Koronabirusa

Nork agindu tabernetan

Ordiziako taberna batetik zabaldutako fokuak piztu ditu alarmak aste honetan. Su gehiago ere ari dira pizten, Tuteran, Gasteizen... Tabernariak eta kudeaketan dabiltzanak kezkatuta daude.

Bi lagun, terraza batean eserita, Orion. JON URBE / FOKU.
Aloña Beraza Peña Irati Urdalleta Lete
2020ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Tabernetan piztu dira alarmak, Ordiziako (Gipuzkoa) COVID-19aren fokuak kezka eragin du eta. Tabernarientzat eta udalentzat ez dira egoera kudeaerrazak. BERRIAk hainbat lekukotza bildu ditu, egoerari aurre nola egiten ari diren azaltzeko.

«Distantziak errespetatzen dira, baina maskara hemen ez dauka inork jarrita: ehunetik hamarrek-edo». Horrela deskribatzen du Ameli Jauregik Areatzan (Bizkaia) duen Hagina tabernan bizi duen egoera. Tabernariek, ordea, segurtasun neurriak betetzen dituztela azaldu du. «Taberna pertsona batek aurrera atera behar duenean, zailagoa da, zuk arduratu behar duzulako guztiaz: zerbitzatu, mahaia garbitu, gogorarazi eskuak garbitzeko... Egin daiteke, eta ez da ezer gertatzen».

Taberna batean fokua izan dela ikusteak ez du harritu, hasieratik zekielako pasa zitekeela: «Kutsatutako pertsona bat taberna batera joaten bada, aukera asko daude jendea kutsatzeko». Halere, fokua ikusita, herritarrak kezkatuago daudela iruditzen zaio Jauregiri: «Pixkanaka, badirudi beldur gehiago sartzen ari dela. Ordiziakoa ikusita, badirudi esan dutela 'Ordizia ere ez da hain handia, eta iritsi da'. Ikusi ez duten arte, pixka bat kostatu zaie». Berak hasieratik hartuakzituen neurriak mantenduko ditu, adibidez, gauen ohiko ordua baino lehen ixtea. «Badakit azken orduan jendea oso galduta dagoela».

Ander Solozabal Gasteizko Txapelarri tabernako langileak azaldu duenez, eurak neurri guztiak betetzen ahalegintzen dira. Langileek maskara jantzita lan egiten dutela kontatu du, eta desinfekzioa zorroztasun osoz betetzen dutela. Bezeroen artean segurtasun distantzia bermatzen saiatzen diren arren, oso zaila dela kontatu du, askok entzungor egiten baitute.

Lan bikoitza egiten ari direla dio Solozabalek, eta etekinak, ordea, lehen baino txikiagoak direla. Konfinamenduagatik taberna itxita egon denez, galera ekonomiko handia izan dutela azaldu du tabernariak, eta larriturik daude orain jendea tabernetara joateko beldur dela eta: «Kutsatzearen kulpa gurea balitz moduan tratatzen gaituzte askok, eta horrek herritarrengan beldurra besterik ez du eragiten».

Hondartzetako guneak

Tabernez gain, bada beste foku bat jendetza batzen dena: hondartzak. Eguraldi onarekin batera bisitari kopurua nabarmen hazi da kostaldeko herrietan, eta, Orioren kasuan (Gipuzkoa), iragan igandean hondartza itxi behar izan zuten. Udaltzainek dute hondartzako edukiera kontrolatzeko ardura, jende pilaketak eragozteko. Edukiera kolore kode baten bitartez neurtzen da: berdea, horia eta gorria. Mikal Etxeberria Orioko udaltzainen buruak BERRIAri azaldu dionez, ordu erdian behin egiten dira kontaketak, eta edukieraren mugagorrian jartzen denean, gutxienez, bi orduz hondartza ixteko agindua dute kontabilitate programek edukiera ongi neur dezaten.

Etxeberriak gaineratu duudaltzainen betebeharra dela ilaran daudenei jakinaraztea zain egoteko maskara derrigorrezerabili behar dela. Azaldu duenez, hondartzara joateko irrikan iritsi diren horiek guztiakbeste ekintza batzuk egitera a nimatzen dituzten arren, gehienak prest daude ilaran itxaroteko hondartza ireki arte, bi orduluzez eta maskarak jantzita bada ere.

Orion izandako fokuak momentuan eragina izan bazuen ere, udaltzainburuak uste du oraindik herritar batzuk ez direla jabetzen arriskuaz. Heziketa kontua dela uste du, ezinezkoa baita udaltzainak herritar bakoitzaren atzetik ibiltzea, eta nabarmendu du helburua ez dela izaten isuna jartzea.

Herrian egunerokotasunean neurri guztiak txukun errespetatzen direla kontatu du. Etxeberriak sumatzen du zailtasunak aire libreko lekuetan gertatzen direla, distantziak kontrolaezinak direlako. Orioko hondartzatik gertuen dauden tabernetan izaten dira jende pilaketa nagusiak, udaltzainburuak dioenez, herriko gainerako tabernetako giroa lasaiagoa delako.

Baina taberna barruetan dago gakoa. Segurtasun neurriak tabernetan bermatzeko ardura guztiena dela azaldu du udaltzainak, eta, tabernaren eskumena bada ere, elkarlanean saiatu direla azaldu du Etxeberriak. Oso kasu jakinetan bakarrik sartu behar izan dute tabernetara Orion.

Sunbilla eta Bera

Sunbillan eta Beran (Nafarroa) ere izan dira agerraldiak, baina orain egoera lasaiagoa dela eta datuak onak direla azaldu du Aitor Elexpuru Berako alkateak. Agerraldiak kezka handia sortu bazuen ere, egoeraren garrantziaz konturatzeko balio izan duela aitortu du. Fokua itxitzat ematen dute.

Alkateak jakinarazi duenez, konfinamendua amaitutakoan espazio publikoak berme guztiekin ireki zituzten, eta gero azaldu zen fokua. Egoera garaiz menderatu zutenez, eta agindurik ez zutenez jaso, Berako Udalak ez zuen aparteko segurtasun neurri berezirik hartu behar izan. Dena den, tentu handiz ibili behar dela azpimarratu du Elexpuruk, beste foku bat «edonoiz» ager daitekeelako. Herritarren jarrera dela eta, pozik agertu da. Arduraz jokatu da, eta esan du horri esker ez dela izan jende pilaketa esanguratsurik.

Berako Udalak ez du zaintza jarduerarik egiten tabernetako edukiera kontrolatzeko, eta berme guztiak ostalaritzako kideekin elkarlanaren eta une oroko harremanaren bitartez bideratzen dituzte. Dena den, Elexpuruk aitortu du fokua agertu zenean kezka handiak izan zituztela, gehienbat, asteburuetan alboko herrietatik gerturatutako jende pilaketengatik. Kasu horretan ere, ostalariekin eta merkatariekin hitz eginez konpondu zutela kontatu du. Alarma egoeran tabernariek terrazen edukierarekin zuten mugari irtenbidea eman nahian, Berako Udalak taberna horien eskura jarri zituen lur publikoak, eta hori ere nola kudeatu erabakitzeko solasaldiak izan zituzten. Elkarrizketa bide horrek erraztu zituen araubideak.

Horrenbestez, segurtasunik gabeko egoerak sortzen badira, eta horiek kudeatzeko orduan, ardurak partekatuz eta neurriak hartuz gero, aurrera egiteko bideak topatzea errazagoa dela sumatzen dute inplikatutako eragileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.