Alfonbra gorria lurrean, kartelak bidean, jende andana parean, eta mugimendua nonahi. Martxan da Zinemaldia: erakusleihoa batzuentzat, aukera besteentzat, nahitaezko topaketa zenbaitentzat eta luxua zinemazaleentzat. Kazetaria beste unibertso batera garraiatzeko indarra ere badu, eta asteon nekez aterako da zurrunbilo horretatik: urduritasuna, tentsioa, intentsitatea, ideia zaparrada, lilura eta gozamena. Tarte gutxi beste kontu eta oroitzapenetarako. Emozioak azaleratzeko gaitasuna ere hortxe, barrenak mugiarazi eta hausnarketa bultzatzekoa.
Eta burutazioetatik tiraka, bada bueltaka duen hitz bat: memoria. Eta memoria egitearen garrantzia. Saiatu da zirrikituetatik jotzen, eta Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariaren hitzak oroitu ditu: programazioari so, ohartu gabe egindako «konexioei» buruz hitz egin zuen, eta aurtengo aldian memoriak duen garrantziaz. «Memoriak Zinemaldian izango diren film asko zeharkatzen ditu: kolonialismoaren, nazismoaren, erresistentzia frantsesaren, Latinoamerikako diktaduren, inguruko istorioak izango dira, euskarak hamarkadetan izandako arazoei buruzkoak...».
Eskuetan du egitaraua, eta, orriak arakatzen, ohartu da badaudela memoriari berariaz lotutako atalak ere, aurreko aldietan ere emanak. Hortxe dago atzera begirakoa, aurten Hiroshi Teshigahara japoniarrari eskainia. 1950eko hamarkadaren erdialdean hasi zen dokumentalgintzan murgiltzen. Erresistentzia mugimenduek Bigarren Mundu Gerran erakutsi zituzten Mendebaldeko joera zinematografikoenganako interesa agertu zuen: Italiako neorrealismoak eta garai hartako Frantziako zinemak eragin zioten, besteak beste.
Klasikoak ere ezin bazter utzi. Zinema unibertsalaren historiako film klasiko zahar eta modernoak biltzen ditu, eta aurten zortzi film berreskuratu dituzte, inoizko gehien. Horietatik bi, argitaratu gabe egon dira orain arte: Jose Val del Omarren Festival en las entrañas eta Raul Ruizen El realismo socialista.
Eta ezinbesteko parada egin du euskal zinemaren atalean, Zinemiran. Josu Martinezen bi pelikulatan jarri du begia. Mirande, film bat egiteko zirriborroa dokumentalean hasieran; Jon Mirande idazlearen bizitzari eta lanari buruzko pieza. Eta Bizkarsoro pelikulan ondoren; XX. mendeko euskaldun jendearen aldaketa soziolinguistikoei heltzen dien lana. Badago denboran atzera asko egin gabe memoria egiten duen beste pelikula bat: Bidasoa 2018-2023, Fermin Muguruzarena. Izen-abizenekin oroitu ditu Bidasoan 2018tik hona hildako etorkinak, eta migrazio politikak jo ditu erruduntzat, horiek arrazistak direlakoan. Eta, bide batez, memoria egin du. Garrantzitsua delako gertatutakoa dokumentatzea, kontatzea eta memoria egitea, eta zinemak ere balio duelako horretarako.

Donostiako 71. Zinemaldia. ILUNPEKO OHARRAK
Memoria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu