Zalantzazko babes dikea

Mutriku Natur Taldeak errekurtso bat jarri du herriko babes dikeko lanen aurka. Jaurlaritzak obra amaitu dezala nahi du udalak, baina erakunde hark portuan egin dezakeenak kezkatzen du.

Mutrikuko portuko babes dikearen azken ehun metroak egiteke daude. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Iosu Alberdi.
2022ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietarako Zuzendaritzak urtarrilean hasi zuen 2022rako iragarritako «obra nagusia» aurrera ateratzeko lizitazioa. Mutrikuko (Gipuzkoa) babes dikea amaitzea da helburua, «porturako sarbidea hobetzeko» eta «agitazio baldintza egokiak lortzeko» asmoz, eta, horretarako, 18,9 milioi euro jarriko ditu. Mutriku Natur Taldearen esanetan, baina, beharrezko ingurumen azterketak egin gabe hasi nahi dituzte obrak, eta kontratazio espedientea berraztertzeko errekurtso bat aurkeztu zuen martxoan, lanak geratze aldera. «Epez kanpo egiteagatik» atzera bota zieten, baina adjudikazioa gauzatzeko zain daude, beste urrats batzuk egin eta «eztabaida publiko bat» bultzatzeko.

Jaurlaritzak 2002an hasi zituen babes dikea eraikitzeko tramitazioak, baina, 2010ean haiek behin-behinean eten zirenetik, ez da azken ehun metroak egiteko urratsik egin. Orain arte. Mutrikuko alkate Joseba Palenzuelaren esanetan, udalak bazuen Jaurlaritzaren asmoen berri, Portu eta Itsas Gaietarako Zuzendaritzak adierazi izan dielako obra laster iritsi zitekeela, argudiatuta hala egin ezean eraikuntzak ez lituzkeela ezarritako helburuak beteko. Jaurlaritzak Euskadiren Susperraldirako eta Erresilientziarako Programa 2021-2026 txostenean aipatu zuen lehenik obra, eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2022rako ekinbide nagusien zerrendan gero. Halere, Palenzuelak azaldu du ez dutela gaiaren inguruko informazio ofizialik jaso, eta herriko Berdeak+Independenteak udal taldearen bitartez jakin zutela lizitazio prozesua hasi zela. Izan ere, alkateak dio Jaurlaritzari eginiko eskaerek oraingoz ez dutela izan erantzunik.

Mutriku Natur Taldeko presidente Rafa Perezen esanetan, isilean jokatu du Eusko Jaurlaritzak, eta herritarren parte hartzea eragotzi du proiektua aurrera ateratzeko. Halere, plataformaren kritika nagusia da proiektuaren ingurumen azterketa egin ez izana. Salatu dutenez, 2002ko Mutrikuko Porturako Itsas Sarbidea Hobetzeko Proiektuaren jarraipena izan arren, beharrezkoa da egungo ingurumen legeen pean eginiko azterketa bat, lanek eta eraikuntzak bere osotasunean izan dezaketen inpaktua zehazteko.

Taldearen arabera, dikeak ondorio kaltegarriak eragin ditu eremuan, eta areagotu egingo lirateke luzapena gauzatuko balitz: «Portuaren eraikuntzak eta zabalkuntzak inguruko hondartzak eta labarrak eraldatzea dakar, eta olatuen ibilbidea aldatzeak kostako errepidean izango duen eragina ukaezina da». Azaldu dutenez, dikeak GI-638 errepidea labarren gainetik igarotzen den eremura zuzentzen ditu olatuak, eta horrek «kalte larriak edo oso larriak» eragin ditzake. Herriaren bestaldean ere, Burumendi hondartza aldeko mendi hegalean, erosioa «modu arriskutsuan» areagotu dela salatu dute.

Hala, alternatiben azterketa bat egiteko eskatu dute, dikea luzatzearen onurak aztertzeko, eta, haren eraikuntza babesten bada, izan beharko lukeen norabidea zehazteko. Izan ere, plataformak uste du dikearen luzapenak itsaso txarrarekin porturatzea zaildu dezakeela, eta portu barruko ura berritzea zailduko duela.

Udalak ere adierazi dio Jaurlaritzari ingurumen inpaktuaren inguruko kezka, azterketak lehen proiektuaren inguruan egin baitziren. Palenzuelaren esanetan, baina, erakundeak hitzez adierazi zion lanek beharrezko oniritziak jaso dituztela.

Eskatutako obra

Udalaren eta Mutriku Natur Taldearen iritziak ez datoz bat babes dikea eraikitzeko beharraren inguruan. Plataformaren arabera, ez dago obra justifikatzen duen argudiorik. Alkatearen aburuz, berriz, ez dago haren aurka egiteko «nahikoa arrazoi». Izan ere, Palenzuelak gogoratu du udalak behin eta berriz eskatu duela dikeko lanak amaitzeko, eta ez dela garaia eraikuntza atzera botatzeko: «Ez du zentzurik aurre egiteak. Herriak eskatu zuen zerbait da». Beraz, ez dute asmorik dikearen aurkako mugimendurik sustatzeko.

Beste kontu bat dira dikea egiteko arrazoiaren inguruko eztabaidak. Jaurlaritzaren eskumenekoa da portua, eta Perezen eta Palenzuelaren susmoa da herriko kirol portuan bostehun amarradura berri ezartzeko asmoa duela. Mutriku Natur Taldeko presidentearen arabera, iraganean arrantza babesteko neurritzat saldu zen arren, egun ez dago «babestu beharreko arrantza industriarik», eta, beraz, ezta obra justifika dezakeen argudiorik ere. «Obra honek herriaren etorkizuna baldintzatuko du», gehitu du Perezek, esanez etxe agentziek jendea etxeak erostera bultzatzeko tresna dela kirol portua.

Udalak, berriz, dikearen ostean irits daitezkeen lan horietan eragiteko asmoa du, portu barruan egingo direnetan, eta Jaurlaritzari eskatu dio garaia iristean herritarrak entzuteko. Palenzuelak azaldu duenez, gobernuaren asmoa da udalean ordezkaritza duten hiru indarrek —EH Bildu, EAJ eta Berdeak+Independenteak— portuaren etorkizunaren inguruan dituzten ikuspegiak plazaratzea, ondoren hitza herritarrei emateko. Beraz, Mutrikuko Udalak «modu kolektiboan» hartu nahi du eremuan egin daitezkeen lanen gaineko erabakia, eta uste du «garaiz» daudela horretarako: «Herriaren etorkizuna eta portuaren etorkizuna batera eraiki behar dira».

Dikearen eraikuntzak hainbat urtetako gorabeherak ditu atzean. Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendaritzak 2002an adierazi zuen Mutrikuko kostaldean babes dike bat ezartzeko aukera, eta hiru urte geroago hasi ziren hura eraikitzeko lanak. Ordutik, bi moldaketa izan ditu proiektuak. 2006an onartutako aldaketak modua eman zuen dikean Undimotriz marea energiako instalazioa eraikitzeko. Bi urte geroago, berriz, ordura arte eraikitako blokeak sendotzeko lanak onartu zituzten, 2007ko denboraleek eragindako kalteak konpontzeko. Bi moldaketen ondorioz, obren aurrekontuak %20tik gora gainditu zuen adostutakoa, eta Jaurlaritzak eta eraikuntza enpresak eten egin zuten bien arteko kontratua. Hala, 440 metro luze izan behar zuen dikea 90 metro inguru laburrago geratu zen, eta mendebaldeko muturra egin gabe.

Ordutik, Jaurlaritzak behin eta berriz adierazi du dikea amaitu behar dela eta Europako funtsak jartzen ere saiatu zen horretarako. Aukera, baina, ezerezean geratu da, eta marea energiako instalazioetan eragin gabe gauzatuko dituzte lanak. Halere, Perez ez dago hain ziur, uste baitu EAJren eta PSOEren arteko akordioren batek egoera alda dezakeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.