Albistea entzun

Maletaren itzalean

Gurasoen deportazioa edo erbesteratzea bizi zuten umeen eta gazteen testigantzak bildu ditu Miren Azkarate kazetariak 'Ikusezinak. Erbesteratuen haurrak'-en.
Miren Azkarate, <em>Ikusezinak. Erbesteratuen haurrak</em> liburuaren idazlea.
Miren Azkarate, Ikusezinak. Erbesteratuen haurrak liburuaren idazlea. ARITZ LOIOLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Isabel Jaurena -

2023ko urtarrilak 19

Hutsune bat betetzea: iheslari eta deportatuen silueta beltzaren atzean gordetzen dena argitara ekartzea. Hori da Miren Azkarate kazetariaren azken lanaren helburua. «Silueta beltz bakoitzaren atzean pertsona bat zegoelako, eta pertsona horren atzean familia bat», argitu du.

Azkaratek Ikusezinak. Erbesteratuen haurrak liburua argitaratu berri du. Bertan zortzi istorio biltzen ditu, gurasoen erbestea edo deportazioa bizi izan zuten haurrenak eta gazteenak. Bere bizipenak ere kapitulu batean partekatzen ditu. «Nik sinatzen dut, baina denok idatzi dugun liburu bat da, eta guk osatu dezakegun kolektibo guztiaren ahotsa izatea gustatuko litzaidake».

Azaldu du liburuan erabilitako lagina txikia den arren, errealitate zabal bati ahotsa emateko baliagarria izanen dela. «Kalkulatzen da azken 50 urteetan 2.500 iheslari edo deportatu izan direla Euskal Herrian eta, batez beste, bakoitzak bi seme alaba izan baditu, gutxi gorabehera 5.000 haur maletadun daude Euskal Herrian eta munduan zehar barreiatuta», erran du Azkaratek. Haur maletadun kontzeptuak erreferentzia egiten dio gurasoak ikustera joateko maleta handiak behar dituzten umeei. Normalean, hilabete bat baino gehiagoko egonaldietarako, eta atzerrira joan behar izaten dutelako.

Kontakizunak, beraz, memoria ariketa kolektibo bat egiteko aukera ematen du. Gogoeta pertsonala egitea ere ahalbidetu dio Azkarateri: «Nire asmoa zen gainontzekoen istorioak kontatzen nituen bitartean nire bizipenak, gogoetak eta iritzia txertatzea». Azkaratek aitortu du bere bizipenak kontatzea kostatu zaiola: «Barrutik oka egin banu bezalako kontakizuna da».

Liburua argitaratu eta gero, baina, emozioak ez dira gelditu. Herri bakoitzean, aurkezpen bakoitzean jendea eskerrak ematera joaten baitzaio Azkarateri: «Ez nuen espero horrelako erantzuna, baina, era berean, gorabehera handiak izaten eta negar eta barre handiak ere egiten ari naiz». Maletak ume horiei itzal handia egin dielako urte luzez, eta ikusezinak sentitu izan direlako. Hortaz, orain, bat-batean, norbaitek beraien kontakizuna argitara ekarri izanak zauri eta arantza anitz sendatzeko aukera eman duela aitortu du Azkaratek.

Argi du ezin direla alderatu presoen eta iheslari eta deportatuen kolektiboak, «errealitate desberdinetatik» datozelako. Eta ulertzen du zergatik segurtasun arrazoiengatik iheslari eta deportatuen identitateak babestu izan diren. «Baina gaur egungo testuinguru politikoan iruditzen zait badela garaia bai haiei [iheslari eta deportatuei] eta baita guri ere [beraien seme-alabei] izen-abizenak jartzeko». Izan ere,urte luzez kolektibo horretako kideak silueta beltz batekin irudikatu dira. Azkarate: «Dena justifikatu da segurtasunaren izenean, baina horrek min handia eragin digu».

Haurtzaroaren zutabeak

Itzal horretan bizitzea zama handia izan da iheslari eta deportatuen umeentzat: «Ikusi eta bizi genituelako gauzak ume batek ez dituenak ikusi edo bizi behar». Hainbertze definitu zuen itzal horrek haur horien bizitza, ezen gezurra eta beldurra izan zirela euren haurtzaroaren zutabeak.

«Batetik, beldurra genuen bai gure gurasoetako bat, biak edo gu desagertzeko. Torturaren beldurra hor zegoelako. Bestetik, beldurra genuen hanka sartzeko. Guk etxean bizitza bat genuelako eta kanpoan beste bat». Beldur horrek baldintzatuta, gezurrak erratera behartuta zeuden ume horiek, «zorrotz» jokatzera.

Hala ere, batzuetan gezurretan bai, baina gaizki aritzen zirela ere gogoratzen du Azkaratek. Sei urte zituenean egindako hanka sartze bat barre artean ekarri du gogora: irakasleak euren gurasoek zertan lan egiten zuten galdetu zien Azkarateri eta bere anaia zaharrenari. Amaren lana ongi erran zuten biek —erizaina zen—, baina aitari buruz galdetzean, batek ogibide bat erran zuen, eta bertzeak, bertze bat. Zuzendariari arraroa egin zitzaion erantzuna bera ez izatea, eta ama deitu zuen, azalpenak eskatuz.

Gisako hamaika istorio dituzte deportatu nahiz iheslarien umeek, baina, hala ere, Azkaratek argi du: «Ez nuke aldatuko nire haurtzaroa, oso maitatuak sentitu ginen». Ez bakarrik etxeko familia nuklearraren aldetik: «Nik familia askoz zabalagoa dudala kontsideratzen dut, pertsona horiekin ez nuelako gezurrik esan behar, aske sentitzen nintzelako, maitatua eta berezia nintzelako».

Azkaratek dio amak arduratu zirela ume horiek horrela sentitzeaz, eta aitarekin harremana ez galtzeko lan egiteaz: «Aitaz hitz egiten zuten, eta aita presente edukitzen zuten, gure harremana izan zedin ahalik eta naturalena. Haien bizitza hipotekatu dute askok lotura hori ez galtzeko». Izan ere, ume aunitzendako atzerrian zegoena aita bazen ere, beraiek ez zuten hala sentitzen. Azkarate: «Gure aita nahiz eta urtero ikusi, pertsona ezezagun bat zen guretzako».

Aitarekin ez ezik, Euskal Herriarekin ere lotura ez etetea ziurtatu zuten ama aunitzek. «Bai Euskal Herriko gatazka, eta bai gu, ez ginateke gauden lekuan egongo eta garenak izango haiengatik ez balitz. Iruditzen zait badela garaia, eta Euskal Herriko gatazkan ere, emakume horiei egiteko aitortza».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©BERRRIA / BERRIA

«Zergatik egon behar dut nik kontrolpean?»

Maite Asensio Lozano

Manuelaren senar ohiak eskumuturrekoa darama. Manuela hiltzen saiatu zen. Gizonak maiz uzten du gailua kargatu gabe, eta, alarmak etengabe jotzearen ondorioz, antsietate arazoekin dabil emakumea.

Miramonen ospatu dute festa, eta Zientzia eta Teknologia Parkearen eraikin nagusiko aretoa lepo bete dute. ©MAIALEN ANDRES/FOKU

Sexu identitateari buruzko ikus-entzunezko pieza didaktikoak sortu ditu Naizen elkarteak

Jone Arruabarrena

Adingabe Transexualen Gurasoen Elkarteak urteroko jaialdia ospatu du, eta ikus-entzunezko bost piezak osatzen duten proiektua aurkeztu dute, baita diseinu berri batekin apaindutako kamisetak ere

‘Soilik baietz da baietz’ legea berrikusiko dute

‘Soilik baietz da baietz’ legea berrikusiko dute

Berria

Podemoseko iturriek azaldu dute oraindik ez daukatela «konponbide bat», baina bide egokia aurkitzeko lanetan dabiltzala.

 ©MARISOL RAMIREZ / @FOKU

Kontrol telematikoa hobetu beharra

Maite Asensio Lozano

Tratu txarrak ematen dituzten gizonei eskumuturreko telematikoa jartzea maizago eskatuko dute poliziek eta fiskalek, baina gailu horien nahi gabeko ondorioek kezka piztu dute eragileen eta biktima taldeen artean.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.