Konfiantza helduleku

Euskal preso eta iheslari ohien gizarteratzean laguntzea du helburu Harrera elkarteak. Hamargarren batzarra egitekoa da gaur, begia preso ohien pentsioen etorkizunean jarrita.

Iosu Alberdi.
2022ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
«Gidabaimena atera nahi du, bai. [...] Zornotzara? Bale, eskerrik asko». Telefono dei batekin adostu du Juan Karlos Ioldik (Ataun, Gipuzkoa, 1963) espetxetik atera berri den euskal preso batentzat gidabaimena ateratzeko ikastaroa. Halako lanetan ari da azken hamarkadan, Harrera laguntza elkarteko kide gisa. Euskal preso eta iheslarien gizarteratzea erraztea dute helburu, eta hamargarren batzarra egingo dute gaur. Bi erronka dituzte finkatuta: bazkide kopurua handitzea eta preso ohien pentsioen afera tratatzea.

Harrera elkarteak 400 preso eta 30 iheslari ohi ingururi eman die gizarteratzeko laguntza azken hamarkadan; egun, 41 laguni ari dira arta ematen, modu batean edo bestean. Iheslari ohien kasuan, egoera bereziki gogorra dela azaldu du Ioldik: «Libre zaude, baina ezin zara etorri, eta bizitza aurrera doa. Agian ez duzu harremanik senideekin». Presoek, berriz, egoera zaila izan arren, bisiten eta deien bidez harremanak mantentzen dituzte: «Halere, hogei edo 30 urte pasatu dituen pertsonari kosta egiten zaio. Utzi zuen gizarteak eta oraingoak ez dute zerikusirik», zehaztu du, eta gehitu: «Horretarako gaude gu. Badakite hemen gaudela».

Elkartea «erreferentziala» da haientzat, batez ere gizartearekin lehen harremanak egiteko garaian, baina baita gerora ere. Horretarako, «konfiantza» landu beharra nabarmendu du Ioldik. Urrunago joan gabe, elkarteak espetxetik atera osteko subsidioa aurreratzen die preso ohiei —hiru hilabete aske egin ostean hasten dira hura kobratzen—, eta hark irauten duen hemezortzi hilabeteetan diru sarrerak bermatzeko errentara iristeko laguntza ekonomikoak ematen dizkiete. Hortik haratago doa, baina, elkartearen lana: gidabaimenak, alokairuak, laguntza psikologikoa, lana, aholkularitza, diru laguntzak jasotzeko tramitazioak... «Odontologian ere gastu handiak ditugu», azaldu du elkarteko kideak: «Irlandan telefono gorri bat dute 24 orduz. Guk ez dugu, baina gure mugikorrak hala izango balira bezala dira». Halere, egindako lanaz harro agertu da, preso eta iheslari ohien «esker ona» jasotzen dutelako: «Hori baino betegarri hoberik ez dago. Gauzak ondo egiten ari garenaren isla da».

Azken urteetan aske geratutakoen harira, Ioldik azaldu du gero eta gehiago direla adinean aurrera egindakoak, eta askorentzat «ia ezinezkoa» dela lan munduan integratzea. «Gero eta pertsona helduagoak ateratzen ari dira, eta iritsiko da momentua pentsio minimo bat jasotzeko modurik izango ez dutena», azaldu du. Egun, hori da elkartearen «kezka nagusia», hamabost urte kotizatzera iritsi ezingo dutenen egoera. Hala, haientzako «pentsio duin batzuk» lortzeko erronkari erantzun nahi diote. Alderdi politiko eta instituzioekin ere tratatu dute gaia, baina ez dute konponbide errazik hautematen. «Aztertu dugu ea aukera egongo litzatekeen kartzela garaia kontuan hartzeko, baina modu orokorrean egin beharko litzateke, eta dirua da», azaldu du.

Ez da adinarena, baina, Harrera elkartearen jardunean eragin duen aldaketa bakarra. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeen kudeaketaren eskumena Eusko Jaurlaritzaren esku geratzearekin batera, hirugarren graduak eta baldintzapeko askatasunak areagotu dira. Horiek jaso dituztenei ere babesa eman die elkarteak, bazkideen onespena jasota. «Batzuek barrutik deitu digute, esanez odontologo baten beharra zutela, edo gidabaimena atera nahi zutela. Laguntza horiek ere bideratu ditugu», esan du Ioldik.

Horrez gain, instituzioekiko harremana ere indartu dute. Besteak beste, Jaurlaritzaren Aukerak egitasmoko arduradunekin bilkurak izan dituzte, haren hastapenetatik: «Jakin nahi zuten nola egiten dugun lan». Instituzio, alderdi eta enpresekiko harremanak elkartearen sorreratik daude presente, preso eta iheslari ohien tramitazioak errazte aldera: «Diskrezioz mugitzen gara. Zerbait konpondu behar bada, harremana hor dugu, eta ez dugu arazorik». Izan ere, Harrerak «jendeari laguntzea» du helburu, eta hori lortzeko «ateak irekita» ditu.

Asistentziala

Elkarteak 3.180 bazkide ditu egun, eta haiek dira eman beharreko pausoak zehazten dituztenak. «Gure erabakiak bazkideek hartzen dituzte, eta ez beste inork», nabarmendu du Ioldik. Izan ere, Harrerak ez du eremu politikoan eragiteko helbururik, elkarte «asistentziala» izatekoa baizik. Bide hori jorratu dute hasieratik, eta horren lekuko jotzen ditu zuzendaritzatik igaro diren kideak. Andoni Iturriotz kultur sustatzailea izan zen lehen lehendakaria, eta egungo lehendakari Sebastian Barinagarrementeriari pasatu zion hark erreleboa 2017an.

Bien jarduna eskertu du Ioldik, baita Ainhoa Erkiziarena ere. Batez ere, elkartea sortu berritan aurpegia eman izanagatik: «Aurreikusten genuen legez kanpo utziko gintuztela, eta esan genien nahi bazuten uzteko. Baina mantendu ziren, eta hori estimatzekoa da». UPD izan zen Espainiako Fiskal Nagusiari eskatu ziona elkartea ikertzeko, eta Ioldik gogoan du Guardia Zibila atzetik izan zutela hainbat hilabetez, Auzitegi Nazionalak kasua artxibatu zuen arte: «Gu gara estatuak ukitu ez duen elkarte bakarra».

Orain, onura publikoko izendapena lortzea dute xede, bazkideak lortzeko urrats gisa. Izan ere, horien kuotak dira elkartearen diru iturri nagusia, partikularrek eginiko dohaintzekin batera. «Denok eman behar dugu zerbait», gogorarazi du Ioldik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.