Andoni Imaz.
MOBIOLA

Garaitik harantzago

2021eko irailaren 21a
00:00
Entzun
Trenean. Donostiara bidean, Julio Ramon Ribeyroren La tentación del fracaso leitu ahala azpimarratzen: «Hunkitu egiten naiz ikusita nola hainbeste gazte dabiltzan desesperaturik modernitatearen gurdiari ez jaregiteko. Ez dira ohartzen gurdi horrek Zaharkinen Museoa duela helmuga ezinbestean». Zinemaldiarekin lotu dut segidan, eta lehenik Titane etorri zait gogora. Jaialdi bakoitzean puzten eta gaiztotzen da transgresioaren, probokazioaren eta asalduraren olatua. Alegoria txundigarri bat kultuzko gertaera bihurtzeko enpeinuaren aurrean, zaila da irudikatzea «denboraldiko filmari» nola eragingo dion denboraren igarotzeak.

Aldez edo moldez. Gustukoa ez denari jaurtitzeko arma aproposa izan ohi da kontserbadorearen edo erreakzionarioaren marka ipintzen duen gezia. Batzuentzat remake-ak eta reboot-ak izaten dira imajinazio faltak bultzatutako atzerakadaren erakusle gorenak. Istorio berberak behin eta berriz kontatzeari ez diot txarretik ezer ikusten; bai, ordea, kontakizunak klixez osatzeari. Joera areagotu egin da telesailen hedapen izugarriarekin. Dena egokitu behar narrazio eta estetika molde batzuetara. Aukerak zabaldu bai, baina mugak ondo ezarrita.

Zaharrak berri. Terence Daviesek ez du lan makala egin Benediction filmean. Ezohiko biopic bat sortu du: generoa bera zabaldu du Siegfried Sassoonen bizitza barruan kabiarazteko eta hura kontatzeko era pertsonal bat lortzeko, hain berezkoak dituen baliabideekin: denbora nahieran moldatzen duten trantsizioak, elipsi ezin dotoreagoak, drama sakonago bihurtzen duten abestiak... Kontakizun estilizatu eta poetiko bat, poeta baten bizitza irudikatzeko.

Batek baino gehiagok esan du: Daviesen unibertsoa «zaharra» da, beste garai batekoa. Eszenaratzea, muntaia, aktoreen jarrera... ez datoz bat egun erabiltzen diren moduekin. Horren guztiaren erdian, filmak lortzen du aurrera egiteko oreka bat, bere garaiko korronteari jarraitu ez zion pertsona bat irudikatzeko bide bat. Mugimendu berezi bat, plano luze eta mingots batekin amaitzen dena.

Sasoi aldakorrak dira filmekoak, haien azpiko gogoak eta sentimenduak bezalaxe. Zaharrak ez ote die beldurrik museoei?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.