Koronabirusa

Zaintza komunitatean bideratuz

Etxetik atera ezinik daudenei laguntzeko zaintza sareak sortzen ari dira herritarrak hainbat auzo eta hiritan. Erakundeak ere ari dira apurka bat egiten: Jaurlaritzak boluntario talde bat osatu nahi du.

Herritar sareak kartelak jartzen ari dira atarietan; irudian, Bilboko Zazpikaleak. BERRIA.
Maite Asensio Lozano.
2020ko martxoaren 18a
00:00
Entzun

Atarietan eskuz idatzita agertutako oharrak izan ziren lehenik: ikastetxeak itxi zituztenean, haurrak zaintzeko beren burua eskaini zuten hainbat bizilagunek igogailuetako ateetan itsatsitako mezuetan. Taldeak agertu ziren gero, etxebizitza eraikinetan, auzoetan edo herrietan, etxean itxita geratu behar dutenei edo mugikortasun arazoak dituztenei laguntza emateko prest. Zaintza krisia areagotu du COVID-19ak eragindako larrialdiak, baina herritarrak segituan hasi dira antolatzen: Euskal Herriko hainbat txokotan ari dira loratzen elkartasun eta zaintza sareak, gazte asanbladek, talde feministek, auzo elkarteek edota udalek sustatuta.

Gasteizen sortu da mugimendurik handienetako bat: asteburuan 1.500 pertsonak eman zuten izena Batera zaintza sarean, eta kopurua etengabe handitzen ari da. Birusak gehien zigortutako guneetako bat izaki, «erantzun positiboa» ematen ari dira herritarrak, taldeak azaldu duenez: «Zaintza behar asko areagotu egin dira, eta aurrez zeudenak larriagotu. Zerbitzu publikoek bermatu beharko lituzkete, baina gabezia horien aurrean ezin dugu ez ikusiarena egin eta auzokide batzuk alboratu, herritar gisa gure ardura da modu kolektiboan erantzutea».

Batik bat, bi lan eskaintzen ari dira halako sareen bidez: erosketak eta enkarguak egitea etxetik atera ezin direnentzat, eta umeak zaintzea. Oraingoz, eskatzaile baino boluntario gehiago dituzte, baina aurrerantzean premia handiagoak egongo direla uste dute; beraz, zaintza taldeak ezagutzera ematen ari dira, adibidez, etxe atarietan kartelak jarriz.

Eskualdeetan, hirietan eta herrietan sortu dira halako mugimenduak, baina lanean hastean, oro har, auzoka antolatzen ari dira, Baterako kideek esplikatu dutenez: «Irizpideetako bat da ahalik eta eremu gertukoenean egitea zaintzak, konfiantza handiagoa ematen duelako, auzokideen arteko sare komunitarioak sortzea errazagoa delako, eta bestetik, birusa ez hedatzeko hobe delako distantzia txikietan mugitzea». Hala ere, nabarmendu dute segurtasuna «lehentasunezkoa» dela, eta osasun langileekin landutako protokoloei jarraikiz jarduten dutela.

Horrelako proiektuek, gainera, arrastoa utzi nahi dute, birusaren ondorioak desagertzen direnean ere. Batera-k berretsi du bestelako zaintza eredu bat jorratu nahi dutela sarearen bidez: «Zaintza kolektiboa, auzolanean oinarritua; zaintza lanak ez daitezen gera beti emakumeen esku». Antzeko ikuspegia dute Bilboko Zazpikaleetan sortu duten sareko partaideek ere: «Gure auzoa erakusleiho bihurtu den honetan, elkar zaintzeko harremanak galdu egin dira: auzokideek ez dute elkar ezagutzen. Guk ez dugu desagertzeko asmorik larrialdi egoera amaitzean. Erosketak egitetik harago, komunitatea zaintzean datza gure lanketa: ezinbestekoa da auzokide guztien ongizatea bermatzea, bakarrik ez gaudela senti eta praktikan jar dezagun. Sekula baino atomizatuago gauden une honetan, komunitatea harilkatzea lehentasuna dugu».

Bakardadea arintzera

Herritarrak ez ezik, erakunde batzuk ere ari dira halako taldeak sustatu nahian. Udalen artean, Azkoitian, Azpeitian, Errenterian (Gipuzkoa) edota Durangon (Bizkaia) asteburuan abiatu zituzten zaintzarako egitasmoak. Errenteriako alkate Aizpea Otaegi Mitxelena hunkituta agertu da «zaintza sare komunitarioa» deiturikoak jaso duen babesarekin. Igande gauean aktibatu, eta 24 ordu barru ia 300 lagunek eman zuten izena boluntario taldean. «Esaten da baldintzarik txarrenetan ateratzen dela gure onena; eta oso mezu politak helarazten ari dira bai boluntarioak bai laguntza jasotzen ari direnak».

«Kezkatik» sortu du sarea udalak: «Ardura handia genuen, behar materialekin ez ezik, bakartzeak eta harreman sozialen faltak ere hainbat pertsonarengan izan dezaketen inpaktuarekin». Hala, erosketak eta bestelako lehengaiak babes zibileko langileen bidez banatuko ditu udalak; boluntarioak, aldiz, telefono deiez arduratuko dira, eta, besteak beste, bakardade hori leuntzeaz: «Hasieran, behintzat, irizpide gisa jarri dugu 70 urtetik gorakoei deitzea: 7.400 dira herrian. Denak ez dira bakarrik bizi, edo seme-alabaren bat joan zaie egunotan zaintzera; baina bakarrik bizi direnei galdetzen diegu ea nahi al duten bi egunetik behin norbaitek telefonoz deitzea, eta erantzuna baiezkoa izaten da; ondo daudenek ere, eskertzen dute. Izan ere, oso egun gogorrak datoz, hau hasi besterik ez da egin».

Udalez gain, Bizkaiko Foru Aldundia izan da lehena horrelako boluntario sare bat sortzen: igandean jarri zuen martxan Bizkaia Gara egitasmoa, eta ordutik 1.500 pertsona jarri dira erakundearekin harremanetan. Asmoa da izena ematen duten boluntarioak eskualdeka antolatzea, laguntza behar duten adinekoei sendagaiak eta elikagaiak erosteko eta etxera eramateko. «Boluntarioek behar duten informazioa, prestakuntza, orientazioa eta baliabide materialak jasoko dituzte zeregin horietarako», adierazi dute aldunditik. Hala ere, bertako iturriek aitortu dute ez dakitela zehazki zenbat lagun dauden premia egoera horretan. Datu bakarra dute, edadetuen zaintza familia eremuan mantentzeko ematen duten laguntza ekonomikoei begira ageri dena: 9.168 adineko bizi dira etxean beste edadeko pertsona batek zainduta.

Jaurlaritzak ere bai

Eusko Jaurlaritza izan da azkena horrelako egitasmo bat bideratzen: Guztion Artean aurkeztu zuen atzo. Boluntario sare bat osatu nahi du, 70 urtetik gorako pertsonen beharrak asetzeko: erosketak eta botikak eramatea, maskotak zaintzea, edota atzeratu ezin daitezkeen tramiteak egitea. Gainontzeko erakunde publikoekin koordinatuta ariko da, baita hirugarren sektoreko eragileekin ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.