Iruñeko peñen eguna

Adiorik ez Asironek

Hauteskundeak, Maravillas, Osasuna eta Pamplonesa nagusi dira Iruñeko peñen oihaletan. Etzi aterako dituzte kalera. Argazki galeria albistearen amaieran.

Aldapa. IRUÑEKO PEÑEN FEDERAZIOA.
Iker Tubia.
Iruñea
2019ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Hauteskunde gauean Maite Esporrin PSNko hautetsiak «Agur, Asiron» ozen oihukatu bazuen ere, Iruñeko alkate ohiak ez dio agur esan peñen pankartetan agertzeari. Hala ere, agerikoa da alkate berria duela Nafarroako hiriburuak, Enrique Maia hura baino oihal gehiagotan agertzen baita; franko, Game of Thrones telesaileko burdinazko tronuan eserita. Etzi aurkeztuko dituzte sanferminetan Iruñeko karriketan dantzan ibiliko diren peñetako irudiak. Hauteskundeak oihalen jabe egin dira, baina Osasuna futbol taldea, Pamplonesa bandaren mendeurrena eta Maravillas gaztetxea ez dituzte ahantzi.

Urte hasieran, bigarrenez hustu zuen foruzaingoak Maravillas gaztetxea, eta hori umorez marraztu dute zenbait peñek. Rozalejo jauregia ikuskatzeko argudioarekin itxi zuten eraikina, eta barnekoa suntsitu. Afera horrengatik foruzainak irrigarri uzten dituzten pankartak ez dira gutxi. «Gazteen ametsa ebastea» leporatu die Aldapa peñak, eta beste «amets beltz» bat gogora ekarri: kartzelan diren altsasuarrena. Auziak Nafarroan eragindako mobilizazioen ondoren, ez da harritzekoa peña askok gazte horiek askatzeko exijitzea oihaletan.

Iruñeko gaurkotasunari errepasoa egin diote, beste behin ere, Iruñeko peñek. Labriteko pasarela da gai horietako bat. Aurreko udal gobernua hasi zen hura desmuntatzen, arriskutsua zelakoan, baina ikusteko dago Maiak zer eginen duen, ez baitzen ados erabakiarekin. Katalina Foixkoa ere ikus liteke zenbait oihaletan, Armadaren etorbideari haren izena jarri baitzion Asironek apirilean. Anaitasuna peñan Foixkoak «Ez ukitu nire etorbidea!» dioen arren, berehala Armadaren etorbidea izanen da berriro, Maiaren lehenbiziko neurria izen hori aldatzeko bideari ekitea izan baita.

Peñen pankartetan dena ez da aldarri, aitzitik. Gehienek tartetxo bat utzi diete Osasuna futbol taldeari eta Pamplonesa bandari. Osasunaren kasuan, gizonen eta emakumeen taldeak agertu dituzte, «egindako denboraldi onarengatik», Imanol Azkona Iruñeko Peñen Federazioko lehendakariak azaldu duenez. Ehun urte bete duen bandako musikariak ere ikus daitezke pankartetan: Oberenan, bonbardino jotzaileak zezen itxura du.

Nafarroatik kanpoko kontuak ere landu dituzte pankartetan: Espainian ultraeskuinak izan duen gorakadaz mintzo dira oihaletako asko. Gai hori dela eta, Nafarroatik kanpoko euskal herritar baten irudia nagusitu da: Santiago Abascal Voxeko presidentearena. Espainiako eskuineko politikariak eta Francisco Franco diktadorea ere marraztu dituzte.

Horren kontrapuntua dira aldarriak, eta denen artean orokorrena eraso sexisten kontrakoa da. Peña gehienek bildu dituzte aldarri feministak. Koldobi Osta Unica peñako lehendakariak eraso sexista eta sexualik gabeko bestak aldarrikatu ditu federazioaren izenean, eta bide horretan herri eragileek abiatutako bidea goratu du, eta eragile horien eta udalaren lana aitortu.

Aurtengo marrazkietan, oreka dago euskararen eta gazteleraren artean, nahiz eta balantzak erdararen aldera egiten duen pixka bat —testuen %52 dira gazteleraz—. Aldapa peñaren oihala izanen da euskaldunena: solasak euskarazkoak dira, eta soilik lelo bat du gazteleraz. Generoari erreparatuz gero, ez dago batere orekarik: marrazkietan ageri diren pertsonaien laurden bat baizik ez dira emakumeak. Gizonak dira lautik hiru.

Peñen federazioko lehendakaria kontent agertu da aurtengo pankartetan eramanen dituzten marrazkiekin, eta egileei buruzko iruzkina egin du: «Oso kontent gaude marrazkilariei dagokienez, aspaldiko egileekin batera gazte asko animatu baitira marrazkiak egitera. Emakumeak ere badaude; ez da lehenbiziko aldia, baina joera hori positiboa da, mundu honetan sartzen ari baitira».

Larunbatean argitara

Federazioko 16 peñen oihaletako marrazkiak aurkeztu dituzte prentsaren aurrean, eta larunbatean tamaina handian ikusteko aukera izanen da, orduan eginen baitute aurkezpena. Peñen Eguna ospatuko dute, sanferminetako giroa berotzen hasteko, eta oihalak lehenbizikoz dantzan paratuko dituzte. 12:30ean izanen da aurkezpena, Orreaga etorbidean, baina, horren aurretik, kalejirak eginen dituzte Alde Zaharrean barna.

ARGAZKI GALERIA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.