio baten hitz emaria ekartzea zinemara, irudien artera.

Bitxia da talka hori Durasen bueltan agertu izana, hura izanik zinemaren eta literaturaren arteko hartu-emanen ikur. Durasek idatzi eta Resnaisek zuzendutako Hiroshima, mon amour bi alorren ezkontza onaren adibide argi. Bere lanaren «interpretazio okerrekin» arduratuta, Durasek ere bilatu zituen elkarrizketatzaileak, eta bada Xaviere Gauthier konplizearekin izandako solasak biltzen dituen liburu bat. Ireki, eta Duras: «Zineman pretentsio izugarria dago, literatur munduan ez dagoena. Zineman edozein mukizuk esaten dit: 'Zuk egiten duzuna ez da zinema. Zinema beste zerbait da, gehiago mugitzen da'. Orduan esaten diet: 'Esaldi bat beso bat edo begirada bat bezainbat mugitzen da, zaldi bat bezainbat, lekuz aldatzen den begirada baten antzera, makina baten mugitzearen pareko'. Ez dute beti ulertzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.