inaki petxarroman
ANALISIA

Ostera, hastera

2020ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Iluntze bat zen, 2019ko urrian. BERRIAra azaldu zen Zubietako erraustegiko langile bat, obretan gertatu zen zerbaiten berri kontatzera. Gipuzkoako Foru Aldundiaren kronologiaren arabera, martxan hastekoa zen Ingurumen Gunea. 2016ko apirilean Urbaser buru zuen enpresa talde emakidadunarekin sinatutako kontratuak 30 hilabete aurreikusi zituen, eta epeak betetzen ari zirela zioten.

Alabaina, lau hilabete aurretik, erraustegiaren transformadore nagusia pizten saiatu zirenean, leherketa bat gertatu zela eta azpiegitura martxan jartzeko prozesua uste baino makalago zihoala jakinarazi zion beharginak kazetariari. GHK-k aitortu egin zion, egun batzuk geroago, erraustegia energizatzeko arazoak zituztela. Ordura arte ez zuen ezer jakinarazi horri buruz. Gero jakin zen Jaurlaritzako Industria Sailak zigor dosierra zabaldu ziola Ekondakin enpresa kudetzaileari, baimenik gabe transformadorea probatzeagatik. Langileak ezer ezagutarazi izan ez balu, jakingo al zen zerbait horri buruz?

Egun haietan, Eusko Jaurlaritzak behin-behinean eten zuen Zubietako instalazioen proba aldia, «instalazioetatik kanpoko argindar horniduran» zituzten arazoengatik. Proba fasea 2019ko apirilaren 9an hasi zen, eta gehienez zazpi hilabete eta erdian amaitu behar zen. Etenaldia kenduta ere, 2020ko otsailean amaitu behar ziren probak.

Alabaina, instalazioak doitzen jarraitu zuten. Ordurako nahasiagoak ziren GHK-ko arduradunen mezuak. Instalazioak martxan zirela, eta Gipuzkoako hondakinak tratatzen zituztela erabat. Halako batean gertatu zen Arkaitzerrekako amoniako isurketa. Zubietako herritar batzuk jabetu ziren, eta erraustegia jo zuten arduraduntzat. GHK-k ukatu egin zuen aurrena, eta aitortu gero, erraustegia zela isurtzailea. Herritarrek salaketarik egin izan ez balute, zabalduko al zuten zerbait GHK-k eta enpresak?

2016ko apirilean emandako Ingurumen Baimen Bateratuak 48 hilabeteko iraupena zuen. Uztailaren 7an zuen azken epea, Jaurlaritzaren arabera. Ekainean joan zen Ingurumen Saila Zubietara, eta obrak amaituta zeudela sinatu. Handik bi egunera joan ziren Industriako teknikariak, eta bost hutsegite topatu zituzten instalazio elektrikoan. Obrak ez zeuden bukatuta, ez behintzat IBBaren eraginkortasuna emateko moduan. Horren erakusgarri, hauxe: irailaren 1ean pizten saiatu ziren, bigarrengoz, transformadorea, eta erre egin zen. GHK-k ez du horren berririk eman, eta ezta Industriarenbehin-behineko baimena aamitu izanaren albistea ere. GuraSOSek horren berri eman izan ez balu, jakingo al zen ezer?

Orain, ostera hastera. Alemaniatik heldu berri, transformadorea probatu egin behar dute oraindik, prozesua legeztatu. Hirugarrenean agian zorte gehiago izango dute. Teknikoki, instalazioa probetan dago. Ofizialki, inauguratuta. Kontratuak urtebete baino gehiago behar zuen indarrean, baina enpresakez dira gai izan betetzeko, eta aurreikusitako zigorrak aplikatuta, milioi asko jasoko zituen GHK-k.

Aitzitik, puska handi bateko lehen euroak jasotzen hasi dira enpresak GHKtik. Urteak joan litezke epaileren batek legeztatze prozeduran irregulartasunen bat frogatutzat jotzerako. Guardia Zibila eta Fiskaltza ere atezuan dira, amoniako isurketaren usainean. Atzokoa historikoa izango zen agian, baina ikusteko dago historia luze honen bukaera ote den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.