Koronabirusa

Atzerriko bakartzeak

Herrialde bakoitzak bere erara ezarri ditu COVID-19 gaitzaren aurkako neurriak. Askotan, itxialdia ezarri dute. Kutsatze gune handienetako batzuetan bizi diren euskal herritarrekin mintzatu da BERRIA.

Koronabirusak kutsatutako gaixoei harrera egiteko sarrera, Erromako ospitale batean. FABIO FRUSTACI / EFE.
Ion Orzaiz.
2020ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Gaitza Txinan agertu zenetik hiru hilabetera, ia planeta osora hedatu dira COVID-19 gaixotasunaren kontrako prebentzio neurriak. Libre mugitzeko gaitasuna mugatu diete milioika herritarri hainbat herrialdetan, eta are zorrotzagoak izan dira neurriak kutsatze maila handieneko hiriguneetan. Han bizi diren euskal herritarrek «hainbestean» daramate berrogeialdia, baina beharrezkotzat jo dituzte bakartze neurriak.

BEATRIZ ALDABE Medikua Madrilen

«Latza egiten zait etxean gelditzea, ospitalean nire laguntza behar dutelako»

Mediku egoiliarra da Beatriz Aldabe iruindarra, Madrilgo La Princesa unibertsitate ospitalean. Neumologoa izanik, bertatik bertara ezagutu du koronabirusaren eragina, kutsadura mailarik handieneko hiriburuetako batean. Azken asteetan bere burua «zurrunbilo baten erdian» sentitu duela aitortu du. Orain etxean dago, ehunka pertsona artatu ostean birusarekin kutsatu baita bera ere. Osatu arte, etxean gelditzera behartu dute: «Ongi sentitzen naiz fisikoki, buruko min apur bat besterik ez baitut. Gogorrena, niretzat, ezer egin gabe etxean gelditzea da. Badakit nire laguntza beharko dutela ospitalean, egoerak gainezka egin baitigu». Mediku, erizain eta bestelako profesional gehiago behar dituztela dio, baita baliabide materialak ere: «FFP-3 motako maskarak behar ditugu, eta mediku eskasia ere handia da Madrilen: orain arte, lan karga denon artean banatu ahal izan dugu, besteak beste guardia gehiago eginez eta lanaldiak handituz, baina ez dakigu noiz arte iraun ahal izanen dugun horrela, medikuak gaixotuz doazen neurrian».

UNAI URRETXO Hego Korean bizi den musikaria

«Agudo erreakzionatu dute Korean, ez Italian edo Espainian bezala»

Hego Koreako Suwon hirian bizi da Unai Urretxo musikari eta orkestra zuzendari arrasatearra.Orkestra eta Opera Zuzendaritzako irakaslea da Suwongo Unibertsitatean, eta, horrez gain, Saigongo (Vietnam) Orkestra Filarmonikoko ohorezko zuzendaria da. Egunotan, etenda daude unibertsitateko eskolak.

«Asiako herrialde gehienek bazuten eskarmentua lehendik ere, SARS pneumoniak gogor jo baitzuen kontinentea 2003. urtean. Ordutik, protokolo zorrotzak ezarriak dituzte herrialde gehienetan, eta koronabirusa oso kontrolatuta egon da hasieratik», azaldu du. Hego Koreari dagokionez, Europan ezarritako salbuespen neurrien oso bestelakoak ezarri dituzte. Han, Daegu hiriko kongregazio erlijioso baten inguruan detektatu zuten birusaren iturburu nagusia, eta eskualde horretan bakarrik ezarri dute berrogeialdia: «Hemengo itxialdia ez da Euskal Herrian edo Italian ezarri dutena bezain murriztailea. Daegu hirian bai, neurri zorrotzak ezarri dituzte, eta jendea ezin da etxetik atera, baina, Seulen edo Suwonen bizi garenontzat, egoera askoz eramangarriagoa da. Nire lana, adibidez, itxita dago, eta zerbitzu asko daude geldirik, baina gainerakoan, bizimodu normala egiten dugu».

Hortaz, nola kontrolatu dute pandemia Hego Korean? Sistema telematikoen eta unean uneko detekzio prozesuen bitartez: «Koronabirusa detektatzeko probak egiten dituzte une oro, eta edozein tokitan. Drive-thru tests izenekoak, adibidez, autoan zoazela, jaitsi gabe egin ditzakezun probak dira, eta oso agudo ematen dizkizute emaitzak». Bestalde, SARS epidemiaz geroztik, aplikazio telematiko bat ere ezarri du Hego Koreako Gobernuak: «Hiri batean positiboren bat detektatzen dutenean, abisua helarazten diete inguruko biztanleei, eta, datu pertsonalak eman gabe, webgune batean ikus daiteke pertsona hori non egon den azken astean. Hortaz, leku horietan egon direnei dei egiten diete berrogeialdian jartzeko, eta gainerakoei esaten digute 48 orduan toki horietara ez hurbiltzeko, desinfektatze lanek irauten duten bitartean». Neurri horiei esker, gaixo berrien kopurua asko murrizten ari da Hego Korean.

Arrakasta horren oinarrian, baina, «kultura oso bat» dagoela uste du Urretxok: «Hego Korean edo Vietnamen, adibidez, oso agudo erreakzionatzen dute, eta hasieratik ixten dituzte tokiak. Neurriak berehalakoak dira, Italian edo Espainian ez bezala». Aldea suma daiteke gizartearen jokabidean ere: «Jendeak argi du kalera atera behar duela maskara jantzita, adibidez. Europan, jendearen kezka da: 'Ez al naute kutsatuko'; Korean, berriz, kontrakoa: 'Ez ote dut nik inor kutsatuko'. Bada, hortxe dago aldea».

ANE IRAZABAL Berriemailea Erroman

«Zaharrei II. Mundu Gerran bizitakoa dakarkie gogora egoera honek»

Otsailaren 23an identifikatu zuten koronabirusak Italian kutsatutako lehen gaixoa. Ordutik, egunetik egunera, gaitza «esponentzialki» hedatu dela dio Ane Irazabal kazetariak. Erromatik ari da egunero, ETBn auziaren nondik norakoak zuzenean ematen: «Izugarria da ikustea Erroma hiri mortu bihurtu dela».

Hasieran, 11 udalerri itxi zituzten Italiako iparraldean: hamar Lombardian, eta bat Veneton. Herri horietan egoerak gainezka egin zuenean, ezohiko neurriak hartu zituzten Italia osoan [saltokien ordutegia mugatu, zerbitzu publiko batzuk itxi...], eta, iragan astean, herrialde osoa ixtea erabaki zuen Italiako Gobernuak. Irazabalentzat, «aurrekorik gabeko egoera» da honakoa: «Ekialde Hurbilean egona naiz, eta itxialdiak eta larrialdi egoerak bizi izan ditut, Egipton adibidez; baina egoera hau ezberdina da: oraingo honetan, izuaren jatorria ez da indarkeria edo jazarpen politikoa; orain, jatorria ezezaguna eta ikusezina da: birus bat». Horrek herritarren pertzepzioa baldintzatu duela uste du kazetariak: «Italiarrei kosta egin zaie ulertzea arrisku nagusia ez dela birusaren hilkortasun maila, hedatzea baizik, eta kalte handiena ez dutela gazteek pairatzen, adinekoek eta beste gaitzen bat dutenek baizik. Azken egunetan hasi dira ikuspegia aldatzen».

Hain zuzen, adineko jendea da egoera honen gisako aurrekariak ezagun dituen bakarra. «Bigarren Mundu Gerrako egoera datorkie gogora», azaldu du Irazabalek. «Gure belaunaldiak ez du inoiz ezagutu halakorik, baina eurenak bai, eta antzekotasunak ikusten dituzte 1945eko eta gaur egungo Erromaren artean». Irazabalek azaldu duenez, pertsona horiek dira baliabide eta aukera gutxien dituztenak, eta, Erromako hainbat auzotan, jendea hasia da antolatzen, adinekoei eta egoera zaurgarrian direnei laguntza emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.