Pastor
DARWIN ETA GU

Kabroia eta errepublikatxoa

2020ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Ohitu egin naiz urteen poderioz, baina Donostia erdiko kale baten izenak egonezina eragiten dit oraindik. Duela egun batzuk zapore mingots hori sentitu nuen berriro. Inguru hartako taberna baten berri eman nion lagun bati, eta hark galdetu: «Reyes Católicos aldean dago, ezta?».

Zer dela eta omendu, Donostian, Euskal Herriaren konkista, okupazio eta kolonizazioaren aitzindari historikoak? Indar politiko (ustez) abertzaleek gehiengoa dute Gipuzkoako hiriburuan, baina Espainiaren batasunaren heroiek hor segitzen dute. Zer dela eta goraipatu Nafarroa menderatu zutenak?

Errepublikanoak ala monarkikoak gara? Edo monarkiaren aldeko errepublikanoak? Orduan, ongi etorriak Felipe Gonzalez jaunaren klubera. «Prefiero una monarquía republicana como la que tenemos a una republiqueta», azaldu zuen Espainiako presidente ohiak joan den astean Sevillan, katalan independentistei iseka eginez. Nolatan izango da monarkia bat errepublikanoa, sortze berean dituen balio eta oinarriak herritar guztien arteko berdintasunaren gainetik badaude? Erregea edo erregina izatea odolkidetasunari lotuta dago; Espainiako erregea ezin dute epaitu, ez baita erantzulea legearen aurrean; ezin dute bozkatu edo kargutik kendu. Monarkia errepublikano hori, gainera, errepublika suntsitu zuen diktadoreak jarri zuen. Beraz...

Letizia erregina plebeioa dela argudiatzen dute, horrek aldaketa ekarri duela koroan. Monarkia errepublikanoa izango da horregatik? Suediako erregina Silviak ez du odol urdinik. Azafata zen Municheko Olinpiar Jokoetan Carl XVI.a Gustaf Suediakoa izango zena ezagutu zuenean. Suediarrei inoiz ez diet entzun monarkia errepublikanoa dutela.

Espainiako ezker instituzionalak monarkiaren lukainka irentsi zuen trantsizioan. Gero monarkia errepublikanoaren gezurra asmatu zuen bere burua zuritzeko. Eta azkenean, sinetsi. «Zertarako errepublika, gure monarkia jadanik errepublikanoa bada?». Azken adibidea Unidas Podemosen ikusi dugu. «Gutxieneko soldata igotzeko edo indarkeria sexualaren aurkako legea egiteko erregea txalotu behar badugu, txalotu egingo dugu», adierazi zuen Irene Monterok lehengoan, Felipe Borboikoari Kongresuan egin zizkion txaloak justifikatzeko.

Barkatu? Erregeari txalo egiten ez badiozu, ez zaizkizu eskubide horiek onartuko, ez dituzu lege horiek egingo? Erregea kontent ez baduzu, kasketa bat badu, kolokan egon litezke? Zer erretorika da hori? Zeruak konkistatzeko erregearen irribarrea behar dugu orain? Ez haserrearazi monarka, gure errege katolikoa, Jainkoaren sumina etorriko zaigu eta. Erdi Aroan gaude, ala? Azkenean hau ondorioztatuko dugu: egun, penintsulako errepublikano ia bakarrak independentistak dira. Euren herrientzako errepublika bat nahi dute. Republiqueta edo errepublikatxoa, X jaunaren iritziz.

Memoria urria dugu euskaldunok. Eta ikusmen laburra. Donostiako Udala ez al da gauza gure herriaren konkista, kolonizazio eta menperatzearen lehen oinarriak ezarri zituztenak kale-izendegitik kentzeko? Noiz jardungo dugu, benetan, euskal ikuspegi nazionaletik, memoria historikoaren lege espainiarretik haratago? Zer arauk debekatzen du udalbatza batek, gehiengoa izanez gero, kale horri izena aldatzea? Espainiarrek beraien nazioa batu zutenak goratzea ulergarria da. Baina euskaldunok?

Euskaldunoi ez digu ardura, antza. Isabelek eta Fernandok pozik segitzen dute Donostian. Gainera, garai berrietara moldatzen jakin dute, katoliko ugariren moduan: Isabel Prada jantzita doa, deabrua bezala. Mihi gaiztoek diotenez, Ameriketatik etorritako mutil gazte batekin ibiltzen da. Oso bikote exotikoa osatzen dute. Eta modernoa: mutilak hirukoteak egitea onartu du, Satisfyer izeneko maitale mihi trebearekin. Fernando ez da horregatik asaldatzen. Pintxo-potean ikusten dute ostegunero. Gustukoak ditu inguruko ostatu bateko jaki mexikarrak: takoak, entxiladak, guakamolea. Coronita eta Jose Cuervo. El cabrón izena idatzia du aurrealdean. Tabernak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.