Koronabirusa

Bi astez erabat bakartuta

Koronabirusaren proban positibo eman zuten lehen pertsonek amaitu dute bi asteko berrogeialdi berezia, eta hasi dira pixkanaka kalera irteten. Euren kasuek izan duten oihartzuna nabarmendu dute.

Hernaniko bizilagun bat, etxeko balkoian. JON URBE / FOKU.
Paulo Ostolaza.
2020ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Euskal Herrian hiru aste eta erdi inguru igaro dira lehen koronabirus kasuak atzeman zituztenetik, eta egunetik egunera gora egiten ari da sendatutako pertsonen kopurua: 2.134 baieztatuta zeuden atzo. Horietako askok etxean bakartuta igaro behar izan dituzte azken asteak, eta haietako batzuen testigantzak jaso ditu BERRIAk.

Lehen kasua Markelena da—izen asmatua da—, 22 urteko mutil gipuzkoar batena. Gasteizko ikastetxe batean zebilen praktikak egiten, eta positibo bat edo beste baieztatu zuten han. Sintoma arinak izan arren, proba egitea erabaki zuen martxoaren 6an, eta bi egun geroago baieztatu zioten koronabirusa zuela. Gurasoekin bizi da, eta ordutik bi aste igaro ditu erabat bakartuta: «Nire gelan soilik nuen mugitzeko askatasuna». Etxera probak egitera ere joan zaizkio pare bat aldiz.

Bi asteko itxialdi hori amaitzea «izugarrizko aldaketa» izan da harentzat, baina oraindik kontuz dabil, batez ere besteak ez kutsatzeko: «Amona bizilaguna dut, eta haren etxera ahalik eta gutxien joaten naiz oraindik ere; maskararekin, noski».

Haren lankidea da Mikel, positibo eman zuen beste mutil nafar bat. Hark, ordea, gurasoen etxera itzuli beharrean, itxialdia Gasteizen alokatua duten ikasle pisuan igarotzea erabaki zuen: «Positibo eman baino lehen hasi nintzen sintomak nabaritzen, eta artatu ninduten medikuek etxetik ez irteteko gomendatu zidaten».

Hark ere, nagusiki, bere logelan sartuta igaro du denboraldi hau, nahiz eta bere pisukide bat ere etxean zegoen eta, tarteka, batera bazkaldu eta afaltzen zuten. Hari ez diote probarik egin. Herrira, ordea, ez da itzuli oraindik, medikuek esan baitiote alta jasota ere besteak kutsatzeko arriskua badagoela.

Biek nabarmendu dute euren kasuek izan duten oihartzuna. Koronabirusaren krisiaren hasieran eman zuten positibo, konfinamendua agindu baino lehen, eta, azaldu dutenez, uste dute biak ere euren herriko lehen kasuak izan zirela; «halako berriak azkar zabaltzen dira».

Bere kasua azaldu du Markelek: «Hasieran kristorena izan zen. Nik igandean eman nuen positibo, eta astelehenean jada jende mordoak idatzi zidan. Izugarri zabaldu zen kontua. Whatsappeko hari bat ere zabaldu zen herrian, 22 urteko gazte batek positibo eman zuela esanez, nire Facebookeko profil eta guzti». Hirugarren egunetik aurrera baretu zen kontua.

Markelek adierazi du orain kalera irtete hutsa «izugarria» iruditzen zaiola, baina oraindik ez dela erabat eroso sentitzen: «Supermerkatura joateko irten nintzen lehen aldian guztiak niri begira zeuden ustea nuen etengabe, jendeak badakielako positibo eman nuela. Zer esanik ez bizilagunekin igogailuan-eta gurutzatzean».

Kontziliazioa

Jasotako testigantza guztiek ez dute itxialdia euren gelan igarotzeko erraztasunik izan. Amurrioko (Araba) Enekok azaldu duenez, bera eta emaztea martxoaren 11n hasi ziren sintoma arinak sentitzen; 43 urte dituzte, eta irakasleak dira biak. Hurrengo egunean okerrera egin zuen emazteak, eta Osakidetzara deitzea erabaki zuten. Telefonoz esan zieten koronabirusak sortzen dituen sintomak zituztela, baina probarik ez zietela egingo positibo eman duen inorekin harreman zuzenik izan ez zutelako. Egun hartatik aurrera hiru egunean behin deitzen zien medikuak, egoeraren berri izateko.

Etxean geratzea erabaki zuten: «Bi ume txiki ditugu, eta esan ziguten ia segurua zela laurok birusa izatea, nahiz eta beraiek asintomatikoak izan. Horrela igaro ditugu egun hauek. Erosketak eta bestelakoak familiako kideren batek egiten zizkigun». Orain, Eneko hasi da kalera irteten, bera izan baita sintoma arinenak izan dituena.

Euren kasuak ez du halako oihartzunik izan. Irakaslea da Gasteizen, eta han haurrak etxera bidali zituzten bera sintomak sentitzen hasi aurretik. Inguruan antzeko kasu asko izan ditu.

Horietako bat izan da Jabi Asurmendi Arakaldoko (Araba) alkate eta Udalbiltzako lehendakariarena. Sintomak zituela-eta Osakidetzak emandako zenbakira deika jardun zen martxoaren 10ean, baina ez zuen erantzunik jaso. Hark sortutako haserrealdian idatzi zuen txioak, ordea, oihartzun handia izan zuen: «Egia esan, egun hartatik aurrera babes handia jaso dut».

Probarik ez

Azkenean, erretiratutako mediku boluntario batekin hitz egitea lortu zuen, eta, haren gomendioei jarraituz, bi astez bakartzeko erabakia hartu zuen: «Nire etxearen egitura dela eta, ordea, ezin izan dut protokoloa osorik bete; adibidez, ezin dut gela batean bakarrik lo egin». Beste zenbait neurri hartu dituela azpimarratu du: espazio propioa izatea, sukaldeko tresna propioak, etxetik ez irtetea... Lana, berriz, etxetik egiten jarraitu du.

Asurmendik ere haurrak ditu etxean, eta psikologikoki gogorrena haiekin distantzia mantentzea izan dela dio, «haiei gehiago kostatzen baitzaie egoera ulertzea». Medikuek telefonoz egin diote jarraipena, baina ez diote probarik egin: «Lauzpabost egun igaro ditut eztularekin, makal… baina sintoma larririk ez dut izan, eta, beraz, esaten zidaten beharrik ez zegoela». Joan den astean, sintomarik ez zuela ikusita, sendagiria jaso zuen.

Gaixo egon direnean gehien zerk kezkatu dituen galdetuta, gauza bera erantzun dute elkarrizketatu guztiek: besteak kutsatzeak. Denek 45 urte baino gutxiago dituzte, inor ez da larri gaixotuta egon, baina bakartzea «derrigorrean hartu beharreko konpromisoa» zela uste dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.